Latigo kolpez egindako lana dakarre Eskean Kristö arratiarrek

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko urr. 8a, 00:00

Azkue Fundazinoaren Banden Lehia musika lehiaketea irabazi barri, diskoa plazaratu dau Eskean Kristö taldeak, Azote Kaldüz izenburuagaz (Baga Biga). Rock&roll klasikoa eta letra gordinak buztartu ditue lan berezi honetan. Niko Etxarten doinuak dira arratiarren inspirazino iturri nagusietako bat eta Zuberoako kantariaren beraren ahotsa entzungo dogu abestietako baten. 2013ko Banden Lehiako irabazleak izan ziran Eskean Kristökoak. 2014ko edizinoa be martxan dago, euskerazko musika talde gazteei zabalik.

Eskean Kristö taldeko kideek, gazteak izan arren, eskarmentua euki badaukie musikearen munduan. Taldea bera, 2013an sortu eta maketea atara eben. Orain, Banden Lehia irabazita, disko luzea argitaratzeko aukerea euki dabe. Azote Kaldüz esamolde zuberotarra (latigo kolpez esan nahi dau) aukeratu dabe izenburutzat, izan be, Pello Artabe abeslariak azpimarratu dauenez, latigo kolpez modura eginiko diskoa da, gogorra, barrutik urtendakoa. Rock&rollaren oinarrira jo dabe euren soinuaren bila eta AC/DC lako talde ezagunen antzeko musikea topau dabe. Ohituta gagoz holako musikea ingelesez entzutera, baina zergaitik ez euskeraz egin?, esan dau Artabek. Esan eta egin, diskoko abesti guztiak euskeraz dira. Gehienbat euskera batua erabili dabe, baina Arratiako berba batzuk be sartu ditue.

Disko erradikala da Azote Kaldüz, taldekideen esanetan. Letrak eta ideiak gordin azaldu ditue, ezer ezkutau barik. Inguruko injustizia eta egoera bidebakoak ikusita osotu ditue kantak, rock&rolla aldarrikapenerako erabilita. Diskoaren ezaugarririk deigarriena, baina, Niko Etxarten kolaborazinoa da. Eskean Kristören ereduetako bat da zuberotarra, aintzindaria izan zan rock&rolla euskeraz egiten, dinoe arratiarrek. Halandabe, ez zan erraza izan Etxartegaz bat egitea, Pello Artabek kontau dauenez: Niko Zuberoan bizi da, Altzain, telefonorik be ez dauka eta ez da erraza haregaz kontaktua egitea. Hori bai, behin hitzordua eginda, Altzaira joan ziran Eskean Kristökoak eta besoak zabalik hartu zituan Etxartek: Bertsino batzuk joten hasi eta berehala erabagi eban lagunduko euskula. Artaberen esanetan, Etxart tipo magikoa da, rock&rolla transmitiduten daki, ederto konpondu ginan beragaz. Latigo izeneko abestian entzun geinke Etxarten ahotsa. Diskoaren izenburua be, berak proponidu eban.

Diskoaz ganera, Eskean Kristök BBK Live jaialdian joteko aukerea euki eban udan, Banden Lehiako irabazlea zan ezkero. Esperientzia arraroa izan zan, horrenbeste talde ospetsu eta gu, euskeraz abesten genduan bakarrak, gomutau dabe taldekideek, kanpotar eta era berean ikuskizun haren parte sentiduten genduan geure burua. Esperientzia ona izan zala nabarmendu dabe. Banden Lehia ez eze, Bartzelona Sona Lehiaketea be irabazi eban igaz Arratiako taldeak, bultzada handia emon deuskue lehiaketek.

Urriaren 1ean hasita, Banden Lehiaren 6. edizinoa martxan dago, Eskean Kristören lekukoa nork hartuko dauen jakiteko. Jokoan dago diskoa grabetako aukerea eta BBK Liven joteko txartela. Euskerazko talde gazteek parte hartu leikee, helburu nagusia euskereren erabilerea gazteen artean bultzatzea dalako. Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendariak esan dauenez, euskerea bizitzako esparru guztietan erabiltea da asmoa, horregaitik, Eskean Kristö moduko taldeak eredu dira, gazteek ikusten dabelako musika ona egin leitekeala euskeraz. Banden Lehiaren ezaugarrietako bat alkarlana da, Azkue Fundazinoko Yurdana Akasusok azpimarratu dauenez. Izan be, eragile askok parte hartzen dabe antolakuntzan (Bizkaiko Foru Aldundia, Azkue, Baga Biga eta abar). Teknologia barriakaz daukan harremana be nabarmendu dau Akasusok: Izena emoteko, botoa emoteko... gauza askotarako erabilten doguz teknologia barriak Banden Lehian. Orain arteko bost edizinoetan, 200 taldek parte hartu dabela azaldu dau.

Osorik irakurri