Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu ditu bart Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Danetara, 39 erakundek jaso dabe ziurtagiria; horreetatik hamabik goi-mailako urrezko Bikain ziurtagiria jaso dabe; hogeik zilarrezkoa eta zazpik oinarrizkoa. Kanpo-ebaluazino horreek Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 138 kidek egin ditue.
Urkulluk luzaroan egindako lana autortu deutse enpresei, eta euskerea sustatzeko barrikuntzeak dauen garrantzia azpimarratu dau: Etorkizunerako erronkea da gero eta enpresa gehiagok euskeraz lan egitea, euskereak presentzia handiagoa izatea administrazinoan, kudeaketan eta komunikazino arloan.
Kontuak kontu, 300 lagunetik gora batu dira ekitaldian, ziurtagirien zazpigarren edizinoan. Eusko Jaurlaritzako lehendakariagaz batera, oholtzan Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Ana Belen Juaristi Confebaskeko presidenteordea izan dira.
Bikain Kanpo-Ebaluazinoak Eusko Jaurlaritzeak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazinoagaz lankidetzan, eta erakunde batean euskerearen erabilerea, presentzia eta kudeaketea neurtzera daude zuzenduak. Aurten parte hartu daben erakundeek dagoeneko jaso dabe ebaluazino-txosten bana beren indargune nahiz zer hobetuen barri zehatza emoten deutsena, lortutako puntuazinoa eta horren araberako ziurtagiriagaz batera; hori guztia, lan-ibilbide desbardinetako ebaluatzaile talde batek egina, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen zuzendaritzapean.