Astelehenean, urriak 27, Getxoko 34. Aste Korala hasiko da. Eguaztenera arte, Singapurreko, Errumaniako eta Letoniako taldeak izango doguz Algortako El Redentor eleizan. Kontzertuak 19:30ean hasiko dira eta, ohikoa dan legez, sarrerak dobakoak izango dira.
Aste Koralaren ardatza taldeen errepertorio zabala da; entzuleek konposizino klasikoez, garaikideez, herritarrez eta erlijino musikaz gozetako aukerea izango dabe. Aniztasunaz gan, konbidautako taldeen kalidadea be nabarmentzekoa da, izan be, nazinoartean izandako arrakastek bermatzen dabe hori.
Lehenengo egunean SYC Ensemble Singers ganbera abesbatzaren txandea izango da. 30 abeslari gazte batu dira talde misto honetan eta arrakasta handia lortu dau bere herrian, Singapurren, zein nazinoartean. Saioan eskainiko daben errepertorioa eleiz-musikaz, polifoniaz, musika profanoaz eta folklorez osotuta dago.
Biharamunean, Anatoly Vocal Quintet talde errumaniarrak kantauko dau Getxon. Boskoteak maila tekniko parebakoa dauka eta errepertorio zabala interpretetan dau, bai eleiz-musikea zein egungo kantuak, tartean kantu tradizionalak ahaztu barik.
Azkenik, datorren urtera arte esango dau agur Aste Koralak Maska Youth Choir abesbatza letoniarraren eskutik. Talde misto horretan abeslari gazteak dira nagusi eta estilo eta musikaltasun aparta dabe. Horri esker, ospe handia lortu dabe nazinoartean eta hainbat sari irabazi ditue, esaterako Tonnen Nazinoarteko Kantu Lehiaketako (Herbehereak) urrezko dominea, Seghizzi Nazinoarteko Kantu Koraleko Lehiaketako (Italia) sari handia eta Europe and Its Songs (2011, Bartzelona) lehiaketako lehenengo saria.