Beste edozein egunetan lez, Chen Guangbiao bizikletaz heldu da bere enpresara. Baina, badaki bisitari bat daukala zain atean, eta beraz ez dau aukerea galtzen mundu osoan ezagun egin dauen personaia zelebrearen ezaugarriak nabarmentzeko. Sano aberatsa da, eta polemikoa, bere buruari Txinako filantropo nabarmenena esaten deutso. Bostekoa emon orduko hasten da ikuskizuna. Bizikleteagaz txirinbuelta batzuk egiten ditu, eta ezer esan barik, jesarleku edo zelaren atzekoaldeari usigi eta altxau egiten dau. Publiko guztia ahoa zabalik dauka.
Histrioi baten irudia da. Etxekoak eta kanpokoak harritzen ditu Txina hobeago bat eregiteko daukan proposamen berezien zerrenda luzeagaz. Hemen, adibide batzuk: aire garbia potoetan saltzen hasi zan, herrialdeak daukan kutsadura ikaragarria salatzeko; Mercedes auto bat apurtu eban zulotzeko makina handi bategaz, herritarrak bizikletea erabiltera bultzatzeko; Taiwan lurralde matxinatuan dirua banatu eban probreen artean; eta, igazko abenduan, The New York Times egunkaria erosteko eskaintzea egin eban,
eta bertan, egun batzuk lehenago, publizidade orrialde bat ordaindu eban estadubatuarrei jakinarazoteko Diaoyu ugarteak Txinarenak dirala, eta ez Japoniarenak.
Dana dala, bere beharginek dinoenez, zelebrekeriak marketing hutsa dira, eta horren atzean egitura intelektual sendoa dauka. Izan be, Chenek lortu dau ezerezetik daukan guztia eregitea, laguntza barik eta Alderdi Komunisteagaz ezelako loturarik izan barik. Ganera, egin dauen dirutzea (550 miloe bat euro, Hurun institutuak urtero argitaratzen dauen txostaneran arabera) birziklapenaren alorrari esker lortu dau: Nanjing urian zuzentzen dauen enpreseak botatako eraikinen obra-hondakinak erabilten ditu eregiteko material barri bihurtzeko. Kontzientziadun ekintzailea zara, eta horregaitik errespetetan zaitut, esan eutson aurreko lehen ministroak, Wen Jiabaok.
Benetako Chenek serio eta berbak ondo neurtuta jarduten dau. Baina, Chen hori argazki makinea behin amatauta, bere bulegoan jesarten danean agiri jaku. Umetako jazoerak erabiliz abiatzen dau barriketaldia bere erabagi deigarriak azaltzeko. 1968an jaio nintzan, etxe pobre baten. Oilo bi geunkazan, eta gure diru-sarrera bakarra eurek egiten zituen arrautzen salmentatik ateratakoa zan. Neure neba-arreba bi eta zortzi osaba-izekotatik zazpi gosez hil ziran Iraultza Kulturalean (1966-1976), eta bizirik banago auzokoekaitik da, eurek euken jateko apurra geugaz banatu ebelako. Orduan ulertu neban karidadearen esangurea eta garrantzia.
Bederatzi urte zituala gizakien izaerea ezagutzeko beste aukera bat izan eban. Ez geunkanez nire matrikulea ordaintzeko dirurik uda osoa emon neban pozu batetik ura atera eta saltzen. Herriraino joaten nintzan, kilometro batera. Soberan geratu jatan diruagaz auzokoaren semearen matrikulea ordaintzen lagundu neban, eta horregaitik irakasleak papelezko izar gorri bategaz saritu ninduan. Besterik ez neukanez, surreko moko bat erabili neban bekokian inketako, danak ikusteko moduan. Hurrengo egunean, hainbat ume laguntzen hasi ziran neurea moduko izarra lortu guran. Orduan konturatu nintzan ez dala nahikoa gauzak zuzen egitea, beharrezkoa da egin dozun hori erakustea ahal danik eta jente gehienaren eredu izateko.
Hori da, hain zuzen be, Chenek txinatar dirudunen artean eragin gura dauena. Bere eszenaratzeek komunikabideetan lortzen daben oihartzunaren bidez erantzukizun soziala biztu nahi dau. Basokada bat ur euki ezkero, edan egiten dozu, eta balde bat euki ezkero, etxean gordeten dozu; baina erreka bat badaukazu, partekatzen ikasi behar dozu. Ezin geinke ahaztu gure dirutzea Deng Xiaopingek abitutako edegiera politikeari eta herri oso baten beharrari esker lortu dogula, dino te berdea esku batean daukala, eta besteak fozhu egurrezko eskuturreko budistearen bolei eragiten deutsiela.
Momentuz, gitxik hartu dabe eredutzat. 358 txinatarrek mila miloe dolar baino gehiago euki arren (AEBetan bakarrik dagoz gehiago) 2012an % 4 besterik ez eben emon - 10.000 miloe dolar- ongintza kontuetarako superpotentzia amerikarreko aberatsen aldean. Eta igaz Txinako ehun filantropo handienak (200.000 miloe euro ditue, gitxi gora-behera) Facebookeko sortzaile Mark Zuckerberg eta emazteak baino gitxiago emon eben. Dirudun txinatar gehienek gurago dabe zuhurrak izan eta Gobernuaren arretea ez biztutea. Ganera, ongizate erakundeekaz ez dago konfiantza handirik, hainbat eskandalu izan dira eta. Ganera, ez dago legedi zehatzik dohaintzak arautzeko, azaltzen dau Liu Weixiong Fudaneko Unibersidadeko Ekonomia irakasleak.
Zoritxarrez, Txinak gauza materialen arloan asko aurreratu dauen arren, giza kalidadeari jagokonez, herritarren garapena askoz txikiagoa da, ganeratzen dau Chenek. Zekenkeria eta hurkoaganako errespetu faltea dira nagusi. Inguratzen gaituezan eskandalu guztiak ikustea besterik ez dago. Bardin da jentearen bizitzea arriskuan ipinten bada galdutako jatekoekaz edo errekak kutsatuz, espresario asko edozer gauza egiteko prest dagoz, dirua erraz eta arin irabazi gura dabe. Ingurumenaren kontura aberasten dabilz, danon baliabideak diranak hondatuz, eta agintari ustel batzuen babesagaz. Baina, izan daiteke gaur arrakastatsu diranak bihar kartzelan egotea, dino Chenek, Xi Jinping presidenteak ustelkeriaren kontra abiatu dauen kurutzadea gogoan daukala. Maila goreneko politikari bi daborduko harrapau ditue: Bo Xilai Chongqing urian Alderdiko idazkaria izandakoa eta Zhou Yongkang Segurtasun Publikoko buru izandakoa eta Politburoko kidea.
Orain urte asko dirua zintzo irabaziko nebala agindu neban: gogor egin behar, zergak ordaindu eta funtzionarioak erosi barik. Armadan sartu nahi izan nebanean jazo zan. Lau urte jarraian suspendidu nituan azterketak, gakoa zein zan azaldu eustien arte; barruan ezagunik euki ezean, ofizialen bati ordaindu behar jako, tabakoagaz bada be. Orduan, atzera egin neban. Errazoi beragaitik ezin izan eban Alderdi Komunistan afiliau. Hamar urtegaz botilak batzen hasi nintzan birziklatzeko, eta hamalaugaz 14.000 yuan sartu nituan bankuan, kristoren dirutzea nire herriko -Sihong, Jiangsu eskualdean- nerabe batentzat. Proiektore bat erosi neban diruagaz propagandako pelikulak erakusteko, esaterako Lei Fung heroiarenak. Eta azkenean nire tailer mekanikoa zabaldu ahal izan neban.
Ostean, 1990eko hamarkadan, Chenek Txinatar Medikuntza Tradizionala ikasi eban, eta bere lehenengo arrakastea lortu eban: akupuntura gailu bat patentau eban, erradiazino txikikoa, hainbat gaixotasun diagnostiketako balio dauena. Makina hau salduz, gero eta gehiago aberasten hasi zan. Baina epe luzera begiratzeko daukan gaitasunari esker sartu da 300 txinatar aberatsenen zerrendan. Orduan hasi zan eraikuntzako 'booma' eta etxe piloa botaten ziran. Hondakinak ez zirala aprobetxetan konturatu nintzan. Zeozertarako balio ahal izan ebela pentsetan eban, eta zuzen ebilen. Birziklatuz be dirua irabazi daitekela erakutsi eban, eta bide batez ingurumena jagon. Nire arrakastea ez da kasualidadea, eta uste dot ames txinatarraren erakusgarri nazala. Baina Alderdiko karnetik ez daukadanez, gehienek ez dabe onartu nahi. Abertzalea naz, Txina maite dot, baina ez bere funtzionarioa".
Hurrengo erreportajean alkarrizketa esklusiboa Chen Guangbiaori.