Bai Euskarari sarien banaketa ekitaldia egingo da barikuan, urriaren 3an, Donostiako Basque Culinary Centerren, arratsaldeko 14:00etan. Urtero lez, hiru sari emongo dira: Bai Euskarari Laguna saria Kike Amonarrizek jasoko dau, eta Banaiz Bagara eta Mendia Optikea izango dira aurtengo ziurtagiridun sarituak.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkarteak jakinarazo dauenez, Banaiz Bagara alkartea sarituko da, alor sozioekonomikoaren bidez, etorkinak euskerara hurreratzeko egiten daben lanagaitik. Banaiz Bagara alkartea 2009an hasi zan beharrean Hernanin, beste herrialdeetatik datozenei euskerea eta euskal kulturea ezagutarazoteko asmoagaz. Halan da be, alkarteak oinarrizko komunikazinorako erabilten dauen metodo barritzaile eta malgua ez da etorkin kasura bakarrik mugatzen, arrazoi desbardinen ondorioz euskerea ez dakiten guztientzat baita erakargarria. Egun, Gipuzkoako hamar herritan dabil beharrean.
Alkartearen helburu nagusia biztanle guztien artean euskeraz biziteko aukerea emotea da, edozein diralarik euren ama-hizkuntzea, arrazea, ikas baldintza edo baldintza ekonomikoak. Esangura honetan, alkarte honek, lan munduari jagokozan egitasmoen bidez eta kultur, kirol eta hizkuntza transmisinoen bidez euskerearen eremuan herritarren alkar ezagutzea sustatu zein gizartearen barruko kohesinoa eta aukera bardintasunaren alde egiten dau lan.
Bestalde, Mendia Optikea aitzindaria da Gasteizen eta bertako ugazaba Kepa Mendia sarituko dau alkarteak euskerea optikearen munduan barruratzeagaitik eta arlo komertzialean be euskerearen alde egindako apustuagaitik.
Kepa Mendia Landa (Gasteiz, 1952) Optikari ikasi eban Madrilen. Bertan ikasi eban euskeraz, eta bertan euskaltzaletu, 1969tik 1973ra. Gero, artean bere buruari gazte eretxita, bertan geratu zan eta Ekonomia ikasi. 1976an itzuli zan jaioterrira. Gasteizko seminarioan Euskal Filologia abiatu ebeneko garaia zan eta ikasketa horreek be egin zituan, Koldo Mitxelena, Rikardo Zierbide eta beste zituala irakasle. Ondoren hasi zan optikari lanean, 32 urte zituala.
Lanean hasi orduko ekin eutson Kepa Mendiak publizidadea euskeraz egiteari. Bera zan itzultzaile eta asmatzaile, laguntzaileak izan bazituan be. Merkataritzan be euskeraz abiatu zan, bakarlari orduan. Egun, lanean segiduten dau, euskerearen alde Mendia Optikan, hizkuntzearen errentagarritasuna aldarri.
Beste alde batetik, Kike Amonarrizi 'naturaltasunez milaka lagun euskerara hurreratzen egindako lana' eskertuko jako Bai Euskarari Laguna sariagaz.
Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) Euskal Filologian lizentziautako soziolinguista, umorista eta telebista aurkezlea da. Oso ezaguna da euskaldunon artean, batez be euskal telebistan jardun dauelako aktore, gidoilari edo aurkezle lanetan: Hitz eta Pitz, Funtzioa, Hau da A.U., Beni ta Marini, Balinda, Bai zera, Txiskola, Sikofonia, Barrebusa, Mihiluze eta Tribuaren Berbak.
Tolosako Udaleko euskera teknikaria eta Siadeco alkarteko soziolinguistea izan da. Soziolinguistikearen ganeko berbaldi eta artikulu ugari egin ditu. Zeruko Argia aldizkarian hasi zan umorezko artikuluak idazten. Horrezaz gan, txiste liburu eta kaseteak egin ditu.
Bestalde, ekitaldi berean, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkartearen irudi barritua erakutsiko da eta webgune barria be aurkeztuko da. Alkarteko kideakaz batera egindako hausnarketa estrategikoaren emoitzea dira eta danakaz konpartiduko da aurkezpeneko momentu hori.