Juan Madariaga Nafarroako Unibersidade Publikoko irakaslearen Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII liburua aurkeztuko dau Euskaltzaindiak, Donostian, Luis Villasante Euskerearen Ikergunean. Hain zuzen be egun horretan egingo ditu Akademiak XIX. Jagon Jardunaldiak, Euskerearen eta bizibarritzea Euskal Herriko uriburuetan gaiari buruz.
Liburua euskerearen historia soziolinguistikoa jorratzen dauen Etxeberri bildumearen barruan argitaratu dau Akademiak, 5. zenbakia da. Olaso Dorrea Fundazinoaren laguntzinoagaz argitaratu da. Euskal Herri osoa kontuan hartzen ahalegintzen da ikertzailea, eta eskuartean dagoan iturri eta bibliografia ahalik eta osoena erabilten dau gizartearen azterketa sozio-historikoa egiteko, hizkuntzearen ikuspuntutik, dinoe Euskaltzaindiko iturriek.
Berbaurrean Lionel Joly Euskaltzaindiko Euskerearen Historia Soziala egitasmoko kideak dinoenez, liburua historialari baten lana da. Hainbat kasutan soziolinguistikearen kontzeptuak ageri badira be, liburuan zehar, aurkezpena bera ez da kontzeptu soziolinguistikoen arabera antolatu, nahiz eta liburuaren azken zatian Juan Madariagak diglosiari buruzko azterketa bat egiten dauen.
Hamahiru zatitan banatuta dago liburua; zati gehienek egitura finkoa daukie. Bere ikergaiari buruzko iturri garrantzitsuenak zeintzuk diran zehaztu ostean, XVII. eta XVIII. mendeetako egitura soziala zehaztu dau Juan Madariagak eta, zehaztapen horreek dira liburuaren ardatza. Hamar interesgune zehaztu ditu egileak (erakundeak, eleizea, hezkuntzea eta abar), eta interesgune bakotxari atal bana eskaini deutso. Azken kapitulua, ostera, berezia da: euskerearen eta euskaldunen geografia eta demografia aztertzen ditu eta.
Aukeratutako gizarte-arlo bakotxeko hiru lan egin ditu egileak: arloari buruz interesgarriak diran aipuak jaso; euskeraz dagozan iturriak jaso; eta, iturriek euskerearen egoereari buruz emoten daben informazinoa jaso.
Jolyren esanetan, euskerearen egoerea aztertzean, hizkuntzearen soziologian jomuga izaten diran gai nagusiak aztertzen ditu Juan Madariagak: euskerearen erabilerea, hiztunen hizkuntza-gaitasuna eta hizkuntzei buruzko jarrerak, eretxi eta aurreretxiak.
Liburua gaztelaniaz argitaratu da. Aurkezpena ondokoek eingo dabe, bihar: Juan Madariaga egileak, Mikel Zalbide Euskaltzaindiko Joanes Etxeberri (Euskerearen Historia Soziala) egitasmoaren zuzendariak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Ramon Mendibil Olaso Dorrea Sorrerakundeko ordezkariak.
Liburuaren aurkibidea kusi gura izan ezkero, hemen.