Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietako ikasle kopuruak gora egin dauela jakinarazo eben barikuan prentsaurrekoan Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Joseba Erkizia HABEko zuzendariak. % 1,20 egin dau gora matrikulazinoak; halanda ze, danetara, 25.351 ikasle ikasle egongo dira 2014/1015 ikasturtean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak bikainak dirala nabarmendu eben prentsaurrekoan, euskerea hizkuntza bizia dala eta etorkizunean indartsuagoa izango dala erakusten dabe matrikulazino datuek. 2010 eta 2013 urteen artean izandako matrikulazinoaren beheranzko joeran inflexino puntua da, euren esanetan.
Igaz, matrikulazinoa apurtxu bat bajatu zan, %0,5, hain zuzen be. Dana dala, 2014/2015 ikasturtea 32.630 ikaslegaz amaitu zan. Hasi barri dan ikasturtean, ikasle guztien 12.991 Bizkaian dagoz, 8.285 Gipuzkoan eta 4.092 Araban. Joseba Erkiziak zehaztu ebanez, ikasle guztien %45,6 HABE 1 mailan (A1, A2 eta B1) dagoz, %24 HABE 2 mailan (B2), %26,6 HABE 3 mailan (C1), %2,5 HABE 4 mailan (C2) eta %1,16 beste maila batzuetan.
Ikasleen %85ek eskoletara joanda ikasiko dau, eta %15 autoikaskuntzako metodoaren bidez. Ikasleen %67,3 (17.063 ikasle) emakumezkoak dira, eta %32,69 (8.288) gizonezkoak. Ikasleen batez besteko adina 37 urte da.
Oraindino egiteko asko dagoala adierazo eban Baztarrikak, EAEko hizkuntza ofizial bien arteko harreman asimetrikoekaz amaitzeko. Eusko Jaurlaritzeak 2015eko aurrekontuen proiektuan miloe bat euroko sail bat sartuko dauela iragarri eban, HABEren mailaren bat gainditzen daben euskaltegietako ikasleei zuzenduta, hau da, aurten bideratutako 800.000 euroak baino %25 gehiago.