Marta Cardenasek egin dau 49. Durangoko Azokako kartela

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko urr. 15a, 00:00

Artista donostiarrak eskuz pintautako lanak iragarriko dau aurtengo Durangoko Azokea. San Agustin Kulturgunean egin dabe aurkezpena goizean, eta bertan izan dira Marta Cardenas artistea bera, Nerea Mujika Gerediagako burua eta Txelu Angoitia argazkilaria. Durangoko Azokea abenduaren 5etik 8ra egingo da.

Azkenengo urteetan Durangoko Azokea antolatzen dauen Gerediaga alkarteak euskal artista bati eskatu deutso kartela, igaz Itziar Okariz izan zan, eta aurrekoan, Nestor Basterretxea. 2014ko Azokearen kartela egitea Marta Cardenasi eskaini jakon.

Azokako kartela margotzeko proba asko egin dituala autortu dau aurkezpenean Cardenasek. Kartelaren argitasuna azpimarratu dau, eta fondo horia zergaitik aukeratu dauen be argitu dau, koloreen artean distiratsuena  dalako. Nerea Mujikak edizino honen erronkea urtero Azokara etorri eta eurena sentiduten daben herritarrak bueltetea, eta kulturaren plaza handiaz gozetea dala nabarmendu dau. Belaunaldi barriak, sortzaile eta bisitariak erakarteko ahalegina egiten dabilzala azpimarratu dau.

Antolakuntzeari jagokonez, datu zehatzik aurreratu ez badau be, oraindino beharrean dabilzalako, Durangoko Azokea plaza betea izango dala ziurtatu dau: Ikasle egunerako eskariak gora egin dabe, erakusmahaiek bere bai eta guneetako egitarau asko berehala bete dira. Herritarrek Durangoko Azokara etorri nahi dabe, sorkuntza lanak erakustera eta kulturaz gozetara ondorioztatu dau Mujikak. 

Ibilbide luzeko artistea da Marta Cardenas. Madrileko San Fernando akademian ikasi eban (1963-68), ostean Parisera joan zan Frantziako gobernuaren beka bategaz. Lehenengo urteetan erretratuak eta paisajeak ziran bere lanen ardatza, gero mobimentuak adierazoten hasi zan. 1996an, Indian izan zan, eta horre bere ibilbide artistikoa guztiz aldatu eban. Abstrakturako salto handia emon eban. Ordutik beste kultura batzuen inguruko jakin-mina biztu jakonn, eta beste kultura horreetako forma, irudi eta koloreekaz esperimenteteari ekin eutson.

Bere lehenengo erakusketa 1970ean egin eban Donostian, eta handik lau urtera, Durangoko Ezkurdin. Hainbat galeria eta azoketan erakutsi ditu bere lanak: Milan, Paris, Lisboa eta ARCOn, esaterako, 1986an eta 1991n. Bere beharrak, besteak beste,  Madrileko Reina Sofian, Bilboko Arte Eder museoan, Madrileko Moncloa jauregian edota BBKren Bilduman dagoz.

Bere lanetako batzuk kultur ekitaldietako oroigarri be izan dira. 2002an, 63. Donostiako Musika Hamabostaldirako irudia egin eban. 2003an, V. Donostia Antzerki Sarietarako oroigarria diseinau eban, eta igaz, Obabakoak nobelearen 25. urteurrena dala-eta egindako berrargitalpenaren ilustrazinoa.

Osorik irakurri