Altzustan jokatuko da Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko ira. 30a, 00:00

Urri bigarrenaren 4an, zapatuan, Altzustako bolatokian jokatuko da Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea. Udalerria osotzen daben zazpi kofradietako ordezkariak izango dabe taldeka jokatzen dan txapelketa horretan parte hartzeko aukerea: Altzuak, Altzustak, Asterriak, Ibarguenek, Ipiñaburu-Undurragak, Otzerinmendik eta Uribek.

Taldea 4 bolarik osotuko dabe, bolari bakotxak 6 jaurtiketa egingo ditu, eta taldekide guztiak botatako txirloen batuketea hartuko da kontuan; beraz, txirlo gehien botaten dauen taldea izango da irabazlea eta bardinketea egongo balitz, gerrea jokatuko litzateke.

Aurtengo udan, bakarkako hiru txapelketa jokatu dira Zeanurin, Altzuan, San Juston eta San Lontzon, eta toki bakotxean sailkatu ziran lehenengo hiru bolariak jokatu eben Zeanuriko txapelketea San Lontzo bigarren egunean. Irabazlea Maximo Beitia izan zan eta bigarren eta hirugarren tokietan Jon Aranguren eta Felix Artetxe sailkatu ziran. Hiru bolari honeek kofradien txapelketan be parte hartuko dabe: Beitia Otzerinmendigaz, Araguren Ibarguenegaz eta Artetxe Uribegaz.


Bola jokoa desagertzeko arriskuan

Bola jokoa Arratiako eta euskal kulturako beste hainbat gauza lez, desagertzeko arriskuan dagoala ikusiz, bultzakadatxua emon gura deutse antolatzaileak txapelketeari. Gaur egun bola jokoa udan eta auzune gitxi batzuetako jaietan bakarrik jokatzen da, gazteen parte-hartze txikiagaz. Beraz, desagertzeko arrisku larrian dagoan kirol herrikoi honen biziraupena eta gazteak erakartea bilatzen dabe antolatzaileak. Juantxo Ozerinjauregik, antolatzaileen ordezkariak dinoanez, datorren udara begira umeentzat txapelketea antolatu gura dogu, ia animetan diran eta geure-geurea dan kirolari, boleari, ez deutsagun desagertzen ixten.


Babeslea eta laguntzailea

Kofradien arteko txapelketa hau antolatzea ezinezkoa izango litzateke erakunde eta enpresa pribatuen laguntzino barik, eta Zeanuriko Udalaren babesa eta Altzustan dagoan Ellauri Hoteleko Kiloterdi jatetxearen laguntzea izango ditu.

Sariak honako honeek izango dira: talde irabazleak 120 € eta kilo eta erdiko bi txuleta bere osogarriakaz bakalteko edo afaltzeko aukerea izango dau Kiloterdi Txokoan, Ellauri hotelaren jatetxean; 2. saria: 100 €koa izango da eta 3.a 80 €koa.

Txapelketea amaitu ostean, parrilladea egongo da Altzustara hurreratzen diran guztientzat, auzuneko txokoan, Altzusteko jai batzordearen eskutik.

Beraz eskuzuloak, txorra, sinka, txakile, zubile, txirloa, arrapea… eta bola jokoan erabilten diran beste berba batzuk entzuteko aukerea izango da Altzustan urriaren 4an, arrastiko 18:00etatik aurrera.

Osorik irakurri