Bildurra eta bildurrari aurre zelan egin, horrek dira Ana Urkizak idatzitako Mamuak (Elkar) liburuaren gai nagusiak. Ipuin luze eta laburrez osotu dau lana, eta danetan agiri dira mueta bateko eso besteko mamuak.
Alkarbizitzearen gazi-gozoak, bikoteen bakardadea, gurasoen larritasunak, gaztaroaren amaierea... Egilearen begirada zorrotzak hainbat egoeraren ingurua idatzi dau. Lehenalditik datoz mamu asko eta asko. Bizitzearen erdialdera heldu, eta denporearen espiluan begiratzen dabe protagonistek euren burua.
Hamahiru kontakizunetatik sei luzeak dira, sakontasun handiena dabenak. Suizidioa, bortxaketa bat eta umeen kontrako tratu txarrak dira, besteak beste, Urkizak jorratutako gaiak. Emakumearen ikuspegia da nagusi, umedun dagoan emakume gaztearena, amama izatekotan dagoan amarena eta abar.
Ana Urkiza Ibaibarriaga 1969an jaio zan Ondarroan. Informazino Zientzietan lizentziaua da, eta Enpresa Komunikazinoan aditua. Unibersidade-irakaslea da, hainbat komunikabidetan kolaboratzailea eta finantza-erakunde bateko giza baliabideetako zuzendaria bere bai. Mamuak helduentzako hirugarren ipuin-bildumea. Aurrekoak Desira izoztuak (2000) eta Bekatuak (2005) izan ziran. Horrezaz aparte, poesia, aforismoak, biografia, ume eta gazte-literaturea argitaratu dau, Zortzi unibertso, zortzi idazle (2006) alkarrizketa liburua bere bai.