Makinatxu bat bertsozale batu ziran zapatuan Baionako Lauga gelan, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereako bertsolari txapelketako finala ikustera. Sustrai Colina izan zan nagusi. Maiatzean hildako Aitor Renteria Txato Bertsularien Lagunak alkarteko zuzendaritzakidea izan eban gogoan agurrean Colinak.
Saio ederra izan zan, Xilaba 2014 Bertsulari Txapelketako antolatzaileek adierazo dabenez. 1.500 bertsozale inguru alkartu ziran Baionan. Sustrai Colinak eta Maddalen Arzallusek jokatu eben buruz burukoa, eta Urruñakoa nagusitu jakon Donibane Lohitzunekoari. Puntuazinoari jagokonez, hemen bertsolari bakotxak lortutakoak: Sustrai Colinak, 816,5 puntu: Maddalen Arzallusek, 763; Odei Barrosok, 457,5; Eneritz Zabaletak, 449; Xumai Muruak, 437; Ramuntxo Christyk, 435.
Txomin Ezpondaren eskuetatik hartu eban irabazleak txapela eta makilea. Urte luzeetan plazaz plaza kantetan ibilia da, gure lurraldeetako bertsolaritzearen transmisinoaren aktore ezinbestekoa.
Txapelaz aparte, beste sari bat be izan da aurten: Txato Saria. Aurtengo Xilabarako gai prestaketearen abenturan, lagun on batek itxi gaitu bidean: Aitor Renteria 'Txato'-k. Haren ekarpenak gure artean jarraitzen dauenez, gaurko saioan sari berezia eskaini da kantaera politena, doinutegi aberatsena eta edukia eta doinua ondoen lotu dituanari, azaldu eben antolatzaileek. Txato saria nori emon erabagiteko, epaimahai berezia izan dabe laguntzaile: Pantxika Solorzano, Jojo Bordagarai eta Mixel Aire Xalbador. Odei Barrosok irabazi eban, hain zuzen be, Txato Saria.
Bai Sustrai Colinak bai Odei Barrosok Aitor Renteria Txato izan eben gogoan euren agurretan:
Txato Saria, Odei Barroso:
Mila zorion Sustrai
poz bat da denontzat
gaur kantakera inork
hartu badit ontzat
bere tantak ditu ron
botila bakoitzak
batzen gaitu bizitzak
nola heriotzak
aio uzkian olio
ta gora bihotzak.
Txapeldunaren agurra, Sustrai Colina:
Nahiz ez dakidan aski handia den
zuk guri utzia biltzeko
Txato zuretzat doa txapela
goizegi baitzen hiltzeko
zuri ohore eta milesker
bertsozale bihotzeko
pribilegiatu sentitu bainaiz
bertso-saio bakoitzeko
ez baitut txapel beharrik izan
maitatua sentitzeko