Aurten, zemendiaren 7tik 9ra bitartean izango da Getxoarte. Aurten, formatu aldaketearen aldeko apustua egin dau azokeak eta helburu zabalagoak gauzatzeko asmoa dakar. Ekimenaren helburuak dira artista barrien lana bultzatu eta horreen prestakuntzan lagundu, esperimentazino- eta hazkunde-gune bilakatu eta sormen garaikiderako prozesuak publikoari hurreratu. Azokea Areetako Geltokia plazako karpan kokatuko da eta bertan 30 arte-proposamen egongo dira ikusgai eta, horreen inguruan, zenbait jarduera-programa antolatu dira.
Hasiera batean, Getxoarte Arte Sortu Barrien gunea zan, artista gazteen lana publikoari hurreratzeko asmoa ebana. Aurten, erakusketa-esperientzia izateaz gan, helburu handiagoak dituan gune bihurtu da eta hortik dator, hain zuzen be, ekimenaren izen-aldatzea: Praktika Garaikideen Aretoa. Horretarako, Aretoa bere jatorrizko kokalekura itzuliko da, hau da, Areetako Geltokia Plazako karpara; beraz, parte hartzen daben artista guztien proiektuak bertan ikusgai izango dira. Han, ondo bereizitako lau ataletan antolatutako programea garatuko da.
Horreetako lehenengoa, eta ganerakoen ardatza izango dana, Programa Orokorra da, 30 proiektuz osotua, danak be, epaimahai espezializatu batek hautatuak. Proiektu horreen protagonistak, aurretik, banakako erakusketa-esperientziarik ez daben artistak dira, ondorioz, Aretoan parte hartzea sano erakargarria da eurentzat. Barrikuntza legez, oraingoan, Getxoarte ez jake Euskadiko sortzaileei bakarrik zabalduko, baita, estaduko ganerako sortzaileei be. Holan, hautatutako 23 proiektu euskal artistenak dira eta horreetatik lau getxotarrak dira; ganerako 7 proiektuak Bartzelona, Madril, Iruña eta Las Palmaseko artista sortzaileenak dira. Horreen eskutik, jenteak askotariko lanak ezagutzeko aukerea izango dau, marrazkiak zein diziplina anitzetako instalazinoak, eskulturea, argazkiak, pinturak eta performanceak.
Arte-erakusketea bultzatzeaz gan, Getxoartek, aurten, hautatutako artistak zuzentzeko, laguntzeko eta aholkatzeko euskarri izan nahi dau. Horregatik, proiektua atontzen eta aurkezten dan momentutik, horren hautaketa eta produkzinoa barne, artistek aholkularitza-zerbitzu bat erabili ahal izan dabe. Zerbitzu hori Getxoarteren zuzendaritzeak abiarazo dau lanak zuzentzeko eta produkzinoagaz, edukien edizinoagaz eta erakusketeagaz beragaz lotutako alderdi guztietan izan daitekezan dudak argitzeko helburuagaz.
Getxoarteren bigarren ardatza Hezkuntza Programea da, artisten lanetik ondorioztatzen dana eta horreei nahiz publiko guztiei zuzendua dagoana eta paraleloki beste jarduera batzuk hartuko dituana, besteak beste, berbaldiak, bisita gidatuak eta umeentzako tailerrak. Ganerako beste bi ardatzak, Programa Kuratoriala eta, azkenik, Programa Zabaldua dira, oso eremu desbardinetan sormenaren inguruneagaz lotutako agenteen proiektuak hartzen dituana.
Getxoarte saria
Praktika Garaikideen Aretoak jarduera artistikoa bultzatzeko aurten beste sari bat dakar. Epaimahai batek erakusgai dagoan lan bat hautatuko dau kalidade-, formatu- eta proiekzino-erispideetan oinarrituz. Saria 2.000 eurokoa izango da eta hautatutako lana Getxoarteren bilduman gordeko da; ganera, Arabako Artium Museoagaz berbatutako hitzarmenaren bitartez, bertan erakusgai jarriko da.