Bilboko Alondigean ipini dabe, Fermin Muguruzak gidatutako proiektua zelan gauzatu dan eta sormen prozesuan ze material erabili dan erakusteko asmoz. Era berean, berbaldiak, zinema proiekzinoak, kontzertuak eta abar egongo dira Bilbon, zezeilaren 8ra arte iraungo dauen programazino berezi baten barruan. Proiektu pedagogikoa be sortu dabe, Arte Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendua.
Black is beltza eleberri grafikoa 60ko hamarkadan kokatuta dago. 1965 eta 1967 artean gauza piloa pasau ziran, txanpona airean egoan eta ezin zan igarri munduak nora joko eban, azaldu dau Harkaitz Cano idazleak, proiektuko kideetako batek. Izan be, Black is beltza Fermin Muguruzaren ideia batetik abiau zan arren, artista ugariren laguntzinoa euki dau. Cano eta Muguruza jardun dira gidoia idazten eta, irudiak, Jorge Alderete argentinarrak egin ditu. 60ko hamarkadan kokatutako akzinozko istorioa sortu dabe, sasoi haretako gustu musikal eta estetikoak erakusten dituana. Lanak badaukaz kapa musikala, historikoa, politiko-iraultzailea eta abar, nabarmendu dau Canok. Funtsean, thriller bat da. Istorioaren protagonista, AEBetan dagoan euskaldun bat da. Istorioak aurrera egin ahala, mundu osoko hainbat uritan ibilten da, bere eginkizuna beteteko bidean.
60ko hamarkadako mundu ilunean sartzeko bidea, argazki batek emon eutsan Fermin Muguruzari. Irungo musikariak berak, zehaztasun handiz azaldu dau, orain dala 14 urte, zelan hasi zan proiektua mamitzen: Prentsako argazki baten ikusi neban, 1965ean, New Yorken, Nafarroako buruhandiak eroan zituela desfile batera, baina erraldoi baltzei ez eutsien urteten itxi, tentsino arrazial handia egoalako; argazkia moztu, gelako horman ipini eta pentsau neban, hortik istorio on bat atara behar nebala. Buruari eragiten ibili eta gero, orain dala bost urte hartu eban abiadea Black is beltza egitasmoak.
Black is beltza helduentzako nobela grafikoa da, baina hasiera baten, animazinozko film baterako gidoia egitea zan Fermin Muguruzaren asmoa. Harkaitz Canori deitu neutsan orain dala bost urte, gidoia beragaz egiteko, dino Muguruzak. Nik gidoi gehiago ez egiteko erabagia hartuta neukan, baina Fermini ezetz esatea gatxa da, ganeratu dau Canok. Denporeagaz, filmaren gidoiaren ideiea aldatu, eta nobela grafikora jo eben. Mexikon bizi dan Jorge Alderete irudigile argentinarraga batu zan proiektura. Neuretzat egindako gidoia emoten eban, azaldu dau Alderetek. Nobelea euskeraz sortuta egoan arren, Alderetek dino ondo moldatu dala, lan handia egin behar izan dot, ganera ni ez nago ohituta horren proiektu luzeetara, nire lehenengo nobela grafikoa izan da, baina plazerra izan da.
Behin eleberri grafikoa argitaratuta, Bilboko Alondigan erakusketea zabaldu dabe. Prozesu kreatiboa zelakoa izan dan erakutsi nahi dabe eta erabilitako material guztia batu. Sahatsa Jauregi arduratu da hori guztia ordenau eta erakusketa bihurtzeaz: Hamar panel sortu doguz, informazino eta material guztia antolatzeko, azaldu dau Jauregik. Nobelako protagonistak bisitetan dituan hamar uriak agiri dira paneletan. Hasieran, gatxa begitandu jatan horrenbeste material erakusteko modua topetea, informazino gehiegi zan, baina panelen ideiea euki nebanean, dana errezagoa izan zan. Fermin Muguruza eta Sahatsa Jauregiren begiradapean, laguntzaile ugari izan ditue Alondigako erakusketea atontzen. Talde lana izan da, 20 bat kolaboratzaile izan dodaz eta egitasmoari bultzadea emon deutsie, esan dau Muguruzak. Argazkiak, marrazkiak, bideoak, horma-irudiak, prentsa-errekorteak eta abar ikusi geinkez.
Zezeilaren 8an zarratuko dabe Alondigako erakusketea. Tarte horretan, ekitaldi paraleloak antolatu ditue. Egitarau zabala eratu dabe, musika, zinema-proiekzino, berbaldi eta abarregaz. Bilbon egiten diran beste ekintza batzuekaz hartuemonak landu nahi izan doguz, azaldu dau Muguruzak. Holan, Zinebigaz batera jardungo dira eta Kafe Antzokiaren moduko lekuetan egingo ditue ekintza batzuk. Hasteko, barikuan, hilak 14, Jorge Alderetek master-class bat emongo dau, marrazkigintzearen ganean. Manu Chao, Ruper Ordorika, Mikel Antero eta beste asko konbidatuko ditue datozan asteetan.