Aurten be, zinemeak, Giza Eskubideen urraketa larrien ondorioei buruz eta ondorio horreek gaindituz bizikidetzea eregiteko moduen ganean gogoeta egitea ahalbidetzen dauen bide egokia dala frogatu dau, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak Bilboko Alondigako Golem zinemetan, urriaren 13tik 16ra bitartean, antolatu dauen Zinexit erakusketeari esker. Aurten, zinemearen zeregin hezitzailea indartzeko asmoz, zikloak, umeei zuzendutako saio berezi bat eta Bilboko Udaleko Bardintasun, Lankidetza eta Herritarren Saileko Bosa! Aniztasunaren aldeko eta Bazterkeriaren kontrako Programeak aukeratutako sei film labur gaineratuko deutsoz aurreikusitako programazinoari. Zinexitek bost film eskainiko ditu aurtengo edizioan. Zikloa astelehenean, hilak 13, 20:00etan hasiko da, ‘Reconciliacion’ filmaren erabateko estreinaldiagaz. Sarrera dobakoa izango da aforoa bete arte.
Hasierako saioan, bertaratutakoek, Fermin Aiok Donostian gotzain ibili zan Juan Mari Uriarteren liburuan oinarrituta landu dauen Reconciliación izenburuko dokumentalaren erabateko estreinaldiaz gozetako aukerea izango dabe. Berrogeita hamar minutuko filman ETAren, Komando Autonomo Antikapitalisten, GALen eta polizia-abusuen biktimen seme-alabak batu ditu, euren artean berba egin eta indarkeriaren ondorioez eta horreek gainditzeko premineaz eta gaitasunaz gogoetea egin deien. Egileen esanetan, filma biktimakanako hurreraketa emozionala da, eta bere helburua, etorkizunera begira biktimen samina aintzakotzat hartu eta bizitzan aurrera egitea erraztuko deutsen ikuspuntu bat bilatzea da.
Uriarteren hausnarketakaz batera, filmak testigantza barriak be eskaintzen ditu: 1977an polizia-abusuen biktima izan zan Francisco Javier Nuñez Fernandezen alaba Ines Nuñezena, eta Komando Autonomoek hil eben Juan Manuel Garcia Corderoren seme Iñaki Garcia Arrizabalgarena. Gainera, bi muturretako biktimen ondorengoen arteko alkarrizketak aurkezten ditu. Alkarrizketa horreetako batean, aurrez aurre azaltzen dira Edurne Brouard, GALek hildako Santiago Brouard HBko militantearen alabea, eta Fernando Garrido, ETAk hildako Rafael Garrido jeneralaren semea. Beste batean, parez pare jesarri dira Andoitz Korta, ETAk hil eban Joxe Mari Kortaren semea, eta Pili Zabala, GALek hil eban Joxi Zabalaren arrebea. Horreez gan, Josu Elespe eta Sara Buesa be agertzen dira, ETAk hil zituan Froilan Elespe eta Fernando Buesa politikari sozialisten seme-alabak, hurranez hurran.
Martitzenean, 19:30ean, Circles filmak Balkanetako gerratik osatu barik geratu diran zauriak ezagutarazoko deutsoz publikoari. Igazko Sundance Jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso eban film honek Srdjan Aleksic soldadu serbiarraren istorioa dau oinarri, bere lagunek zibil bosniar bat hiltea eragotzi ebalako. Keinua bizitzaren prezioan pagau eban. Hamabost urte geroago, 2008an, Serbia, Alemania, Frantzia, Kroazia eta Esloveniaren arteko koprodukznio honek Aleksicen oroimena berreskuratu eban, senide eta lagunen ahotik, eta serbiarrak salbau eban gizonaren ahotik. Srdan Golubovic zuzendariaren berbetan, holako egitada heroiko eta errukitsu batek ekintza onak eragin eta petsona hobeak bihurtzen ete gaituan gogoetea egitea da film honen helburu nagusia.
Eguzateneann, 19:30ean, zikloak Indiako kasta-sistemearen errealidade gordina eta emakumeakanako diskriminazinoa aztertuko dau, jaiotzez miseria gorrian bizitera eta genero-desbardintasunen biktima izatera kondenauta dagoan Thulasi izeneko 'ukiezin' baten istorioaren bitartez. Thulasik halabeharrari aurre egitea erabagi dau, eta horretarako biderik onena boxeoan jardutea dala konturatu da, Gobernuak eliteko kirolariei emoten deutsezan beka horreetako bat lortuz. Susan Ostergaardi eta Beathe Hofsethi Amsterdameko 2013ko IDFA jaialdiko Oxfam Saria eskuratu eta mobimentu feministan harrera parebakoa lortzen dagoan Light fly, fly high filmak lau urteko jarraipena egin deutso Thulasiri, burrukarik latzenak ringetik kanpo dagozala egiaztatzeko.
Zinema-ziklo honen bosgarren edizinoa amaitzeko, eguenean, 19:30tan, Lasa eta Zabala pantailaratuko da, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren desagerpenaren ikerketaz Donostia Zinemaldian estreinau barri dan filma. Pablo Malo zuzendaria eta Joanes Urkixo gidoilaria kasuaren sumarioan oinarritu dira istorioa lantzerakoan, eta ondokoa egiaztatu ahal izan dabe, muturretan bizi garela oraindino, oso gatxa dala jarrerak alkartzea eta batak bestearen mina aintzat hartu eta ulertzea. Filmaren helburua, bakotxak jagokozan ardurak bereganatzea da, leihoak edegi eta aire barria sar daiten.
Umeak eta gazteak
Aurten 25 urte bete dira Umearen Eskubideei buruzko Nazinoarteko Hitzarmena sinatu zala. 193 herrialdek sinatu daben Hitzarmen hau aho batez onartu eban Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989ko zemendiaren 20an. Hezkuntza eskubidea lantzearren, zikloaren bigarren saioa 10:00etan hasiko da, umeei zuzenduta programau dan lehenengo emanaldiaz, Zinexit Eskola sail barriaren barruan. Holan, Lehen Hezkuntzako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek (sei eta hamar urte tartekoek) Tormeseko Itsumutila pikareskako klasikoaren marrazki bizidunetako bersinoaz gozetako aukerea izango dabe. Hauxe dogu, giazko Donostia Zinemaldian euskal zinemagile baten ibilbideari eskainitako Zinemira Saria irabazi eban Juanba Berasategiren azken lana.
Gainera, zinemearen balio hezitzailea azpimarratzeko, eguazten eta egueneko programazinoan, zikloak, Bilboko Udaleko Bardintasun, Lankidetza eta Herritarren Saileko Bosa! aniztasunaren aldeko eta diskriminazinoaren kontrako programeak 12 eta 16 urteko gazteentzat aukeratutako sei film labur proiektauko ditu. Film labur horreek –bi saiotan eskainiko dira eguaztenean, eta saio bakar batean eguenean– bizikidetzearen eta bardintasunaren alderdi desbardinak jorratuko ditue. Ondokoak dira saio horreetan eskainiko diran lanak: El doctor, El tío, Alia, Gris, Stop eta La boda.
Solasaldiak
Film guztien proiekzinoen ondoren, eretxiak eta iruzkinak konpartiduteko solasaldi bat egingo da (umeentzako saioko filmean izan ezik):
Astelehena, urriak 13 (Reconciliación):
- Fermin Aio, filmaren zuzendaria.
- Dokumentalaren protagonista batzuk.
Martitzena, urriak 14 (Circles):
- Patricia Barcena, Cear Euskadiko zuzendaria.
- Redzija Subasic, Euskadin bizi den errefuxiatu bosniarr.a
Eguaztenaa, urriak 15 (Light fly, fly high):
- Ainhoa Zugasti, Amnesty Internationaleko ekintzailea, Zuzenbidean lizentziatua eta Ekintza Humanitarioko Masterra dauena.
Eguena, urriak 16 (Lasa eta Zabala):
- Pablo Malo, filmaren zuzendaria.
- Unax Ugalde, antzezlea.
Zinexit
Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzearen menpeko Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktima eta Giza eskubideen aldeko Zuzendaritzeak antolatutako Zinema erakusketearen 5. edizinoa da. Lehenengo edizinoa Bilbon egin zan 2010ean, Bizikidetza Demokratikoa eta indarkeriaren deslegitimizazino Planaren barruan (2010/2011). Ekimen honek, bakearen eta bizikidetzearen kulturea sustatu nahi dau, duintasunean eta oinarrizko giza eskubideen errespetuan oinarrituta, eztabaidarako eta ideiak aurrez-aurre jarteko herritarren espazio sozialak sustatu nahi ditu, alkarren arteko errespetua, oinarrizko printzipioak eta baloreak izanik.
Heziketarako erreminta sozializatzaile eraginkorra da zinemea, ikuslea errealidade desbardinak bizitera eroaten dauena, eta gizarteko injustizien aurrean, zentzu kritikoa sortarazoten dauena. Esangura honetan, Zinexit ekimena, bakerako bidean, heziketa bat emotea dau helburu, bizikidetza eta ezagutza moduan ulertuta, hausnarketa eta giza eskubideen sustapenerako baliogarri. Aurreko edizinoetan lez, erakustaldi hau giza-pedagogiaren proposamen bat da eta bere helburua, publikoak Giza Eskubideen eta Bizikidetza Demokratikoaren arloko zenbait edukiren inguruko eskaerak bideratu nahi ditu, eztabaida guneak sortu asmoz.