Ramiro Pinilla (Bilbo, 1923 – Getxo, 2014) idazlea gaur, eguena, hil da, 91 urte zituala. Pinillak berebiziko garrantzia izan eban gaztelaniazko kontagintzan eta ibilbide emonkorrean Euskadi Saria birritan irabazi eban (La tierra convulsa, 2004, eta Aquella edad inolvidable, 2012). Gainera, Espainiako Narratiba Sari Nazionala (Las cenizas del hierro, 2005) eta Nadal saria (Las ciegas hormigas, 1960) be irabazi zituan.
2012an, Lan Onari saria emon eutsen Eusko Jaurlaritzeak berari eta Ramon Saizarbitoria idazleari, 'eguneroko lanean izandako dedikazinoagaitik, jarraikortasunagaitik eta ekimena izateagaitik'.
50eko hamarkadan hasi zan idazten Pinilla, baina XXI. mendea hasitakoan, bere izenak ospe handiagoa hartu eban, ordurako 80 urteak beteta zituala. Orduan argitaratu zan bere lanik behinena: Verdes valles, colinas rojas trilogia. Hamazortzi urtez idatzi eban 2.500 orritik gorako lan potoloa, La tierra convulsa, Los cuerpos desnudos eta Las cenizas del hierro eleberriek osotzen dabena. Euskal Herritik munduari eginiko begiradea da.
Aurretik, Ramiro Pinillak beste eleberri batzuk argitaratu zituan, besteak beste, Las ciegas hormigas (1961, Tusquets Editores, 2010) eta Seno, 1971ko Planeta sariko finalista.
Ibilbide oparoan, beste liburu honeek be idatzi ditu Pinillak: La Higuera (2006), Antonio B. el Ruso, ciudadano de tercera (2007), Sólo un muerto más (2009), Los cuentos narrazino laburrak (2011) eta Aquella edad inolvidable (2012). Pinillaren azken liburua, barriz, El cementerio vacio (2013) izan zan.