Bilboko III. Berbaguneak euskaldunak eta euskera ikasten dabilzanak batuko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 10a, 00:00

Bilboko Udaleko Gazteria, Kirol eta Euskera Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerearen Zuzendaritza Nagusiak bat egin dabe barriro be Bilboko Berbagunearen hirugarren edizinoa antolatzeko, euskerearen erabilerea sustatzeko helburuagaz. Ekitaldia Alondigean izango da, zemendiaren 13an, eta 2.000 bat euskaldun batzea aurreikusita dago, hau da, aurreko edizinoan baino 400 gehiago.

Antolatzaileek azaldu dabenez, hirugarren edizino honetako erronkea, barriro be, euskerea kalera ateratea eta euskaldunek zenbait gairen ganean euskeraz berba egitea da, besteak beste, liburuei, kirolari, aisiari buruz euskeraz berba egitea, eta holan Bilbon euskerearen erabilereari bultzadea emotea.

Berbaguneak deialdia edegi dau euskeraz ulertzeko eta berba egiteko gai diran persona guztientzat, antzeko ardurak dituen personakaz berbetan, giro atseginean, ibili nahi badabe. Horretarako, euskaldunak eta euskera ikasten ari direnak jarriko dira mahai berean, 09:30etik 19:00ak arte, hainbat alkarrizketatan parte hartzeko.

Jarduera egun guztian izango da, baina txandaka. Txanda bakotxean 500 persona inguruk parte hartuko dabe. Lau txanda egongo dira: lehenengoa 09:30etik 11:00etara, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 17:00etatik 18:30era, Alondigako atrioan.

Txanda bakotxean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakotxean sei persona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz berba egingo dabe. 20 minutuko bariketalditxuaren ostean, egondako mahaitik altzau eta beste batera joango dira parte-hartzaileak, beste gai baten ganean berba egiteko.

Txanda bakotxean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak, hau da, hiru berbagai izango dira. Horretarako, parte-hartzaile bakotxari lantzeko gaiak jasoten dituan triptiko bat banatuko jako. Mahai guztietan persona bana egongo da gaia proponiduteko eta mahaiko kideen alkarrizketan moderatzaile lanak egiteko.

Ekitaldia erakargarria izateko kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politikearen arloetako zenbait persona ezagunek be parte hartuko dabe Berbagunean.

Osorik irakurri