Orain hamar urte sortu zan Adarrots folk taldea Ezkerraldean eta urteurrena ospatzeko Adarraren Hotsa. Nahia egi bihurtzearen bidea izenburuko disko-bideoa plazaratu dabe, taldearen hirugarren lana. Oraintsu ekin eutsien aurkezpen bireari Gernikan baina beste hiruzpalau kontzertu berbatuta ditue.
2009. urtean, Mendebala jaialdiaren IV. Maketa lehiaketako finala irabazi, eta urte amaieran euren lehenengo diskoa kaleratu eben, Haizekadak. Handik hiru urtera etorri zan bigarren lana, Zazpi ditu.
Rosa Godinez (ahotsa), Iñigo Espiña (biolina), Iñigo Carballo (albokea), Bingen Akarregi (klarinetea, flautea...), Gorka Vicente (gitarra akustikoa), Toño Ortega (baju elektrikoa) eta Sendoa Gil (perkusinoa) dira Adarrots bandako kideak eta guri Iñigo Espiña biolinisteak emon deuskuz azalpenak.
1.- 10. urteurreneko lehenengo kontzertua Gernikako Astran emon zenduen hilaren 10ean. Zelako esperientzia izan zan?
Guretzako egun inportantea izan zan ikuskizun barriaren lehenengo emonaldia zalako. Gustora geratu ginan, esperientzia oso ona izan zan, jente piloa etorri zan baita Gernikatik kanpoko jentea be, Bizkaiko Ezkerraldetik lagun asko hurreratu ziran eta egun polita izan zan guretzako.
2.- Orain 10 urte zelan otu jatzuen Adarrots folk taldea sortzea?
Kasualidade batek eraginda sortu zan taldea. Lagun batzuk eskatu euskuen jai baten joteko eta ikus-entzuleak eta taldekideak eurak gustora geratu ziranez, aurrera egitea erabagi zan. Astean behin geratzen hasi ziran eta hortik aurrera apurka-apurka gauza barriak sortzen eta lagun taldea musika talde izakerea hartzen joan zan. Folk doinuak lantzearena be gauza naturala izan zan ze albokariak, panderojoleak eta egozan taldean, Euskal Herriko musika tresnak joten genduzan eta normala izan zan folkaren bidea hartzea.
3.- Ezkerraldean, euskera lar entzuten ez zan eskualdean, euskeraz kantetea erabagi zenduen. Zergaitik?
Horrexegaitik, hain zuzen be. Ikusi genduan gure inguruan euskerearen erabilerea eta egoerea nahikoa eskasa zala eta zeozelan bultzadatxua emotearren, gure ekarpena egitearren, euskeraz kantetea erabagi genduan. Gure taldean be euskeraz ikasten dabilen jentea dogu eta, gero eta errazago egiten dabe euskeraz eta eskualde mailan be orain hamar urtetik hona aldaketa handia igarri da, izan be,gero eta gehiago entzuten da euskerea.
4.- Hamar urteko ibilbidean 3 disko egin dozuez, tarte luzea beraz disko bakotxa osotzeko. Zazpi lagunez osotutako taldean, zelakoa izaten da diskoa egiteko prozesua?
Luzea eta gatxa. Zazpi lagun gara eta horrenbeste jente koordinetea, bakotxaren asmo, pentsamenduak eta bideratzea ez da bromea. Baina urte asko daroaguz alkarregaz, ideak argi daukaguz, badakigu norantza goazen eta holan gorabeherak txikiagoak izaten dira.
Hamar urteko tartean 3 disko sortzea guretzako ez da gitxi eta musika munduan gauzak dagozan moduan egonda, autoprodukzinoen ugalketea eta musika industriaren iraultzea gorabehera, nahikoa pozik gagoz eta konforme orain arte egindako beharragaz.
5.- Autoprodukzinoa da Adarrots taldearen lan barria eta aurtengo Durangoko Azokan, barrikuntza nagusienetakoa izango da autoprodukzinorako gunea, norbere lanak produzidutea erabagi dauen sortzaileari zuzendutako espazio bereiztua. Zabal dabilen jokerea da hau crowfoundig kanpainakaz batera...
Bai. Gerediagak barri hori zabaldu ebanean, poza sentidu genduan aurten aukerarik izango ez dogun arren azokan bertan egoteko. Edozelan be, saiatuko gara azokako Irudienea gunean dokumentala aurkezten.
Bizi dogun krisi egoeran nahitaezko formulea da autoprodukzinoarena eta hemetik aurrera, gero eta indar handiagoa hartuko dauela pentsetan dot. Ganerakoan, crowfoundigaren bidez proiektu asko bideragarriak dirala ikusi dogu, bageunkan horren barri baina ez dogu horra jo, bihar-etzi batek jakin. Egia esan inurrien moduan egiten dogu lan eta proiketuak, ideak nahikoa aurreratuta daukaguzanean eta nahikoa baliabide daukagunean, orduantxe emoten doguz pausuak.
6.- Autoprodukzinoak arriskua dakar baina askatasuna be bai. Orekea, barriz, ez da erraza. Zein da zure eretxia?
Holan da. Artista guztiontzako errazena da bateren batek, diskoetxe batek edo hartzea produktu bat eta aurrera eroatea dana. Baina gaur egun gero eta laguntzino gitxiago dago, diskoetxeek ez dabe arriskurik hartzen eta badakigu norberak dana egin ezean ez jakula inor etorriko laguntzen. Tristea da baina horixe da errealidadea.
7.- Adarraren Hotsa. Nahia egi bihurtzearen bidea izenburuko disko-bideo-liburua plazaratu dozue oraintsu. Kanta barriak, hamar urteotako historia batzen dauen dokumentala eta 40 orrialdeko liburuxkea. Ez zan erraza izango 10 urteotan pilatutako kontzertu, esperientzia, anekdota, gorabehera eta bestelakoetatik aukeraketea egitea?
Ez, ez da bape erraza izan. Azkenean 2014. urte hau da gure X. urteurrena ospatzeko urtea eta lan barriaren aurkezpena urrian egin dogu, atara kontuak. Lan handia izan da, kantu barri batzuk sortu, dokumentazinoa, argazkiak batu, dokumentala egin, liburuxkearen diseinua, maketazinoa, edizinoa... sano lanpetuta ibili gara, guk geuk egin dogu dana eta emoitzeagaz oso gustora geratu gara.
8.- Kontzertu batzuk berbatuta dozuez honezkero. Non izango dira?
Gernikako Astran emon genduan lan barria aurkezteko lehenengo kontzertua eta datozen egunotan, badaukaguz bai hitzordu batzuk; urriaren 31n, Portugaleten, Santa Klara kultur etxean; zemendiaren 13an, Bilboko Hika Ateneoan joko dogu; 20an, Barakaldon, Clara Campoamor aretoan; 21ean, Santurtzin, Kresala aretoan. Hortik aurrera beste data batzuk be badaukazgu baina oraindino zehaztu barik.
9.- Kontzertu bereziak iragarri dozuez, musikea eta dokumentalaren irudiak buztartuz. Azaldu eiguzu zelako kontzertuak izango diran
Kontzertu bereziak dira, bai. Ikus-entzunezko ekitaldi bat da, izan be, taldearen 10. urteurreneko dokumentalaren proiekzinoari musikea jarten deutsagu. Gure ibilbideko kantu adierazgarrienak ez eze, 10. urteurrenerako beren-beregi sortu dogun kantua Adarraren hotsa eta lan barrira batutako lau kantu barri be kantauko doguz.
10.- Aurrera begira, ze erronka ditu Adarrots taldeak?
X. urteurreneko fasean, zuzenekoak doguz orain helburu eta 2015. urtean zehar be lan barri hau aurkezten jarraitu gura geunke. Hortik aurrera, taldea indartsu, gogotsu dago eta astia daukagunean, gauza barriak preparetan hasiko gara.