Urriaren 25ean, zapatuan, orain dala gizaldi bat baino gehiagotik urtero errepetiduten dabenez, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadeko kontuen kitapena egin eta bakea barriztauko dabe. Batzar hau aprobetxauta, Zeanuri-Ubide. Larreen Mankomunidadearen VIII. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da.
Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak alkartu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean —hasieran bide erdian, Barazarko mendatean, batzen ziran— udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urtero errepetiduten dan ohiturea eta betebeharra da. Antza, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. gizalditik— izan dituen ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.
12 kilometroko ibilaldia
Bi udalen batzar hori aprobetxatuz, orain dala zortzi urtetik, Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai, eta Ubideko Amexier eta Ortuzar alkarteek Zeanuritik Ubidera doan zeharkaldia antolatzen dabe, Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea jarraituz. Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei zein ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta batez be Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.
Urteerea Zeanuriko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe Ipiñabururantz zuzentzeko; hemendik Saldropora igon beharko dabe. Saldropoko zelaikadan, Lapursasitik Otzarretako pagadiaren ondotik igaro eta Ubiderantz joko dabe; azken txanpa honetan galtzadearen aztarnak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe parte-hartzaileek, azkenik Ubideko plazara heltzeko.
Zeharkaldia amaitutakoan, hamabiren bat kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina seguru hitzorduari erantzutea mereziduko dauela, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare naturala eta historiko-etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoienean natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ibilaldiari amaierea emoteko 13:00ean, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Ubideko udaletxean; bilera horretan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen zenbakiak aurkeztuko ditue, eta bilera-agiria sinatu ostean, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Zeanuriko udaletxean, eta bazkaria ordaintzea be zeanuriztarrei egokituko jake.
Zeharkaldiaren ganeko zehetasunak:
* Eguna: Urriaren 25a, zapatua.
* Izena emotea: Zeanuriko plazan, doban.
* Autobus zerbitzua (doban): 09:00etan: Ubideko plazatik Zeanurira, ubidarrak edota Ubiden kotxea ixten dabenak Zeanuriko abiapuntura eroateko (2 €). Eta 13:30ean: Ubidetik Zeanurira, zeanuriztarrak edota Zeanurin kotxea itxi dabenak eroateko (2 €).
* Urteerea: 10:00etan, Zeanuriko plazan.
* Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Bi ordu eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
* 13:00ean: Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra Ubideko Udaletxean 2014ko bazka-larreen mankomunidadearen kontuak egiteko eta bilera-agiria sinatzeko.
* Antolatzaileak: Ipizki Taldea, Joko Alai Elkartea, Amexier Mendi Alkartea eta Ortuzar Ubideko Gazte Asanbladea.
* Laguntzaileak: Zeanuriko Udala, Ubideko Udala, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea, Arratiako Gurutze Gorria eta BBK.