Jantza tradizionalaren dibulgazinoan dabilzan musikariek eta jantza-maisuek osotutako Aiko Taldeak euskal jantzak ikasi eta zabaltzeko tresna barri bat jarri dau internauten esku. Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik – A new recording of the basque jauziak dances collected by Sagaseta izeneko lan dokumental eta diskografikoa da, Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketa Zentroak argitaratutakoa, taldearen webgunean be eskuragarri dagoana.
Webgunean txertatutako materialen artean, jauziak eta muxikoak izenez ezagutzen diran euskal jantzen inguruko testuak, bideoak, musika grabazinoak eta partiturak dagoz, hau da, Aiko Taldeak antolatzen dituan tailer eta erromerien zati garrantzitsu bat. Hauxe da, euskal jantza tradizionalaren alderdi zehatz honen ganean gaurdaino egin dan interpretazino arloko batze lanik handiena. Lanak, Migel Angel Sagaseta Ariztegi abade musikariak 70eko hamarkadan jauzien ganean eta Nafarroako Behereko jantza tradizionalen oinarri koreografiko lez daben garrantziaren ganean egindako lana izan dau abiapuntu.
Lanaren balio etnografikoari, bere izaera didaktikoa eta dibulgatiboa be gaineratu behar jakoz, Euskal Herriko jantza tradizionalen garrantzia dokumentau eta horreen ikasketea errazten dauelako, ikuspuntu praktiko batetik. Holan, Sagasetak batutako jauzi tradizional guztien lehen grabazino osoa eskaintzen dau, baita jantzazaleei zuzendutako pausuen gida bat eta jantzen musika-transkripzino barri bat be, pausuak markatuak dituan beste bersino bategaz batera.
Ekimen honen bitartez, jantzazale guztien esku jarri nahi dira, Aiko Taldeak jantza tradizionala aisia, komunikazino eta sozializazinoaren arloko alternatiba garaikidetzat sustatzeko produzidu dituan baliabide didaktiko eta pedagogiko guztiak. Sauts-basques izenagaz be ezagutzen diran jantza horreek azken urteotan Euskal Herriko plazetan eskaintzen dan jantza-errepertorioaren zati garrantzitsua bilakatu dira, baita Aiko Taldeak urterik urte antolatzen dauen Dantzaldi Ibiltaria ekimeneko tailer, ikastaro eta erromerien zati garrantzitsua be.
Ikerketa lana
Aiko Taldeak 2007tik Euskal Herriko leku desbardinetan egiten dauen prestakuntza-lanak 2.000 persona baino gehiago erakarri ditu ekitaldi eta jarduerotara, eta apurka-apurka, jantzak transmitidu eta irakasteko era barri bat bilakatuz joan da. Alderdi pedagogiko honen barruan, taldeak bere eskoletan erabilteko moduko material didaktikoak atondu, produzidu eta argitaratzen ditu, eta horren haritik, Urraska ikasleei eta jantzazaleei begira sortutako testuliburua dala esan daiteke. Jauziak Euskal Herriko plazetara zabalduz joan diran jantzak dira, jantza-errepertorioaren ezinbesteko alderdi bilakatu diranak. Horren harian, taldeak jauzien azterketan eta ikerketan sakontzeari ekin deutso, monografiko hau atondu eta urteotan batutako ezagutza eta esperientzia guztia konpartidu eta ezagutzera emoteko asmoz. Lan honetan, musika-transkripzinoa egiteko proposamen barria nabarmendu behar da, baita bideo dokumentalen grabazinoak eta jauzien errepertorio tradizionalaz egindako grabazino osoa be. Azken hau bi bersinotan egin da, pausuak markauta eta markau barik.
Lana, Migel Angel Sagaseta Ariztegi abade musikariak jauzien ganean eta jantza horreen garrantziaz 70eko hamarkadan landu eta 1977an argitaratutako Luzaideko dantzak izenburuko ikerketan oinarritu da. Sagasetak erreferentziazko lan etnografiko dokumentala egin eban orduan.
Aikoren proposamen interpretatiboa zehaztu eta jantza horreen jatorriaz, musika akonpainamenduaz eta koreografiaz oinarrizko ezagutza teorikoak eskaintzen dituan testu nagusia konsultau daiteke, euskeraz eta ingelesez. Horrezaz gan, interes etnografiko handiko bideo-grabazino zaharrak batu dira –Aitziritzen, Bithiriñan eta Iholdin egindakoak–, jantza horrek gure herrian dauen zabalkunde zabala erakutsiz (bideoak apurka-apurka igoko ditue webgunera). Era berean, jauzien melodien grabazinoak eskainiko dira, pausuak markauta nahiz markau barik daukiezanak. Eskaintzea osotzeko, jantzari hasi barrien lana eta jardun koreografikoa erraztuko dauen Urrastegia boltsikoko gida-liburuskea sareratuko da.