Herritarrei Plateruena Kafe Antzokia diruz laguntzeko irailean abiatu eben kanpainearen erdian, orain arteko emoitzak jakinarazoteko prentsaurrekoa egin dabe gaur, Jone Miren Goenaga Plateruenako lehendakariak eta Nerea Iriarte zuzendaritza batzordeko kideak. Kanpainearen erdian, behar dogunaren laurena lortu dogu; ez da gitxi, baina ez da nahikoa, azpimarratu dau Nerea Iriarte zuzendaritzako kideak. Bost urtean Plateruena diruz laguntzeko konpromisoa hartu dabe dagoeneko, 200 lagunek. Bazkide barri horreei eskerrak emon deutseez gaurko agerraldian, eta oraindino konpromisoa hartu ez dabenei luzatu deutsee konbita: Orain da ekarpena egiteko sasoia, adierazo dau Jone Miren Goenagak. Edozelan be, abenduaren 31ra arte dago ekarpen kanpainan parte hartzeko aukerea.
Diru ekarpen eta borondatezko lan kanpainea abiatu ebenean azaldutakoaren arabera, orain 10 urte eraikina barritzeko eskatutako kredituaren 250.000 euroko zorrari aurre egin behar deutso Plateruenak, datozen bost urteetan. Bazkide barrien ekarpenagaz, datozen bost urteetan urtero 50.000 euro eskuratzea da helburua, izan be, gaurko prentsaurrekoan azpimarratu dabenez, Plateruena zabaltzeko bere sasoian egindako inbersinoa da zor horren jatorria: Hori kenduta, Platerueneko kulturgintza eta ostalaritza proiektua bideragarria da, azpimarratu dabe.
Katamalo taldearen babesa
Katamalo taldeak 2011. urtean Plateruenean eskaini eban orain arteko azken kontzertua. Gotzon Barandiaran taldekideak azaldu dauenez, Plateruenak diru-ekarpen kanpainea abian jarri dauela jakin genduanean erabagi genduan gure ekarpen xumea izan eitekeala kontzertu haretako grabazinoaren eskubideak eurei eskaintzea, eta horren salmentatik ateratako dirua Plateruenari bideratzea: bidelagun izan doguzanei laguntzeko. Orain 10 urte sortu zanetik, Durangoko Kafe Antzokia beti egon dala Katamalo lako proiektuetan inplikauta azpimarratu dau Barandiaranek.
Argitaratu barri daben diskoan, aurreko diskoetan jaso bako Katamaloren hainbat kantu dagoz, besteak beste: Sonoridade berezia dabe disko honetako 18 kantek, eta beste dimensino bat hartu eben kontzertu haretan, azaldu dau Gotzon Barandiaranek. Mila lagunetik gora alkartu ziran 2011ko zemendiko kontzertu haretan, eta Barandiaranen berbetan, itzela izan zan entzuleakandik jaso genduan berotasuna, eta han bizi izan genduna ez daukagu ahazteko; hasieratik geugaz kantau eban jenteak, hartu-emon itzela izan zan, eta oso hunkituta egon ginan emonaldian zehar be. Berotasun hori atzemoten da diskoan bere.
Zortzi euroan eskuratu daiteke Katamaloren zuzeneko diskoa, Plateruenean, Anbotoren bulegoan eta euskerazko tokiko hedabideen bitartez.
Abenduaren 6ko jaia
Abenduaren 6ko gauerako jai berezia antolatzen dabil Plateruena, Igor Elortza, Peru Madalena eta Eneko Sagardoy dabilz jaia atontzen, eta aurreratu dabenez, Euskal Herriko kulturgintzako hainbat lagunek parte hartuko dabe ekitaldi horretan: musikari, idazle, bertsolari, edota jantzariek, besteak beste. Ikuskizun multidisziplinarra izango da, euskal kulturgintzearen bizimin eta bizipozen ganekoa.