'Bilbon eskolatik antzerkira' programea eta Eskola Antzerki Lehiaketea abian dira

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 5a, 00:00

Ikasturte honetan be, hezkuntzea eta antzerkia lotzen dituan ekimen bi atondu ditue Bilbon. Arte eszenikoetako ikus-entzule barriak preparau eta umeen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea dira aurten hogei urte beteko dituan ekimenaren helburu nagusiak.  Bilbon eskolatik antzerkira programan, berbarako, 160.000 umek hartu dabe parte.

Konpainia profesionalek umeei zuzenduta atondutako lanen emonaldiek osotzen dabe Bilbon eskolatik antzerkira. Eta Eskola Antzerki Lehiaketan parte hartzeko, sorkuntzea bultzatzeko, Bilboko ikastetxe guztiek laguntza ekonomikoa eta teknikoa eskatzeko aukerea.

Hamarkada bi honeetan, Bilbon eskolatik antzerkira ekimenean, 160.000 ume baino gehiagok hartu-emona izan dabe arte eszenikoekaz, Euskal Herriko artista eta konpainiekaz. 1995-1996 ikasturtetik 754 emonaldi eskaini dira, eta ekimenean uriburuko 96 ikastetxek hartu dabe parte.

Ikasturte honetarako 28 saio antolatu ditue (euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez) zortzi konpainiak. Taldeek Bilborocken, Campos Antzokian, Alondigan eta Otxarkoagako eta San Frantziskoko udaltegietan eskainiko ditue euren lanak. Antzerki denooraldiahasi barri dabe. Emonaldietara joateko aukera eskaintzeaz gan, Bilbon eskolatik antzerkira ekimenaren barruan, Kultura eta Hezkuntza Sailak material didaktikoak ipiniko ditu irakasleen esku, taldeekaz lan egin ahal izateko, ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule barrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko, dinoe programearen arduradunek.

Eskola Antzerki Lehiaketearen helburu nagusia da arte eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko moduan erabiltea, eta umeen artean arte eszenikoak sustatzea. Lehiaketan, moldatutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dira. Emonaldi programearen osogarri egokiena da, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera paseta dira eta, adierazo dabe.

Irabazleek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dabe, ikasturtean egin beharreko muntaietan laguntzeko. Ganera, euren lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Arriaga Antzokian egingo dan Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Bilboko ikastetxe guztiek parte hartu ahal dabe, hau da, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek.
 

Osorik irakurri