50. Heineken Jazzaldiak azken urteotan euskal jazz taldeen alde egindako apustua berretsi dau, 2015eko garagarrilaren 22tik 26ra egingo dan jaialdian parte hartzeko hainbat bide eskainita. Hain zuzen be, Heineken Jazzaldiko egitarauko 10 kontzertu hautaketa prozesu baten bidez sailkatutako hamar taldek eskainiko ditue eta beste bost 2014an diskoa plazaratutako beste bost taldek. Horrezaz gan, jaialdiak euskal jazz musikarien beste proiektu batzuk be aukeratu ahal izango ditu, igaz Iñaki Salvador, Hasier Oleaga, Guillermo Lauzurica, Sabin Bikandi, Kukai Dantza Konpainia, Aitor Furundarena eta Delorean kasu.
Igaz, 37 euskal bakarlari eta taldek parte hartu eben 49. Heineken Jazzaldian. Heineken Jazzaldiak beti egin izan deutse leku bere programazinoan bertoko taldeei, aurkezten jakozan proposamenen artean aukeratuz edota, beste batzuetan, proiektu barriak bultzatuz: Iñaki Salvadorren Zilbor Hestea eta Te doy una canción, Gonzalo Tejadaren Ziklo 1 eta Ziklo 2, edota Bertsoa & Jazza, inprobisazinoan oinarritutako bi kultur adierazpen garrantzitsuenak alkarregaz, jazzeko musika inprobisatua eta bertsolarien berba inprobisatuak. 2012, 2013 eta 2014an, Euskal Herriko eta atzerriko musikarien arteko proiektuak sustatu zituan San Telmoko Gauak izenpean.
Tokiko taldeen hautaketa prozesua
50. Heineken Jazzaldiak tokiko 10 talde sartuko ditu programazinoan. Euskal jazz taldeen artean hautaketa prozesu bat aurrera eroateko ekimena 2006an jarri zan abian lehen aldiz, publikoaren erantzun handiagaz. Igaz, 40 talde inguru aurkeztu ziran eta horreetatik 15ek Donostiako zenbait aretotan jo eben, Heineken Jazzaldiaren Batzorde Antolatzaileak programan sartuko ziran hamar taldeak hautatzeko gero. Ikus-entzule asko batu ziran eta euskal jazz taldeen maila handia bistan geratu zan.
Hautaketa prozesuan parte hartzeko, taldeek Jazzaldiaren webgunean (www.heinekenjazzaldia.com) hautaketa prozesu honetako oinarriakaz batera zehazten dan materiala (musika grabatua, dokumentazinoa…) bialdu beharko dabe Heineken Jazzaldira, zemendiaren 19a baino lehenago.
Jasoten diran proposamen guztien artean, 50. Heineken Jazzaldiaren Batzorde Antolatzaileak 15 talde hautatuko ditu, aurkeztutako musikearen kalidadea eta Jazzaldiaren programazino estilora zenbateraino egokitzen diran kontuan hartuta. Hamabost talde horreek Donostiako aretoetan joko dabe oraindino izentau bako egunetan (bat eguneko), 2015eko urtarriletik apirilera bitartean.
Esandako emonaldien ondoren, Heineken Jazzaldiaren Batzorde Antolatzaileak, entzuleen erantzuna kontuan harturik, azkenean programan sartuko diran hamar taldeak aukeratuko ditu.
Hautaketa prozesuan parte hartzeak ez dau lehiaketa izaerarik izango: prozesuaren helburu bakarra 50. Heineken Jazzaldian parte hartuko daben tokiko taldeak hautatzea izango da.
2014an diskoa argitaratutako taldeak
2014an CDa argitaratu daben tokiko jazz taldeek 50. Heineken Jazzaldian joteko aukerea izango dabe. Antolakuntza Batzordeak bost talde hautatuko ditu aurkezten diran diskoen kalidadearen eta horreek daben interesaren arabera, eta horreek izango dira 50. Heineken Jazzaldian parte hartuko dabenak.
2014an diskoa argitaratua izan eta 50. Heineken Jazzaldian parte hartu nahi daben taldeek abenduaren 30a baino lehenago bialdu behar dabe diskoa jaialdiaren bulegoetara: Erregina Erregentea 8, 4. 20003 Donostia.
Deialdi hau ez da bateraezina tokiko 10 talde aukeratzeko prozesuagaz. Prozesu horretara aurkeztu dan edozein taldek dau aukerea deialdi honetara be aurkezteko, 2014an diskoa atera dauela frogatzen badau.