1.997tik Baztan-Bertizarana-Malerrekan emitiduten dauen Xaloa Telebisteak salto kualitatiboa iragarri dau gaur, Iruñerrian be emitiduten hasiko baita aste gitxi barru. Telebistarentzako ez eze, Iruñerriko gizartearentzat be aurrerapausu handia izango da bertako euskerazko telebistearen sorrerea.
Xaloa Telebisteak 2013ko lizentzia banaketan lortu eban Iruñerrian emitiduten hasteko baimen ofiziala. Ordutik hamaika ate joten ibili da egitasmoa errealidade bihurtzen hasteko. Holan azaldu dau Joseba Igerabidek, telebistaren arduradunak.
Egitasmoak ilusino handia piztu dau hasiera-hasieratik. Horren adierazgarri, aurkezpeneko mahaian izan dan ordezkaritza zabala. Igerabidegaz batera, Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapatak, Tokikomeko presidente Urko Aristik eta Udalbiltzako Maite Iturrek be hartu dabe berbea aurkezpenean. Eurekaz batera, euskalgintzako ordezkaritza zabala be batu da aurkezpenean, proiektuari atxikimendua erakutsiz.
Euskaltzaleen Topagunearentzat Iruñerriko euskaldunek ikus-entzunezkoen alorrean bizi daben hutsunea betetera dator Iruñerrirako euskerazko telebista barria. Topaguneak hasieratik hartu dau beregan proiektua euskalgintzako beste eragileakaz konpartiduteko ardurea, eta erantzuna oso positiboa izan da hasiera-hasieratik.
Tokikomeko presidente Urko Aristik be pozgarritzat jo dau Xaloak bere jarduna Iruñerrira zabaltzea. Inguru urbanoetako toki komunikabideek eragin handia izan leikie, publikoarengan zein inguruko beste tokiko hedabideetan, eta guretzat funtsezkoa da uriburuetan toki komunikabide sare ahalik eta osotuenak izatea. Xaloak zeregin garrantzitsua izango dau inguruko beste hedabideakaz alkarlanean, laster martxan izango dogun Iruñerriko agerkari digitala ikus-entzunezko edukiz horniduten.
Udalbiltzak be pozik hartu dau proposamena: Maite Iturreren esanetan, gaur-gaurkoz, telebista ezinbestekoa da euskerearen erabilerea bultzatzeko, etaIruñerriaren egoerea kritikoa da alde horretatik: euskerazko telebistarik ez egotetik holako bat sortzera pasauko gara, aurrerapausu praktiko eta sinboliko handia gure ustez.
Euskerazko telebista barriak abenduan hasiko ditu probako emisinoak, eta azpiegitura teknikoak martxan jarteko 50.000 euroko inbersinoa egin behar dau. Hori finantzateko, telebisteak diru-batze edo crowdfunding kanpaina bat abiatu dau Karena plataforma euskaldunean. Besteak beste, Euskaltzaleen Topaguneak, Tokikomek eta Udalbiltzak be bat egin dabe kanpainearen helburuakaz, euskalgintzako beste hainbat eragilegaz batera. Euskal Herri osora zabalik dagoan kanpaineak 40 egun ditu behar-beharrezkoak diran errepikagailu bi erosteko 50.000 euro horreek ekarpen txikien bidez batzeko.