Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Antonio Saura, Miquel Barceló, Ouka Lele edo Henri Matisseren lanak Bizkaiko hainbat udalerritan ikusi ahal izango dira, BBKren Gizarte Ekintzaren dobako Erakusketa Ibiltariak programeari esker. Azken 23 urteotan, BBK-k udalerriei laga izan deutse bere ondarearen zati bat, baita galerienak eta artistenak diran lanak, eta ekinbide sortzaile barriak be. Ospe nabarmeneko artisten lanak udalerri horreetako jentearengana hurreratzea da erakusketon helburua. Holan, aukerea emoten jako jenteari doban ikusteko museo handietan edo galeria ospetsuetan ikusgai egon diran kalidade handiko piezak, horreekaz gozau deien. Programeak kultura jendartean zabaltzeko tresna izan nahi dau, sorkuntza-ekinbide barriak bultzatuz eta dagoeneko ospetsuak diran autoreen lana ezagutzera emonez.
Erakusketa Ibiltariak programeak 40 erakusketa baino gehiago batzen ditu gaur egun, ehun artista baino gehiagoren marrazkiak, argazkiak eta lan grafikoa. Danetara, BBK-k bultzatutako programa honek aukerea emoten dau 320 erakusketa egiteko kudeaketa publikoko erakusketa-areto eta kultura-ikasgeletan.
Bizkaian zehar ibiliko diran erakusketa askoren artean, nabarmentzekoa da Lan grafikoa 70eko urteetan, arte-modernidade garaikidearen irudi nahiko osoa emoten dauen irudi multzoa, eta zehatz esanda 70eko urteen amaieran euskal artistek beste askoren artean, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza edo Jose Luis Zumetak egindakoarena.
Programan sartzen da, baita be, Pradoko Museoa gaur egungo 12 artistak ikusia, Eduardo Arroyo, Miquel Barceló, Eduardo Chillida, Luis Gordillo edo Antonio Sauraren mailako dozena bat artistaren grabatuakaz. Erakusketa honek, batetik, hausnarketea sortu nahi dau artearen bizitasunaz, eta erakutsi Pradoko Museoan gordetako margolanek alkarrizketa barritua ezartzen dabela belaunaldi bakotxeko ikusle eta artisten aldetik; bestetik, gaur egungo agerpen edo adierazpideakaz lotutako personen begiradak erakarri nahi ditu eta, aldi berean, gure garaitik urrundutako arte tradizionala ezagutzen eta maite dabenen interesa piztu gura dau.
Betalde, Mende Amaiera Bilduma ospe nabariko margolarien 27 serigrafiak osotzen dabe, alfabetoko letra bakotxeko bana. Pieza horreetan hainbat joera sartzen dira: abstraktu garbienetik (Feito) figurazino gazteraino (Dis Berlin), informalismo edo espresionismo abstraktutik (Gordillo, Saura) kontzeptualismora (Eva Lootz), baita arte plastikoen beste adar batzuetatik datozenak be: grabatua (Bellver), bideoa (Eguillor), ilustrazinoa (Ana Juan), argazkigintzea (Ouka Lele) edo arkitekturea (Navarro Baldeweg).
Henri Matisse Jazz erakusketeak zirkuan, bidaietan, ipuin herrikoietan inspirautako irudiak batzen ditu; gouachez margotuak, ebakiak eta edertasun oparoko multzo batean konbinatuak, margolariaren beraren kaligrafiagaz haren bizitzako oharrak batzen dituan testu batez lagunduta.
Marrazkiak eta argazkiak
Erakusketa Ibiltariak programea beste lan grafiko eta marrazki batzuek osotzen dabe: Alberto Palomera, Inés Mendia, Ismael Iglesias, Javier Soto, Juan de la Rica, José Javier Lacalle, Koldo Etxebarria edo Sergio Sáezen lanek, besteak beste. Argazkilaritzeari eskainitako atalean hainbat genero batzen dira: erretratua, bidaiak, erreportajea, berreskuratze historikoa edo negatiboaren manipulazinoa eta askotariko gaiak agertzen dira: emakumea lanean, Harley Davisonak, jainkozkoa eta paganoa, Chernobylgo seme-alabak, Afrika edo herri-kirolak, adibide lez batzuk aitatzearren. Erakusketa bakotxaren zabalkunde handiagoa lortzeko helburuagaz, doban banatuko dan katalogo bat argitaratu dabe. Argitalpen horretan, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano edo Bernardo Atxaga idazleen testuak agertzen dira, kritikari, museo-zuzendari edo kultura- kudeatzaileen ekarpenakaz batera.
Datozen hileotan ikusi ahal izango dan guztiaren aurrerapen moduan, BBK salan astelehenean, zemendiaren 3an, lan adierazgarrienen sorta bat erakutsi da, Erakusketa Ibiltariak programeari esker Bizkaiko udalerrietan zehar ibiliko dana. Sortze-lanen mosaiko bat da, hogeita hamarren bat pieza marrazki, argazki eta lan grafikoaren artean. Bilbon denpora tarte laburrean egon ondoren, berriro mobimentuan jarriko dira piezak.