Bilboko Alondigeak zemendiaren 27tik abenduaren 3ra Alondigan ospatuko dan hóPLAY Bideo-joko Independenteen Nazinoarteko Lehiaketako V. edizinoko 32 proiektuak aurkeztu ditu. Finalista honeek bosgarren edizinoan aurkeztutako 112 proiektutatik aukeratuak izan dira.
Lehiaketa honen helburua, bideo-joko barritzaileak, originalak eta heziketea bultzatzen dabenen artean, lan onenak saritzea da.
Edizino barri honek nazinoarteko presentzia garrantzitsua dauka eta, besteak beste, Norvegia, Frantzia, Holanda, Japonia, Mexiko, Ingalaterra eta AEBetatik jaso ditue lanak. 32 proiektu finalistetatik, 18 estadukoak dira, 8 nazinoartekoak eta 6 euskaldunak.
hóPLAY 2014 tokian tokiko nahiz atzerriko enpresen arteko topagunea izango da, bideo-joko independenteen munduko erdigunea. Era berean, Bilbon egun horreetan egingo dan Fun & Serious Game Festival ospetsuan be egongo da ekimen hau.
Horrezaz gan, hóPLAYko finalistek estadu mailan inoiz egin dan pitchingeko ekitaldi barri batean parte hartzeko aukerea izango dabe eta proiektuak nazinoarteko kazetariei aurkeztu ahal izango deutseez.
hóPLAYko sariak ondokoak izango dira:
• Ideia originalaren saria: 5.000 €
• Diseinu sortzailearen saria: 5.000 €
• Soinu-musikea: 5.000 €
• Jolasteko erraztasuna: 5.000 €
• Publikoaren sari berezia: 5.000 €
• Euskal bideo-joko onena: 5.000 €
Horrezaz gan, antolatzaileek 8.500 dolar bideratuko ditue irabazleek nazinoarteko komunikabideetan publizidadean gastau deien.
Euskal proiektuak
Euskal bideo-jokoa atalean lehiatuko dira euskal proiektu guztiak: Conquistador, Delirium Studios konpainiaren lana; Fronton - Euskal Pelota Profesionaleko Bideo-joko profesionala, Pulsar Concept, SL konpainiaren eskutik; HassleHeart, I <3 Hearts, Santa Clara Games konpainiak aurkeztua; Inaris: The Cloud Temple DigiPen's TreeHands Studiorena; Iona: Coded Will, DigiPen's Void Vector konpainiaren eskutik; eta The Mask of Atlantis, Mikel Calvo & Jorge Nuñezen lana.