Gaur goizean aurkeztu da prentsaurreko baten bitartez Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko IV. Bertsulari Xapelketako finala. Prentsaurrekoan izan dira: Marikarmen Albizu, Bertsularien Lagunak alkarteko eragile anderea; Maurice Aguerreche, Xapelketako antolakuntza arduraduna; Miren Artetxe, Xapelketako antolakuntza kidea eta sei finalistak: Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Odei Barroso, Ramuntxo Christy eta Xumai Murua. Maddalen Arzallusek ezin izan dau bertan egon.
Hasteko Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko IV. Bertsulari Xapelketeak orain arte izan dauen ibilbidea laburtu dabe. Ondoren, zemendiaren 15ean jokatuko dan finalaren ganean hainbat argibide emon ditue.
Kanporaketen eta finalerdien inguruko hainbat ohar emoteko Miren Artetxek hartu dau berbea: Orain arte hiru kanporaketa eta bi finalerdi jokatu dira xapelketearen barruan. Urriaren 4an abiatu zan bertsu-bidaia Muskildin, eta entzuleen erantzun goxoa sentidu ahal izan genduan bertan. Senperen jokatu zan bigarren kanporaketea EHko Bertso Eskolen Egunagaz batera, eta zazpi probintzietako gazteen ilusinoak eta alaitasunak indartu eban gure egitasmoa. Holan, gogoz heldu ginan Aiherran jokatu zan azken kanporaketara. Hiru saio horreetako giro onak itxitako aho-zapore goxoz, bertso-egarriz heldu ginan finalerdietara. Urriaren 26an jokatu zan lehena Larresoron, eta joan dan domekan bigarrena Aiziritzen, erabagita itxita, beraz, finalean izango diran sei bertsolariak.
Finalari buruzko zehetasunei heldu baino lehen, eskerrak emoteko gogoa eta ardurea sentiduten dogu. Alde batetik, gure eskerrik beroena emon nahi deutsegu saioetara hurreratu diran bertsozale guztiei, eurek hauspotzen dabelako gure hiru lurraldeetako bertsogintzea, eta eurak diralako eragile bertsolaritzearen suspertze honetan. Bestetik eskerrak, parte-hartzaile, laguntzaile (epaile eta gai-emoile taldeak barne) eta babesle guziei. Era berean, zelan ez eskertu xapelketako ibilbide osoan bidelagun izan doguzan eta izango doguzan alkarteak. Aurten, izan be, herrietako alkarteakaz alkarlanean antolatu dira saioak, eta sano aberasgarria begitantzen jaku saioen prestaketa lanetan, saioetan zehar eta saioen ondotik garatutako harremana. Mila esker bihotzez, beraz, Muskildi Bizi alkarteari, Aiherrako Belzuntze alkarteari, Larresoroko Ote Lore alkarteari eta Amikuzeko Zabalik alkarteari.
Ondoren Miren Artetxek Maurice Aguerretcheri itxi deutso berbea, eta finalaren ganeko zehetasunak aurkeztu ditu: Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko IV. Bertsulari Xapelketako finala Baionan jokatuko da, Lauga gelan, zemendiaren 15ean, 17:00etan.
Finalaurreko fasetik sailkatu diran sei bertsolari lehiatuko dira bertan: finalerdietan lehen postua irabazi dabenak, Sustrai eta Eneritz, eta danetara puntu gehien lortu daben lauak, beraz hau da seikotea: Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Ramuntxo Christy, Odei Barroso eta Xumai Murua.
Ondokoak izango dira saioan zehar egin beharreko lanak:
Seikotearen lana (15na bertso puntuagarri)
• Agurrak.
• 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso.
• 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertso.
• Banaka, 3 punturi erantzun.
• 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertso.
• Kartzelan bakarka, gaia emonda hiruna bertso doinu eta neurri librean.
Buruz burukoa (9na bertso puntuagarri):
• 6ko mozean ofiziotan, hiruna bertso.
• 8ko ttikian ofiziotan, hiruna bertso.
• Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertso doinu eta neurri librean.
• Agurrak.
Behin lanak amaituta eta epaimahaiaren erabagia esku artean, txapela emoteko momentua helduko da. Eta aurten, Txomin Ezponda bertsolari baxenafartarrak jantziko deutso txapela txapeldun barriari.
Txomin Ezponda, 1937ko irailaren 9an Jatsun sortua, bat-bateko bertsolaria eta bertso-jartzailea, laurogei eta laurogeita hamargarren hamarkadetan plazaz-plaza ibili izanagaitik ezagutzen dogu gehienbat. Nafarroako zein Euskal Herriko txapelketetan ibilitakoa, Xalbador eta Mattin bertsolari ezagunen eta belaunaldi haretako bertsolarien kantukide izan zan. Gaur egun gazteak diran bertsolari askogaz be kantau izan dau Ezpondak, bere jardunagaz indartuz belaunaldien arteko beharrezko zubilana.
Beste alde batetik, aurtengo txapelketako finaleko barrikuntza nagusia Txato Saria izango dala aurreratu dau Miren Artetxek.
Txato Saria
Aitor Renteria Txato bertsolari, kantuzale, euskaltzale eta laguna joan jakun xapelketa honen prestaketa lanak abiatuak zirala. Haren ekarpenak gure artean jarraitzen dau, eta ekarpen hori ikusgarri egin nahi geunke Txato Sariaren bidez. Txatoren ahots ederra eta kantuzaletasuna gogoan, bere izeneko sariak finaleko bertsolarien artean kantaera aberatsena erabilten dauen bertsolaria saritzea izango dau helburu. Kantaera aberatsena dinogunean, doinutegi aberatsena aitatzen dogu gehienbat, baita doinuen erabilerea be, hau da, airearen eta bertsoaren edukiaren arteko koherentzia.
Sari honetarako kontuan hartuko diran ariketak, 6 bertsolariek egin beharko dituenak izango dira, hau da, buruz-burukora arteko saioa. Eta horretarako, hiru epaimahaikide ezin egokiagoen laguntzinoa izango dogu: Mixel Aire Xalbador bertsolari baxenafartarra (kantaera ederragaitik be ezaguna), Pantxika Solorzano Bertsolarien Lagunak alkarteko kide, kantari eta musikari lapurtarra eta Jojo Bordagarai baxenafartarra, euskal kantagintzako ahots ezaguna eta ibilbide luzekoa, hirurak be Txato ezagutzen ebenak.