Manex Sagarna Junkera: 'Esperientzia gozau gura dot'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 10a, 00:00

Manex Sagarna Junkerak (Igorre, 1986) Euskal Filologia eta Gizarte Hezkuntzea ikasi zituan. Bitarteetan, baina, danerik egin dau arratiarrak: irakasle, monitore, bertso-irakasle... Aspaldion bere barririk jakin barik nengoan eta benetan harritu nau zertan dabilen jakiteak.

Manex, aspaldiko ezaguna, bertsoagaz eta filologiagaz lotzen neban batez be, eta non topauko eta eskunarruak jantzita, Eibar eta Barakaldoko atezain-entrenadore. C.D. Arratian hasi eta hogeita lau urtegaz Zornotzara joan zan entrenetan. Gaur egun, hogeita hamar urte bete barik, Barakaldoko lehenengo taldeko atezainen entrenamenduak daroaz eta Eibarreko zortzi-hamazortzi urtera artekoen koordinadorea be bada.

Gelditu ugari egin ditu Manexek, baina Bizkaie!-n paretea falta jakun. Palomitak eginda edo egin barik, gozau egizue bere berbakaz:


1.- Noztik hona daukazu zaletasuna eta nondik nora ibili zara Eibarrera ailegau arte?

Zaletasuna txikitatik jasoa da. Gaur egun zaletasun hori lanbide izatea ames bat da niretzat. C.D. Arratia herriko taldean hasi nintzan umeakaz eta urte bitan taldeko arduradunek nagusietako atezainak entrenetako aukerea emon eustien. Aukera horri esker esan neike gaur egun lanbide honetatik biziteko aukerea daukadala. Asko zor deutsiet nire aldeko apostua egin eben horreei. C.D. Arratian bi urte egin eta gero, Amorebieta talde semiprofesionalagaz bi urte zoragarri egoteko aukerea suertau jatan. Han lan kontratua amaitu eta Eibarren deia jaso neban, harrobiko atezainak entrenau eta koordinetako ardureagaz. Aurten, goizez Barakaldo taldeagaz lehen esperientzia profesionalean nabil eta arratsaldez Eibarren segiduten dot igazko lan bardintsuagaz.


2.- Bardin umeak nahi nagusiak entrenetea zer dan badakizu. Ze berezitasun dauka bakotxak? Batagaz parau behar izan ezkero, zein elejiduko zeunke?

Umeak entrenetea formazino lanari lotuta dago. Bertan, zortzi eta hamazortzi urte bitarteko ume eta gazteak hasieratik hartu eta errendimendu altua emoteko oinarriak lantzen doguz: lan nekeza, baina epe luzera polita da. Etorkizunean atezain horreek ahalik eta gorenean jarduteko lan espezifikoa egiten dogu, beti be kirola talde-baloreetan oinarrituz. Nagusiak entrenetea euren egunerokoan ahalik eta ondoen egon daitezan oinarritzen da. Errendimendura lotuta dago, prest egon daitezala maila fisiko eta psikikoan astero eukiko dituen egoera errealei aurre egiteko.

Harrobiko lanean entrenatzaile onenak egotearen aldekoa naz, atezainen entrenatzailearen benetako lana bertan dagoalako.


3.- Zelango eragina euki dau herrian Eibar lehenengo mailan egoteak? Eta zelan ikusten dozu taldea bera?

Herriarentzako eta taldearentzako sekulako booma izan da. Gorakada ekonomiko eta sozial handia euki dau taldeak eta asko nabarmentzen da hori. Klubeko atezain gazteentzako egun baten bertara heltzeko espilu dira lehen taldeko atezainak. Eibar ondo dabil liga hasieran, partidu guztietan konpetidu dau eta honezkero hamar puntu eskuratu ditu. Hamar puntu gitxiago falta jakez salbazinoa lortu ahal izateko. Hori da helburu nagusi eta garrantzitsuena lehen taldearentzat.


4.- Barakaldo sarritan egon da 2. A mailara igoteko moduan... zelan igarten dozu taldea aurten?

Taldea profesionalizau egin da aurten. Goizez entrenetan dogu, eta daukagun taldea oso ona da. Simeonek bere berbaldietan dinoan moduan, egunetik egunera eta partiduz partidu joan behar da, astero hiru puntuak lortzeko egiten dogu lan. Erronka polita daukagu aurtengo denporaldirako, eta ilusinoa eta lanerako gogoa begi-bistakoa da. Herrian be atzemoten da zeozer garrantzitsu eta historikoa egitearen xarma, zaborea. Denporaldi akabuan ikusiko da non gagozan, baina orain arteko emoitzak eta sensazinoak oso onak dira.


5.- Egun osoko beharra da zurea edo beste beharren baterako denporea emoten deutsu... zelangoa da zure agendea?


Aurrez erantzun legez, Barakaldon goizez entrenetan dogu, eta Eibarren astean lau egunetan arratsaldez. Asteburuetan Barakaldogaz joaten naz partiduetara. Partidu asko Madril inguruetan daukaguz, eta asteburuak bertan pasetan doguz. Libre banago, Eibarreko harrobiko taldeak ikusten be saiatzen naz. Kotxeari kilometro asko egin deutsadaz, baina beste asko egiteko asmoa daukat. Hobby bat zana lanbide izatea apenas sinistuko neuke urte batzuk lehenago. Agenda oso betea da, baina oso gustura egiten dan beharra da.


6.- Ze ezaugarri euki behar ditu atezain perfektuak? Iribar ala Arkonada gurago?

Atezain perfektuak apenas existiduten dira. Lupaz begiratzen dan postua da futbolean, eta akatsek ageriko garrantzia daukie: ebidentzian geratzen diran hutsak dira, ondo egindako lanak baino gehiago.

Atezain argi baten perfila da niri gustetan jatana: partidu osoan partiduan sartuta dagoana, etorriko diran akzinoak gelditzeko kapaza dana, baina, batez be, saihestu daitekezan egoerak aurrikusten dituana. Iribar eta Arkonadaren artean aukeratzea gatxa da, konpromiso baten jartea da hori. Biak eukiezan dohain eta ezaugarriakaz geratzen naz. Euskal futbolak emon dituan atezain historikoak dira. Nekez eukiko doguz holango tamainako atezain bi.


7.- Entrenadore beharretan segidutea da zure gogoa edo beste zeregin batzutan ikusten dozu zeure burua?

Irakasle lanak alde batera itxita daukadaz aurten. Esperientzia gozau gura dot, eta esperientzia honetatik asko daukat aterateko. Gaztea naz eta hasibarria neurri haundi baten mundu honetan. Gerokoak begiratu barik, egunero esperientzia iturri honetatik elikatu gura dot. Eibarren eta Barakaldon daukadazan lankideakaz gustura nago. Profesional asko dago mundu honetan eta egunero dago zer ikasi. Horretantxe gabilz.


Labur-labur

- Hobby bat: Bariku iluntzeetan lagunakaz egotea.
- Mania bat: Adidas bota baltzak erabiltea eta partiduko beroketa hasi aurretiko utilleroaren kafea edatea.
- Jateko bat: Amaren patata-tortilea.
- Atezain bat: Victor Valdés.
- Atezain entrenadore bat: Luis Llopis (Granadan dago gaur egun).
- Aurrelari bat: Cristiano Ronaldo.
- Futbol-zelai bat: Mendizorrotza (bisitau dodazan zelaietan gehien liluratu nauena).
- Futbol-talde bat: C.D. ARRATIA (Aurten igoerea lortuko dabe Ohorezko Mailara).

Osorik irakurri