1808ko zemendiaren 8an, armada frantsesak su emon eutson Balmasedari, lau aldetatik emon be. Herriko 153 etxeetatik 75 erre ziran. Orduan jazotakoak antzeztuko ditue zapatuan 300 bat herritarrek. Entseguak egiten dabilz egunotan.
Orain sei urte, sutearen 200. urteurrenean, be egin eben balmasedarren antzezkizuna, baina aurten barriro egitea pentsau dabe, zapatuz dalako zemendiaren 8a, orain berrehun eta sei urte lez. Aurrekoan 15.000 ikusle batu ziran herrian, eta oraingoan gehiago izatea espero dabe Udaleko arduradunek.
Egitaraua eguerdian hasiko da, 12:00etan, San Severino plazan. Balmasedako herritarren eta batailoi frantsesak bertan egingo dabe topo: frantsesak udal-frointoitik urtengo dira, Zubi Zaharretik eta Hedegile kaletik pasau, eta San Severino eleizearen atzealdetik, udaletxearen aurreko alderaino joango dira. Frontoira bueltauko dira gero, Geltokiko Zubitik eta Martin Mendia pasealekutik.
Arrastian, 18:30ean, sutea antzeztuko dabe. Hauxe izango da ibilbidea: Zubi Zaharra, San Juan eleizea, Martin Mendia kalea, Markes plazea eta San Severino plazea.
1808ko maiatzaren hasi zan Espainian Independentzia Gerrea. Euskal Herriko hainbat herritan lez, Balmasedan be euki eban ondoriorik. Soldadu frantsesak zemendian ailagau ziran, eta hilare 8an lau aldetatik emon eutsien sua herriari: Ospitaletik lehengo Udaletxera arteko etxeak, Erdiko kalearen eta Kale Zaharraren artekoak (gaur egun Pio Bermejillo eta Martin Mendia kaleak), Erdiko Kaleko guztiak eta Hedegile kalearen inguruko guztiak, Merkatuko plazara arte erre ziran. Herria miseria gorrian geratu zan.
Argibide gehiago, hemen.