'Herritarren bizipenetan oinarrituta emon deutsagu errealidadearen barri Adituen Batzordeari'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko urr. 7a, 00:00

Erregio edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren ebaluazinoa egiten dauen aditu taldea Bilbon izan da eta Kontseiluagaz eta Behatokiagaz batu da. Espainiako Estaduak Erregio edo gitxiengoen hizkuntzen Europako Itunaren beteteari buruzko laugarren txostena argitaratu ostean, honen azterketea (EAE eta Nafarroa) egin dabe bi erakundeek eta hori adituei aurkeztu deutse. Euskereak bizi dauen egoerearen barri zuzenean emon deutse, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasoten dituan herritarren bizipenak helarazoz.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik bilerea amaituta adierazpenak egin ditue medioentzat. Bilbaok Madrilgo Gobernuak gai honetan dauen jarrerea salatu eta azpimarratu dau Madrilgo Gobernuak ez deutsela inondik inora be erantzun Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak egindako gomendioei, ez eta Adituen Batzordeak egindakoei be eta gure ustez, oso larria da kontuan hartuta eskaera hau hiru ebaluazinoetan egin dala kontuan hartuta.

Estadu espainiarreko administrazinoagaz jarraituz, Bilbaok Estaduko agintarien txostenaz ondokoa esan dau: Esaldi batera ekarri geinke Espainiako agintarien txostena: Ez da egia esaten. Esan bezela, herritarren bizipenen bitartez egiaztatu ahal izan da hori eta hainbat adibide dagoala esan dau Kontseiluko ordezkariak, adituei aurkeztutako txostenean jasotakoak. Bi adibide aitatzearren, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean dana ele bietan dagoala jarten dabe. Inprimaki, eredu eta formulario guztiak itzulita dagozala esaten daben bitartean, gure kexek erakusten dabe ez dala holan. Eta egiaztatzea oso erraza dan beste kasu bat be nabarmendu daiteke. Espainiako Gobernuaren arabera, AENA erakundearen webgunea hizkuntza koofizial guztietan dago, bada gaur gaurkoz, gaztelaniaz eta ingelesez bakarrik ikus daiteke.

Espainiako Estaduak, Europako Ministroen Batzordeak justizian egindako gomendioei be ez deutse erantzuten; txostenean ez da agertzen epaitegietan euskaldunon eskubideak bermatuko dituen neurririk, eta gogoratu nahi geunke eremu honetan babes eraginkorrerako eskubidea, justizia-eskubidea eta defentsa-eskubidea be jokoan dagozala. Alde horretatik, uste dogu bai Batzorde honek, bai eta Ministroen Batzordeak be kezka agertu dauela eta oso gomendio zorrotzak egin deutsozala Gobernuari 9. artikulua behar bezela beteteko.

Euskal Autonomia Erkidegoari jagokonez, Behatokiko zuzendariak, hezkuntza alorrean dagoan arazoa benetan potoloa dala aitatu dau eta gizarteko beste esparru batzuetan dauen eragina nabarmendu dauela gaineratu dau. Derrigorrezko hezkuntzea amaitutakoan ikasleek eleaniztunak izan behar dabe eta hori bermatzeko ez da erabagi sendorik hartu EAEn. Bestetik, ikasketa mailan gora egin ahala, euskeraz ikasteko aukerak nabarmen murrizten dira'. Helduen euskalduntze alfabetatzearen inguruan be berba egin dau Petriatik, 'nekez ulertzen da berezkoa eta ofiziala dan hizkuntza bat ikasteko edo hobetzeko matrikula bat ordaindu beharra, gaineratu dau.

Herri administrazino eta zerbitzu publikoen alorrari jagokonez, Petriatik gaitzetsi dau korpus juridikoaren garapena arlo askotara atzerapenagaz heldu izana, izan be, horrek eragin zuzena izan dau administrazino zerbitzuen euskalduntzean. Esangura horretan, kontratazino politikek ez dabela asko lagundu be esan dau. Ez dauka ezelako logikarik langile erdaldunak kontratau eta ondoren denpora eta dirua gasteteak langile horreek euskalduntzen. Honegaz bat, gogorarazo dau 2012an, III. ebaluazino-aldian, Europako Ministroen Kontseiluak berak ohartarazo eban ez dala pausu nabarmenik emon eta hutsuneak dagozala alor horreetan.

Adituen Batzordeak ardura bizia agertu eban Ertzaintzearen inguruan eta honen harira, Behatokiko kideak bi gai aitatu ditu; batetik, Ertzaintzea sortu zanetik 30 urte pasau badira be, oraindino ez da normalizazino plangintzarik garatu eta bestetik, harremanak euskeraz ez bermatzeaz gan, agenteen tratu zakarra eta nagusikeria be salatu dabe herritarrek.

Aurreko ebaluazinoetan baltzune izan da osasun-zerbitzuen alorra, baina 2012an eremu honetan behar bezelako aldaketak egiteko dei zuzena eta berezitua egin eutsien administrazinoari. Gai honen harian, Petriatik esan dau herritarrek euskeraz jasoten daben atentzinoa ez dala asko hobetu eta neurri eraginkorrak hartu ezean nekez bete ahal izango dabela EAEko agintariek konpromisoa eta nekez bermatuko dituela herritarrek autortuak dituen hizkuntza-eskubideak. Azkenik, esan behar dogu harrigarria egiten jakula, konsumitzaile eta erabiltzaileen dekretutik zehapenak kentzen dituan araua hizkuntzearen aldeko lege moduan aitatzea; izan be zigorrak kendu izanak ez dau konsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko pausurik emoten. Euskaldunon oinarrizko eskubideen urraketea sistematizauko dauen atzerapausua da gure eretxiz, neurririk aurreikusten ez dauen lege orok ez dauelako ezelako baliorik, esan dau Behatokiko zuzendariak.

Espainiako Estaduak Erregio edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsi ebanean, estaduak errefusatu egin eban Euroitunaren III. Atala Nafarroa osora zabaltzea. Euskerea ofiziala dan eremuetan besterik ez eban aplikau. Aurreko zikloetan Estaduak, behin eta barriro esan eban euskerea ofiziala ez zan guneetan II. Zatia aplikauko jakola. Are gehiago, Adituen Batzordeak begi onez ikusi eban modu horretara zeozelako babesa jasoten ebalako zitzaiola euskereak.

Edozelan be, Espainiako Estaduak aurkeztutako txostenean, II. Atalaren balorazinoa egiten danean ez jako ezelako aitamenik egiten Nafarroari. Ondorioz, Euroituna berretsi zanetik itunaren monitorizazinoan atzerapausuak izan dirala esan behar dogu. Larria deritxagu, bestalde, Nafarroako Gobernuak hartutako hainbat erabagi eta neurri ezkutatu deutsozala Europako Kontseiluari, adierazo dau Petriatik.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzea euskeraz bermatzeko konpromisoetatik ez da bakar bat be beteten. Lehenari jagokonez, adibidez, Iruñeko Udalak 1087 eskaintzen ditu 14 haur eskolatan banatuta; horreetatik 160 plaza dira euskeraz eta guztiak Txantrea auzoan. Nafarroako Arartekoak berak ebazpena emon eban 2013ko maiatzaren 31n gai honen inguruan arazoa konponbidean jarteko eskatuz. Iruñeko Udalak, barriz, ez deutso jaramonik egin Arartekoaren gomendioari.

Gutxiengoen edo Eskualdeetako Hizkuntzen Gutunaren aplikazioaz 2012ko urrian Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluak egindako txostenak dinoanez, Nafarroako agintariek EITBren emonkizuna bermatu behar dabe, ez bakarrik euskal agintarien interesa dalako, euren betebeharra dalako baino; horrek esan nahi dau emonkizun kostuak bere gain hartu behar dituala.

Argi eta garbi azaldu eban Batzordeak konpromiso hau ez dala beteten eta, beharrezkoa izan ezkero EAEgaz lankidetzan, euskerazko telebista bultzatzeko eskatu eutson Nafarroako Administrazinoari. Bada, Nafarroako Gobernuak ez dau orain arte ezelako pausurik emon, ezta borondaterik azaldu be.

Euskalerria irratiari jarduteko lizentziarik ez emotea barrikusi behar ebala esaten eutson 2012an Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluak Nafarroako Gobernuari. Estaduaren IV. ebaluazino txostenean gomendio hau bertan behera ixteko erregutzen deutso Nafarroako Gobernuak Europako Kontseiluari Nafarroako araudiagaz, zein estadukoagaz eta Europakoagaz bat ez datorrelako.

Azpimarratu nahi dogu azken urteetako diru-laguntzen beherakada nabarmen eta etenbakoak, lehendik be larria zan egoerea areagotu egin dala azken hiru urtetan bai hezkuntzearen alorrean zein hedabideenetan be. Argi geratzen da hemen krisiaren atxakia erabili dauela neurriz kanpoko murrizketak egiteko. Eta, akaso, larriena da Nafarroako Gobernuak hartutako erabagi eta neurrak ezkutatu egin deutsozala Europako Kontseiluari.

Eskualdeko edo eremu urriko hizkuntzen erabilerea baimendu edo/eta sustatzeko konpromisoari jagokonez, herritarrek Behatokira helarazo dituen kexetatik ondorioztatu daitekeenez, eremu euskalduneko herritarrek jakinarazpenak euskeraz jasoteko duten eskubidea urratu egiten da oraindino be.

Nafarroako agintariek laugarren ebaluazino aldirako egiten daben txostenean kanpo eta barne seinaletika elebiduna dela aipatzen da Euskara Zerbitzua duten ia udal guztietan eta haien eskumenekoak diren kale-izendegiak eta bide seinaleak ere elebidunak direla baieztatzen da. Ez da Iruñeko Udalaren kasua.

Aurreko txostenean adierazitakoa berretsi beharrean gagoz; hau da, Nafarroako Gobernua, hizkuntza-errealidade bat ezkutatzen tematzen dala, eta euskerea ikusezin bihurtzeko politika darabilela, esan dau Behatokiko zuzendariak.

Autoridade administratiboei eta zerbitzu publikoei jagokonez, administrazinoagazko hartu-emonetan euskerearen erabilerea errazteko langile euskaldunen kopurua gehitzeko eta dokumentu arruntak oso-osoan euskeratzea proponidu eutson Ministroen Kontseiluak 2012an Nafarroako Gobernuari. Gauzak holan dirala, lanpostuen deialdi publikoetan euskerearen ezagutza alboratu dabe eta atzerriko hizkuntzei gero eta toki gehiago egin deutsee publizidade instituzionalean nahiz lanpostuak horniduteko deialdietan.

Osorik irakurri