Euskal sorkuntza barriak eta nazinoarteko konpainien presentzia adierazgarria izango dira ardatz Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen BAD-en — Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikide Jaialdiaren edizino barrian. Gure uriko hamar bat eszenatoki hartuko ditu urriaren 22tik zemendiaren 2ra. BAD 2014ko programazio osoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilbon Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Alicia Otxandategi BAD-eko zuzendariak.
Danetara, programazinoak 14 estreinaldi jasoten ditu —nazinoarteko lanak, Euskadi mailako estreinaldiak izango dira, eta ganerakoak erabateko estreinaldiak— eta jaialdiaren hiru koprodukzino lan, Olatz de Andrésegaz, Claudia Diasegaz eta Laurentzi Produccionesegaz, hain zuzen be. Azken produkzino lan hori izango da, hain zuzen be, BAD-en edizino hau zabalduko dauena, urriaren 22an, Arriaga Antzokian (20:00etan), Carlos Gilen testua eta Lander Iglesiasen zuzendaritzea dituan Cuarteto del Alba lanagaz.
Nazinoarteko programazinoari jagokonez, BAD-ek, Europa mailako antzerki dokumentaleko lan garrantzitsuenetako bi programau ditu: Italiako antzerki garaikideko artista entzutetsuenetakoa dan Pippo Delbono italiarraren Racconti di Giugno, Guggenheim Museoaren auditorioan, urriaren 28an, arratsaldeko 19:00etan eta jantzearen barrikuntzan eragin handiena dauen Jérôme Bel jantzari eta koreografoaren Cedric Andrieux, La Merceden, urriaren 25ean, gaueko 21:30ean.
Racconti di Giugno, Pippo Delbonok sortutako bakarkako lan bakarra da. Bertan bere bizitzea aztertzen dau, familiagaz, maitasunagaz eta antzerkiagaz lotuta; konfidentziaren eta konferentziaren erdibidean, ikus-entzuleakaz konpartiduten dau bere bilaketa existentziala eta antzerki munduari jagokona, eta hori, biziteko arteari buruzko ez ohiko lekukotzea da. Bitartean, Jérôme Belek, Cedric Andrieuxen, Merce Cunninghamen konpainiako jantzari ohi baten biografia sortzen dau. Belek lehen aldiz aurkezten dau Euskadin jantza garaikidetik egiten dauen ibilbidea, Cédric Andrieuxen bizitzako esperientzian oinarrituz.
Beste alde batetik, Lagartijas tiradas al sol konpainia mexikarrak Montserrat bakarkako lana aurkeztuko dau La Fundiciónen, urriaren 27an, gaueko 21:00etan. Lan horretan, Gabino Rodríguez mexikarra amaren bila hasiko da, errealidadearen eta fikzinoaren arteko mugan. Erreferentziazko konpainia da Mexikon, eta lehen aldiz heldu da Euskadira, honezkero Paris, Brusela edo Zurich lako jaialdietan izan ostean.
Horrezaz gan, BAD-eko edizino honek, Olga Mesa eta Olga de Soto lako bi artistaren lana ezagutzeko aukerea emongo deutse Bilboko ikus-entzuleei. Artista horreek hemen aurkeztuko ditue euren lanak, barriro be, urte luzez Estadutik kanpo lanean ibili ostean. Olga De Sotok aurrera jarraitzen dau jantzearen historiaren berreregite prozesuagaz, Tras las huellas de La mesa verde: Una introducción performance dokumentalean, La Merceden, urriaren 28an, gaueko 21:30ean. Valentzian jaio baina Bruselan bizi dan koreografo, jantzari eta jantza ikerlari hori, azken urteetan, Europako jantza garaikidearen alorrean gero eta indar handiagoa hartu dauen XX. mendeko jantzearen memoria ikertzeko eta berreskuratzeko mobimentuaren bultzatzaileetakoa da. Igaz, Belgikako Egile eta Konposatzaile Dramatikoen Alkartearen Sari Nazionala jaso eban, Arte Eszenikoen kategorian, bere ibilbideagaitik.
Olga Mesa koreografo eta ikus-artisteari jagokonez, bere ezaugarri nagusiak, esperimentazinoan oinarrituz ikus-arteak eszenara eroatea eta hizkuntza intimoa eta personala sortzea dira. Kamarea bere konplize bilakatu dau, eta hari esker espazioaren/denporearen esperientzia eta begiradak, antzezlearen eta ikus-entzule/subjektuaren eta objektuaren arteko formulazinoa buztartzen ditu. Bere sorkuntza lanak Europan, Hego Amerikan, AEBetan eta Afrikan aurkeztu ditu. La Merced aretoak jasoko dau, urriaren 31n, gaueko 21:30ean, Carmen: Shakespeare Acto 1 lanaren Euskadiko estreinaldia.
Nazinoarteko programazinoaren barruan, BAD-ek produzidutako bigarren piezearen estreinaldia be azpimarratu behar da, Marco Canalek, 2011. urtean ikusi ahal izan zan La puta y el gigante lanaren ondoren egin dauen bigarren piezea. El futuro empezó ayer lanaren erabateko estreinaldiak emongo deutso amaierea jaialdiaren edizino honi, zemendiaren 2an, arratsaldeko 20:30etik aurrera, La Merceden. Antzerki biografikoaren barruan dagoan lan hori, minari buruzko lana izan zan hasieran, bere etxean, familia barruan, bizi izandako umezaroko minari buruzkoa. Marco Canaleren lanak, bizitzak eta antzerkiak bat egiteko eta alkar elikatzeko ahaleginak egiten dituen prozesuetatik sortzen dira.
BAD 2014ko nazinoarteko programazino guztia antzerki dokumental eta biografikoan dago oinarrituta, eta Pablo Fidalgo idazle eta sortzaile eszenikoagaz alkarlanean, Europako eta Latinoamerikako alor horretako artista garrantzitsuenak aukeratu dira.
Euskal sorkuntza barria
Aurtengo programazinoaren beste ezaugarri bat, euskal sorkuntza barriaren barruan sartu daitekezan konpainien presentzia garrantzitsua da. Konpainia horreek euren azken lanak aurkeztuko ditue ikus-entzuleen aurrean. Holan, Metrokoadroka & J.B. Pedradasen Salto (euskeraz), Horman Posterren Magia Sinpatikoa jantza-performance eleanitza (euskeraz), Khea Ziaterren Not (never on time) eta Naiara Mendioroz & Javier Murugarrenen Bi - hots erabateko estreinaldiak izango dira.
Azpimarratu behar da, baita be, BAD-ek oso esfortzu handia egin dauela eszenako produkzinoari laguntzeko, jaialdian estreinauko diran zenbait koprodukzinoren bitartez. Laurentzi Produccionesen Cuarteto del Alba, Olatz de Andrésen El cielo ahora, Claudia Dias artista portugesaren Algo valioso se agota eta Sleepwalk Collective taldeagaz produzidutako Domestica lanak dira. Azken horren produkzinoan Terrasako Joera Barrien Jaialdiak be hartu dau parte, eta bertan aurkeztu zan irailaren 27an.
Olatz de Andrés, koreografoa eta Muelle 3 jantza eta sorkuntza gunearen kudeatzaileetako bat da. Urriaren 25ean eta 26an La Fundiciónen estreinauko dan El cielo ahora lanak El Conde de Torrefielen laguntza dramaturgikoa dauka. Privolva bere azken lanagaz, hori be BAD-en estreinautakoa, Madrid 2013 Koreografia Lehiaketearen lehen saria irabazi eban.
Beste eszenatoki batzuk
Bilborockek ikuskizun bakarra jasoko dau aurten, Euskadin BAD-en barruan estreinauko dana. Playgrounden (Xavier Bobés) Monstruos lana da. Playground, 2003an Xavier Bobések sortu eban objektuen antzerki konpainiaren izena da. Playground jolas eszenikoa be bada, eguneroko objektuaren munduaren lan eta ikerketa metodoa, fantasiazko munduan gertatzen diran testuinguru harrigarrietako diskurso barriez horniduta. BAD-en lankidetza aktiboa dauen Terrassako TNT jaialdiaren koprodukzinoa da. Leku kopuru mugatua dauen ikuskizun horrek bi emonaldi izango ditu, urriaren 29an.
Barrikuntza lez, BAD-en edizino hau, Cielo raso konpainiaren jantza ikuskizun bategaz inaugurauko da, Arriaga plazan (Urriak 22, arratsaldeko 19:00etan). Carnaval, 20 minutuko pieza laburra da.
Beste proposamen batzuen artean, BilbaoArtek bideo-sorkuntza atala jasoko dau beste urte batez, Zinebigaz alkarlanean, jantza eta antzerki garaikideagaz lotutako film laburrak eskainiz. BilbaoArte izango da, baita be, film laburrez osotutako saioaren aurrekari izango dan North Star Canada 240 (15 min.) lana eskainiko dan eszenatokia. Lan horrek saria irabazi eban Madrid 2012 Koreografia Lehiaketearen 26. edizinoan.
Ruemaniak euskal konpainiak Sergei aurkeztuko dau. Eskainiko dan lekura, Deustuko kiroldegira, egokituta dagoan ikuskizuna (site — specific). Leku kopurua 40 personakoa izango da emonaldi bakotxean. Mugatua izango da, baita be, Macarena Recuerdaren That´s the story of my life performanceak jarraitzeko leku kopurua, urriak 25, arratsaldeko 19:30ak, Errekalde Aretoa.
Pofesionalentzat
Ohikoa danez, BAD-ek lekua gordeko dau prestakuntzarako eta profesionalen arteko esperientzien trukaketarako. Holan, Muelle 3k, master class trinkoa jasoko dau Pippo Delbono antzezle, zuzendari eta orain zinemagile be badan artistearen eskutik. Pippo Delbonok bere lan egiteko moduari, erkidegoan biziteari eta, Bobó bere antzezle fetitxearen aurkikuntzeari buruz berba egingo dau. Horrezaz gan, Macarena Recuerdak Cuentame en imágenes tailerra eskainiko dau urriaren 27an eta 31n BilbaoArten, ikusten danaren bitartez narrazino posibleak eraegiteari buruzkoa. Tailer hori, urriaren 25ean bere That´s the story of my live lana Errekalde Aretoan eskaini ondoren etorriko da. Lana, objektuen animazinorako stop-motion teknologiaren bitartez kontautako ikus-entzunezko autobiografia da.
Euskadiko Jantza Alkarteak (ADDE) mahai-ingurua antolatu dau urriaren 25ean, Errekalde Aretoan, euskal jantzen internazionalizazinorako zenbait proposamen aztertzeko helburuz.
Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dabe txarteldegian erostean, eta 8 euro aurretiko salmentan edo internetez erosten badira. Aurreko ediziboetan lez, BonoBad erosteko aukerea egongo da, 20 eurokoa (3 ikuskizun) eta 50 eurokoa (10 ikuskizun). Prezioei, aurretiko salmenteari eta erreserbei buruzko informazino guztia jaialdiko webgunean (www.badbilbao.com) jaso daiteke, eta urriaren 14tik aurrera, Errekalde Aretoan egongo dan informazio bulegoan.