Eriz Moreno artista bilbotarra dogu Bilbao Artek aurten antolatu dauen produkzino propioko erakusketa barriko protagonista. 18/19/2013 izenburupean, argazkiak, bideoak, kartelak eta objetuak batu ditu, 2013an, Bilbao Arten egindako egonaldiko lanaren emoitza legez, aurten lehenengo aldiz aurkeztuko dituan beste lan batzuekaz batera. 18/19/2013 erakusketeak bariku arratsaldean zabaldu zituan ateak eta publikoarentzat zabalik egongo da Bilbao Arteko erakusketa-gelan urriaren 24ra arte, 17:30etik 20:30era bitartean astelehenik barikura, eta 11:00etatik 14:00etara bitartean zapatuetan.
Eriz Moreno da, 2013an bekea jaso eben 26 artisten artean, aurtengo edizinoko epaimahaiak Bilbao Artek Urazurrutiako 32an dauen aretoan banakako erakusketa bat antolatzeko aukeratu dituan zazpi artistetako bat. Aurten, 31 artista eta 2 kolektibo artistiko dabilz egoitza artistikoa Bilbao Arten egiten, Bilboko zentro honek BBK Fundazinoaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen deutsezan bekei esker.
Bilbon jaioa 1982n Eriz Morenok (Bilbo, 1982) EHUn ikasi eban, Arte Ederretako Master bat dauka La laguna Unibersidadean eta gaur egun Doktoregoa egiten dabil Leioako Fakultadean. Europan eta AEBetan beka eta sariak jaso ditu. 2013 eta 2014 urteen artean banakako erakusketa adierazgarrienak, Projekt Beton Szczecinek Herrialdeko Museoan (Polonia) eta Ararat Erevan-eko Arte Garaikideko Museoan (Armenia). Taldekoak 9980 km el horizonte que nos separa Domus Artium 2002 Museoan (Salamanca) eta Zerumuga Bilboko Guggenheim Museoan.
18/19/2013 erakusketan, Eriz Morenok Leipzigeko Gudua edo Nazinoen arteko Gudua deritxonaren jazoera historikoa aztertu dau, hiru data eta ikuspegi desbardinetatik: 1819, 1913 eta 2013, erakusketan ikonikoagaz, sinbolikoagaz eta errealagaz lotzen diranak, hurranez hurran. Urte bakotxa erakusketearen zati bat da, eta data bakotxari tratamendu desbardina emon deutsat, azaldu dau Morenok.
Lehenengo zatia 1813 urteari jagoko, orduantxe gertatu baitzan Leipzigeko Gudua, Napoleoni inoizko porrotik handiena ekarri eutsona. Erakusketan, Morenok egindako dokumentazino-lanaren emoitzea dago ikusgai, guduan parte hartu eben 6 herrialdeetako (Frantzia eta Varsoviako Dukerria, Errusia, Prusia, Suedia eta Austriaren kontra) museoetan bila ibili ondoren, jazoera historiko hori herrialde bakotxean zelan azaltzen dan bistaratzeko asmoz. Erakusketan, Napoleonen zaldi disekatuaren eta frantziar enperadorearen erropa eta kanpadendearen argazkiak ikus daitekez (normalean Parisko Armadearen Museoan egoten dira ikusgai), baita garai haretako jatorrizko kainoi-bala bat be.
Bigarren zatiak 1913raino eroaten gaitu, eta alderdi sinbolikoa dau ardatz, urte horretan Leipzigen Nazinoen arteko Guduaren oroimenez eregi zan monumentuaz irudikatuta. Artisteak monumentuaren inguruan ateratako diapositibak batzen dituan bideo batek eta zenbait argazkik osotzen dabe erakusketearen zati hau. Monumentua objektutzat erakustea da helburua, ahalik eta neutroena izateko asmoz, esan du Morenok, Nazinoen arteko Guduak Alemaniaren nazino-izaerearen eta germaniartasuna dalako kontzeptuaren hasierea markau ebala nabarmenduz.
Hirugarren zatia errealidadearen ganekoa da, eta erakusketearen alderdirik personalena da. Bertan, artisteak gogora ekarri dau Leipzigen 2013an egin zan Nazinoen arteko Guduaren antzezpena, 6.000 persona partaide izan zituana, 35.000 ikusle baino gehiagoren begiradapean. Horreen artean egon zan Moreno, eta Bilbao Arten ikusgai jarri dituan irudietan, beste persona batzuek guduaren antzezpena erretratetako erabili zituen argazki-kamerak agertzen dira. Horrezaz gan, bi bideo be pantailaratuko dira, bata ikuskizunari buruzkoa, eta bestea ikuskizunaren kontra protesta egiteko bakearen ikurra eroien banderak haizatzen dituen personei buruzkoa.
Lan osoa guduari buruzkoa da, baina ez da guduagaz zerikusia dauen ezer agertzen; gehiago interesetan jataz guduaren garaiko testuinguru sozial eta politikoak eta bakotxak zelan ulertzen dauen jazoera historiko hori, azpimarratu dau artisteak. Morenok erakusketea urrian antolatzeko eskatu eban, hile honetan 201 urte beteko baitira Nazinoen arteko Gudua jazo zala, hilaren 16tik 19ra bitartean, zehatz esanda.
Eriz Morenoren erakusketa honen ondoren, Bilbao Arteko aretoan aurtengo produkzino propioko azken erakusketea antolatuko da: Guardianes Mika Murakami artistearena (urriaren 31tik zemendiaren 21era).