Alfonso Gomez jaialdiko zuzendariak zemendiaren 28tik abenduaren 3ra bitartean Bilbon izango dan laugarren edizino honetako edukiak aurkeztu ditu prentsaurrean, eta haregaz batera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Saileko ordezkariak be izan dira.
Fun & Serious Game Festival jaialdia 2011. urtean sortu zan, aisialdiko bideo-jokorik eta joko seriorik (Serious Games) onenak saritzeko helburuagaz. Dagoeneko, bideo-jokoen inguruko Europako jaialdirik garrantzitsuena da.
Aurtengoa orain arteko edizinorik handiena izango da, izan be, eduki gehiago izango ditu eta nazinoartean oso ospetsuak diran txostengileek parte hartuko dabe.
Abenduaren 1ean izango dan Iberdrola Talent Day egunean sektoreko aditu nagusiak izango dira, besteak beste, Ray Muzyka, BioWareren sortzaileetako bat eta munduan eragin handia daben 100 business angel horreetako bat dana, Oscar Clark, Unity Technologieseko ordezkaria edo Raúl Rubio, Tequila Workseko CEO.
Abenduaren 2an, BBVA Mobile Game Day eguna izango da Euskalduna Jauregian, eta han, Trip Hawkins, Electronic Arts eta Digital Chocolate enpresetako sortzaileak parte hartuko dau; Peter Molyneux, 22 Cans, Lionhead eta Bullfrogen sortzailea eta Teemu Huuhtaneen, NextGameseko CEO eta sortzailea be izango dira.
Urteko Joko Seriorik onenen sarietarako deialdia egin da barriro, eta abenduaren 2an Joko Serioei eta Errealidade Birtualaren ganeko kongresua egingo da Euskalduna Jauregian. Besteak beste, Jon Binnie, G2G3ko CTO; Javier Ortizá, Innoarea Game Desing enpresako CEO eta Google Glassen Espainiako lehen Explorerra; Diego Porto, Arloon proiektuaren zuzendaria eta Luis Castillo, NeuroDigital Technologies konpainiako zuzendari eragilea izango dira.
Horrezaz gan, Euskalduna Jauregian, Euskaltel Expo Industry Zone gunea izango da. Eremu horretan, hogei estudio independentek baino gehiagok eta startupek euren proiektuak ikusgai jarriko ditue, publikoarentzat, hedabideentzat eta inbertitzaileentzat. Microsoften aldetik, Sonia Marzo izango da, Microsoften Ekintzaileen eta Barrikuntza Zentroen arduraduna. Bilbon mentoring saioak antolatuko ditu ekintzaileakaz, talentua topetako helburuagaz.
Aurten, Fun Zone gunearen neurria hirukoiztu egin da, eta jolas-eremu gehiago egongo dira, zemendiaren 28, 29 eta 30ean hurreratzen danak hainbat esperientzia bizi daizan. Bertaratutakoek League of Legends eta Call of Duty bideo-jokoen Methodz, Riocus, Ades, RaDiKal edo Stylex jokalari profesionalen saioez gozetako aukerea izango dabe. Gainera, Assassin’s Creed Unity, Just Dance 2015, Minecraft, FIFA 15, NBA 2K15 eta beste hainbat bideo-jokoakaz be gozau ahal izango dabe.
Guggenheim Museoko auditoriumean mahai-inguru bat izango da abenduaren 2an: Liburutik bideo-jokora. Mahai-inguru horretan Juan Gómez-Jurado, César Pérez Gélida eta Lucien Soulban idazleek parte hartuko dabe eta Pedro Vallín, La Vanguardiako egunkariko kultura arloko kazetariak moderatzaile lanak egingo ditu.
Aurten oso babesle berezia izango dau Fun&Serious jaialdiak: Christian Gálvez idazle eta aurkezlea, izan be, jaialdiaren izaereagaz bat etorteaz gan, bideo-joko zalea be bada, eta zenbait bideo-jokoren personaiei ahotsa jarri deutse.
Abenduaren 3an, Campos Elíseos antzokian izango dan Galan, konbidatu ezagunak izango dira, eta aurtengo irabazleak jakinarazoko ditue. Bi ohorezko sari be banatuko dira: batetik, jarduerearen saria; bestetik, Sagarik onenaren saria. Lehenengoa EA eta Digital Chocolate enpresen sortzailea eta sektoreko bultzatzaile handienetako bat dan Trip Hawkinsi emongo deutsie, eta bigarrena, Halo frankizia ezagunari, izan be, 60 miloe bideo-joko baino gehiago saldu ditu, eta bideo-jokoaren historiako sagarik garrantzitsuenetako bat bihurtu da.