Zezeilaren 12ra arte bialdu daitekez beharrak CAF enpreseak eta Elhuyar Fundazinoak antolatutako 2014ko CAF-Elhuyar sarietara. Hiru kategoria dagoz, dibulgazino artikuluak, zientzia kazetaritzea eta zientzia gizartean sorkuntza bekea. Elhuyarren egoitzara edo cafelhuyarsariak@elhuyar.com helbide elektronikoan jasoko ditue lanak, 2015eko zezeilaren 12a baino lehen.
Dibulgazio artikulu originalen kategorian, euskeraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazino lanak aurkeztu behar dira, eta azpikategoria bitan banatuko dira: dibulgazino artikulu orokorrak (2.000 euroko saria) eta egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazino artikuluak (2.000 euroko saria).
Bigarren kategoria zientzia kazetaritzearen arloko lanena da. Kategoria honetan, euskeraz sortu eta argitaratutako kazetaritza lanak aurkeztuko dira, edozein formatu eta generotakoak. Beharrak egileek edo komunikabideak aurkeztu ahal ditue, eta irabazleak 2.000 euro jasoko ditu.
Zientzia gizartean sorkuntza bekeari jagokonez, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko alkarrekintzea landuko daben proiektuak aurkeztuko dira. Proiektuek izaera zientifikoa, artistikoa edo soziologikoa izango dabe, eta arlo zientifikoa eta soziala hartu-emonetan ipintea dabe helburu.
Izan daitekez ikus-entzunezko proiektuak, jantza edo musika ardatz dabenak, esperimentu artistiko sozialak, argazkilaritzakoak, gizartea helburu daukien ikerketa zientifikoak edo azterketa soziologikoak. Arlo zientifiko teknologikoa zentzu zabalean interpretauko dau egileak edo egile-taldeak. Honeek izan daitekez egitasmoaren ardatzak: kontzeptu zientifikoak, ikerketa, garapen teknologikoak, jazoera historikoak, etorkizunaren irudikapenak, erronkak, aurreretxiak, kezka sozialak edota zalantza etikoak. Bekadunak 5.000 euro jasoko ditu.