Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dauen lehiaketa horrek berezitasun nabarmen bat dauka: Idazle ezagun bik narrazino edo nobela labur banaren hasierea idazten dabe, bata euskeraz eta bestea gaztelaniaz, eta parte-hartzaileek istorio horren jarraipena idatzi behar dabe. 16 urtetik gorako edozeinek parte hartu leike, 2015eko zezeilaren 20ra arteko epean. Bizkaidatzen edizino honetan, Ana Urkiza arduratu da euskerazko narrazinoaren hasierea idazteaz eta, erderazkoan, Ivan Repila izan da egilea.
Nik ezin dot imajinau sariketa kreatiboago bat, adierazo dau Ivan Repila idazleak Bizkaidatzen aurkezpenean, oso planteamendu berezia da, bai idazleontzat, baita parte hartzen dabenentzat be. Norberak hasitako kontakizuna beste batek hartu, bere erara ulertu eta amaierea emotea abentura bat da, Repilaren esanetan, esperientzia dibertigarria da. Ganera, formatua literatura zaletasuna bultzatzeko aproposa dala uste dau, istorioaren jarraipen egoki bat topetako burua eragitera behartzen dau.
Ivan Repila idazle bilbotarrak, Delito al azar izenburuko narrazinoa proponidu dau Bizkaidatzeko gaztelaniazko partaideek amaitu daien. Sentimentalismoa saihestu dot erabat, izan be, ikusi dot aurreko edizinoetan maitasun kontuak asko agertu dirala eta bide horretatik urrun ibili naz. Euskerazko atalerako, Ana Urkiza Ondarroako idazlearen Argazki kamera kontakizunaren hasierea dakar Bizkaidatzek. 16 urtetik gorako edozeinek parte hartu leike lehiaketan, aurreko urte bietan Bizkaidatzeko saririk irabazi ez badau. Lanak erabat originalak izan behar dira.
Euskeraz 1.500 euroko lehenengo saria eta 500 euroko bigarrena egongo dira. Gaztelaniaz, beste horrenbeste. Irabazleei eta finalistei diploma bana emongo jakie. 2015eko zezeilaren 20ra arteko epea dago parte hartzeko. Gero, literaturearen eta kulturearen munduko kideek osotutako epaimahaiak erabagiko ditu irabazleak. Ivan Repila eta Ana Urkiza be epaimahaian izango dira. Istoriorik onenakaz liburua argitaratuko dabe.
Bizkaidatz sariketearen zazpigarren edizinoa da gaur aurkeztutakoa. Igaz, 85 pertsonak parte hartu eben, hamaikak euskeraz eta 74k gaztelaniaz. Sendotutako hitzordua da, batzuek ez eben uste izango hasi ginanean honaino helduko ginanik, adierazo dau Bizkaiko kultura diputadu Josune Ariztondok. Programa hau lotuta dago Bizkaiko Foru Liburutegiak literaturearen inguruan antolatzen dituan ganerako ekintzakaz, modu sinergiko baten, zehaztu dau Ariztondok. Sormena eta literatur zaletasuna bultzatzea da Bizkaidatzen helburua, batez be bizkaitarren artean, baina baita beste edozein zaleren artean be, lehiaketea Euskal Erkidego Autonomo osora zabalik dagoalako, dino kultura diputaduak.
Josune Ariztondok iragarri dau, Bizkaidatz Txikia izeneko lehiaketea be preparetan dabilzala, 16 urtetik beherakoentzat, ohiko lehiaketearen osagarri izan daiten. Helduen Bizkaidatz finkatuta dagoanez, zergatik ez sormena bizien dagoanean be idazteko zaletasuna bultzatu?, adierazo dau kultura diputaduak. Bizkaidatz Txikiaren nondik norakoak zehazten dabiltza orain eta, ondo bidean, datozan hileetan aurkeztuko dabe lehenengo edizinoa.