Harkaitz Cano idazleak irabazi dau Euskadi literatur saria, ume eta gazte literaturearen atalean. Orkestra lurtarra liburuagaz irabazi dau saria Lasarte-Oriako idazleak. Saiakeran, Joseba Gabilondok irabazi dau saria, New York-Martutene lanagaitik. Ilustrazinoan, barriz, Habiak lanari esker Maite Gurrutxagak jaso dau Euskadi saria.
Harkaitz Canok (1975, Lasarte) Elkar argitaletxeagaz kaleratu eban Orkestra lurtarra liburua, ume eta gazteei zuzendua. Jokin Mitxelena da liburuaren ilustratzailea eta orkestra bat sortu gura dauen Manuren istorioa kontetan dau.
Canok hirugarren aldiz eskuratu dau Euskadi Literatur Saria. 2005an, Belarraren ahoa lanagaz irabazi eban eta 2012an, Twist nobeleagaz.
Maite Gurrutxagak, barriz, lehenengoz irabazi dau Euskadi Saria, ilustrazinoaren atalean. Habiak lana Dejabu Panpin Laborategiagaz batera ondu eban eta igaz argitaratu Txalapartagaz. AHT-ko trenbidea eregiteko etxea kendu deutsien Simon baserritarraren eta Balkanetako gerretatik igesi Euskal Herrian bizitokia hartu dauen Selma errefuxiatu bosniarraren arteko istorioa kontetan dau Habiak lanak.
Beste alde batetik, Euskal Herriko Unibersidadearen eskutik argitaratu eban Joseba Gabilondo irakasle eta literatur kritikariak New York-Martutene. Euskal Postnazionalismoaren utopia eta globalizazino neoliberalaren krisia dira ardatz liburuan. Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria (2012) zehaztasun handiz aztertzen dau eta azterketa horretatik abiatuta oraingo Euskal Herria aztertzeko klabeak emoten ditu. Gabilondoren eretxiz Martutene da euskal literaturako eleberri onena, garrantzitsuena eta kalidadezkoena.
Joseba Gabilondo (Urretxu, 1963) euskal idazle, irakasle eta literatura kritikaria da, euskal literaturearen historian egindako ikerketakaitik nabarmentzen dana. Egun, Michigango (AEB) unibersidadean irakaslea da. Besteak beste honako lanak idatzi ditu: Kaliforniatik bihotzez (1992), Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006) eta Apokalipsia guztoi erakutsia (2009).
Gaztelerazko saiakerearen atalean, Jon Juaristik irabazi dau Euskadi saria, Espaciosa y triste lanagaz. Identidade politikoa sortzen daben diskursoei buruzko hausnarketea dakar lanak batetik, eta azken mendeetan zehar andaluziar, euskal edo espainiar nazionalismoen azpian egon diran mito identitarioei buruzko hausnarketea, bestetik, epaimahaiaren arabera.
Ganerako irabazleen barri hilaren 8an emon eben. Euskeraz Bernardo Atxagak irabazi eban (Nevadako egunak); euskerazko itzulpenaren atalean, Iñigo Roquek (Gauzen ordena naturala, Antonio Lobo Antunes) eta gaztelaniazko arloan, Idoia Estornesek (Cómo pudo pasarnos esto).