PreZinebi datorren barikuan hasiko da Bilbon, Zinebi 56ren aurrerapen moduan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 4a, 00:00

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 56. edizinoak aurrerapena eskainiko dau zemendiaren 7tik 14ra bitartean, PreZinebiren programazinoagaz. Bertan, ohikoa danez, Bilboko ikus-entzunezkoen sektorea osotzen daben erakundeek, taldeek, alkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izango dabe lekua. Beste proposamen batzuen artean, aurtengo edizinoak, zinema eskolek egiten daben lanaren erakusketea, ZinebiExpress lehiaketea edota Josefina Molina eta José Antonio Sistiaga lako profesionalakaz izango dan topaketea izango dira.

Antolatzaileek jakinarazo dabenez, PreZinebi barikuan, zemendiaren 7an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos Antzokiko Kupula aretoan, Euskal Herriko Gidoilarien Alkartearen laguntzinoagaz antolatutako topaketeagaz. Bertan, Javier Ruiz Calderaren Promoción fantasma (2012) lanaren gidoiaren arduradunak diran Cristóbal Garrido eta Rodolfo Valor zinema idazle gazteakaz barriketaldia egiteko aukerea izango dabe ikus-entzuleek.

Zapatuan, zemendiaren 8an, goizean goizetik, 48 ordutan filmautako film laburren ZinebiExpress lehiaketarako deialdi barria zabalduko da (goizeko 09:30etik 10:30era, Campos Eliseos Antzokian). Zinebik zazpigarren urtez jarraian antolatu dau lehiaketea. Parte-hartzaileek astelehen arratsaldera arteko epea izango dabe euren lanak aurkezteko, eta sariak zemendiaren 13an banatuko dira, Bilboko Alondigako auditorioan, arratsaldeko 20:00etan. Ekitaldian lehiaketearen finalera heldu diran filmak be eskainiko dira.

Zapatuan bertan, Simone de Beauvoir Kolektibo feministeak topaketea antolatu dau Josefina Molinagaz, Pilar Mirógaz batera Espainiako emakume zinemagileen bigarren belaunaldiko izen azpimarragarrienetakoa danagaz. Josefina Molinak 2011ko Zinemearen Akademia Espainiarraren Ohorezko Goya Saria irabazi eban. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da, Campos Antzokiko Kupula aretoan, eta zinemagilearen film arrakastatsuenetako bat eskainiko da, Función de noche (1981).


Zinema eskolak

Zemendiaren 10ean eta 11n, Kupula aretoan baita, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, bi saio izango dira, Bilboko zinema eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2012an eta 2013an egindako lanak erakusteko. Topaketan, EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazino Fakultadeak, Erandioko Tartanga IEFPSek, IMVALek, Anima Eskoleak eta Euskadiko Zinema Eskoleak hartuko dabe parte.

Beste urte batez, PreZinebik FAS Zine Klubaren laguntzinoa be izango dau, eta zemendiaren 11n, Campos Antzokiko eszenatoki berean, Josu Venerok 2012an zuzendu eban En un país imaginado film luze dokumentala eskainiko dabe, José Antonio Sistiaga artista donostiarraren, zine esperimentaleko sortzaile libreenetakoaren eta emonkorrenetakoaren filmografiatik eta pintura lanetik egindako ibilbide bisuala eta dinamikoa.

Zinemagileak eta protagonistak zinemearen eta ganerako arte plastikoen arteko hartu-emonei eta artisteak bere eguneroko jardunaren inguruan dituan gogoetei eta esperientziei buruz berba egingo dabe. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta, ondoren, Juan Ortiz jazz piano jotzaileak, 2013ko diskorik onenaren BBK Jazz sariaren irabazleak, joko dau.

PreZinebiren amaierako jaia, Redneck Zinema Party izenburupean, zemendiaren 14an izango da, gaueko 21:30ean, Bilborock aretoan, eta Zinebi 56 jaialdiaren inaugurazino ekitaldiagaz bat etorriko da. Oraingoan, jaialdiak, Caóstica Alkarteagaz batera, omenaldi berezia eskainiko deutse zinemearen historian aztarna itxi daben paleto, baldar ugariei, jatorria eta ikur AEBetako hegoaldeko nekazaritzan daben horreei.

Hori lortzeko, ikus-entzuleak nekazaritza giroko zinema atmosfereagaz inguratuta egongo dira, film zatiak, lasto fardelak, etxean egindako alanbikeak, abereak, mastekatzeko tabakoa, Riflearen Nazino Alkarteko ordezkariak, Miss eta Mister Paleto lehiaketea eta beste hainbat eta hainbat ezuste. Hurrengo egunean, ikus-entzuleak zalantzan egongo dira, bizipen horreek benetakoak ala amestutakoak izan ete diran jakin barik.


PreZinebiren egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Osorik irakurri