Hamar urte beteko ditu Durangoko Plateruena kafe antzokiak hilaren 28an, eta jai berezia eginez ospatuko dabe handik hiru egunera. Ospakizuna oraintsu aurkeztutako ... eta urte askotarako kanpainea zabaltzeko erabiliko dabe. Izan be, Plateruena eregiteko egindako inbersinoa ezin buelteteak proiektu osoaren bideragarritasuna zalantzan ipinten dau. Beñat Gaztelurrutiak kanpainearen nondik norakoak azaldu deuskuz, eta garagarrilean egindako Zidarbarritzen gogoeta-prozesuaren ondorioak bere bai.
1.- Hamar urte, Plateruena zabaldu zenduenetik. Zeintzuk izan ziran orduko asmoak edo amesak?
Durangoko Berbaro euskera alkarteak jentarteari egindako proposamen baten ondotik sortu zan. Proposamena zan Durangon kultur gune bat sortzea, ikuspegi euskaldun batetik, kultur arlo desbardinak landuko zituana eta topalekua be izango zana euskaldunontzat eta euskerara hurreratu gura daben guztientzat, euskal kulturea sustatzeko lehenik, eta munduko kultura eta hizkuntza guztietara zabalik.
Berbarok argi esan eban berak bakarrik ezin ebala hori egin, eta nahi be ez ebala nahi. Jentarteari egindako proposamen horretatik herri mobimendua sortu zan. Kooperatiba itxurea hartu eban, 900 lagunek martxan ipini ebena.
2.- Eta hamargarren urteurren honetan, Zilarberritzen izeneko gogoeta prozesua hasi zenduen. Zer dala eta?
Hasieratik, Plateruena eskualdeko kultur mobimentuak alkarlanean aurrera aterateko proiektu bat izango zala pentsau genduan; eta ekitaldiak programeteaz gan, eskualdean be eragin behar ebala, sustatzaile lana be garrantzitsua zala. Kultur egitasmoari jagokonez, Plateruena eten barik ibili da egokitzen, momentu beharrizan eta preminetara egokitzen. Ikusi besterik ez da egin behar egitarauak izan dituan aldaketak. Aurten, akaso, hori sakontasun handiagoagaz egin da, eta badauka zerikusia 10. urteurrenagaz.
Sasoian aldatzen dabilzala konturatu gara, eta asko aldatu dirala, eta momentua zala gogoeta sakona egiteko. Horretarako, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen laguntasuna izan dogu sei hileko gogoeta prozesuan.
Eskualdeko norbanako, kulturgile eta alkarteak konbidau ziran. Eurekaz konpartidu gura izan dogu proiektua, danon artean erabagiteko etorkizunean Plateruenak ze funtzino izan behar dauen Durangon eta eskualdeak ehun kulturala sendotzeko. Hori izan da garagarrilean aurkeztu genduan ondorioen oinarrria. Zidarbarritze prozesua garagarrilean ez zala amaitu esaten dogu, orduan hasi zala baino, etenbako prozesua izango da eta.
3.- Prozesu horren ondorioak zeintzuk izan ziran? Herritarren parte-hartzea bultzatzea aitatu dozue. Ze pausu emon dozuez edo emongo dozuez?
Hainbat lerro estrategiko erabaki ziran, baina nagusienetako bat izan zan kultur egitasmoa jentearen parte hartzeaz hornidu edo osotu behar zala. Etorkizuneko gure antolakuntzea egokitzeko orduan oinarri handi bat hori izan da. Kultur egitasmoaren inguruan, hiru talde sortu dira; bat komunikazinoaz arduratzen da, bestea bat programazinoaz, ulerturikprogramazinoa dala amaituta dagozan ikuskizunen kontratazinoa; eta hirugarrena, sustapenaz. Beraz, Plateruenari eragiletza lana autortzen jako, ez da bakar-bakarrik kontenedore bat ekitaldiak programetako, bada be eskualdeko kultur proposamenak sustatu eta laguntzeko espazioa.
Herritar dezente dago taldeetan antolatuta, 30 bat lagun edo. Lehen esan dodan lez, Zidarbarritzea ez da amaitu. Taldeka hasi garan lanean, baina taldeak zabalik dagoz, taldeak aldatzen eta eraldatzen joango dira, aberasten. Eten bako prozesua izango da Zidarbarritzea.
4.- Sustapen lan hori barria da, ala..
Akaso, kanpoko begitatik izan leike gauza barria, baina Plateruenak hainbat urte daroaz beharrean horretan. Zidarrezkoak deitzen dogun hori izango litzateke, baina hemendik aurrera ez dakit aldatuko jakon izena edo...
Orain arte kezka bat izan da sustapena, ahalegindu gara eskualde mailako alkarlana talde, kultur alkarte eta ikastetxeekaz gauzatzen proiektuak sortuz. Zidar astea moduko proiektuak, esaterako.
5.- Sasoiak aldatu dirala dinozu, ostalaritzearen ganean zabilz?
Konsumo ohiturak aldatu dirala nabaria da, ez bakarrik testuinguru ekonomikoagaitik, ez nabil ostalaritza zerbitzuaz bakarrik, kultur ikuskizunen inguruko ohiturak be asko aldatu dira. Dobako ikuskizunetara be ez da etorten jentea. Horren inguruan gogoetea egin beharra dago, horren zergaitia zein dan jakiteko, herritar batentzat kultur eskaintza bat noiz dan erakargarria ikusteko. Helburua ez da kulturea konsumidutea bakarrik, kultur agente aktibo izatea bere bai, kultur bizitzako kide edo partaide, eszenatoki ganean edo behean. Guk pentsetan dogu eskualde bertatik eta eskualderako bertarako proposamenak egitea posible dala.
6.- Gatxa da, beraz, jentea erakartea?
Bai, eta guk ez daukagu horren erantzunik. Asmau geinke jentea nekatuta dagoala orohar, eguna nekatuta amaitzen dauelako. Teknologia barriek lar beteten deuskue eguna, eta giza gaitasunak kubridu ahal dituan minutuak agortuta heltzen gara arratsaldera. Egunean pasetan doguzan minutuak zertan pasetan doguzan da kontua. Gura geunka kulturgintzeagaz lotutako ekintzetan emotea minutu horreek, eta ez ixtea azkenengo momenturako, eta nekatuta zagozanez ez joatea ikuskizun batera.
7.- Garagarrilean egindako gogoeta horren ondorioa da aurkeztu barri dozuen ...eta urte askotarako kanpainea. Zein da helburua?
Gogoetea hurrengo urteetako kultur egitasmoan oinarriak ipinteko izan zan. Egia da testuinguru ekonomikoa estutzen dabilela lau urtetik hona. Krisia edo dana dalako hau agertu zan gurean, eta oinarriak ipini barri doguzan kultur egitasmoaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan ipinten dau. Kultur egitasmoa blindau gura dogu, eta aurrera jarraitu ahal izateko diru-sarrera gehiago behar doguz, eta oraintxe tokau da kanpainea egitea. Ez da gogoteaz batera sortu.
8.- Zorrak pagetea, segurtasun ekonomikoa, da kanpainearen helburua.
Argi itxi gura dogu Plateruenako jarduerea bideragarria dala, urterik urte zorrik ixten. Ez da urtean sortzen dan zorra ordaintzeko, eskatzen doguna da laguntasuna Plateruena sortu zanean udal eraikin baten egin zan miloe eta erdiko inbersinoari aurre egiteko. 900 lagunek osotutako kooperatibea sortu zan. Ostalaritza zerbitzuagaz inbersinoari bueltea emotea pentsetan genduan, eta urterik urte kultureak sortzen eban gastuei aurre egitea. Kulturea defizitarioa izango zana aurreikusita geunkan, ostalaritza zerbitzuagaz ordaintzea zan gure asmoa. Horretan ibili gara urteotan, baina gaur egun diru-sarrerek ez dabe bermatzen bere sasoian egindako inbersinoa bueltau ahal izatea.
Bankuei 250.000 euro zor jakiez. Horregaitik ipini dogu martxan kanpainea. Diru hori itzultzea da proponiduten dogun erronkea. Bost urterako konpromisoa eskatzne dogu, 60 edo 120 euroko kuotak urtean, edo borondatezko lana. Eta trukean menu txartelak eta ikuskizunetarako sarrerak emongo deutsieguz.
10.- Nabarmen aldatu da ostalaritzea, asko igarri dau Plateruenak?
Kulturea defizitarioa izango zala bagenkien, eta pentsau genduan bai galera horrei bai inbersinoari berari aurre egiteko kapaz izango ginala. Baina ostalaritzan aldaketa ikaragarria egon da. Konsumo ohiturak asko aldatu dira, egunez batez be, eta gauez apenas konsumiduten da. Eguneko lanean be asko egin behar da burrukan. Azkenengo lau urtean beherakadea handia izan da.
11.- Kanpainan parte hartu gura izan ezkero, zer egin behar da?
Bide bat baino gehiago dagoz, erosoena gure webgunean bertan egitea da: www.plateruena.net. Erraz-erraza da. Argibide gehiago edo zalantzak argitzeko arreta bulegoa zabalik daukagu Plateruenan bertan, astegunez, 11:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara; eta, zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara. Edozelan be, bulegoan beti dago nonor, eta beste edozein ordutan tabernan bertan be bete leikez formularioak.
12.- Hilaren 31n jaia egingo dozue Plateruenan, eta Durangoko Azokan be zeozer antolatzeko asmoa daukazue, ezta?
Urriaren 28an, orain hamar urte, zabaldu genduan Plateruena. Aurten 31n ospatuko dogu, barikuz. Urtero egiten dogu ospakizuna baina aurten bereziagoa izango da. Kultur egitasmoa barriztauta daukagula eta kapainea martxan dagola, jai berezia izango da. Diru ekarpenetan parte hartzea ze garrantzitsua dan erakutsi gura dogu. Azoka sasoian kanpaineagaz lotutako jardueraren bat egingo dogu, aurrerago jakinarazoko dogu.
13. Eta etorkizunera begira, ze asmo daukaz Plateruenak?
Lehenengo eta behin kanpainea bera gauzatu. Abenduaren 31n amaituko da, nahiko tarte da ezagutzera emoteko. Kanpainearen emoitzen arabera, ikusi beharko da zer egin, bideragarria dan edo ez. Eta hortik aurrera erabagiak hartu beharko dira. Guk ez dogu irudikatzen Plateruena bako Durangalderik, horregaitik urtarrila, zezeila eta martirako egitaua atontzen gabilz. Baina Plateruena hemen egongo da kanpaineak arrakastea badauka. Aurrera begira, Zidarbarritzen-en oinarriak garatzen joango gara, lan-taldeetako jentea ahal danik eta gehien izaten, eta kultur egitarau herrikoiena sortzen. Gure begietatik ikusita oso gogora da Plateruena desagertzea, eta pentsetan dogu kanpoko begietatik be horrela izango dala. Plateruena topaleku bihurtu da askorentzat, espazio lez garrantzitsua. Guk ahalegin guztiak egingo doguz aurrera aterateko.