Paula Kasaresen 'Euskaldun hazi Nafarroan' liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 20a, 00:00

Nafarroako hurreko historian (1970etik 2012ra) euskerearen belaunez belauneko jarraipena zelan gauzatu dan eta egungo ume nafarrak zer egoeratan bilakatzen diran euskaldun argitzeko helburua izan dau Euskaltzaindiak Jagon sailean argitara emon dauen ikerketeak. Soziolinguistika Klusterraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz argitaratu da.

Paula Kasares filologo eta antropologo iruindarraren doktore tesia (Nafarroako Unibersidade Publikoa, 2013, Patxi Salaberri Zaratiegi katedradunak zuzendua), batzen dauen argitalpen honek euskerearen iraupenaren eta berreskurapenaren oinarrian dagoan jazoerea arakatu dau. Euskerearen belaunez belauneko segidea eta hizkuntza sozializazinoa ikertu ditu. Diseinuari jagokonez, bi kasu azterketa egin ditu, bata Nafarroako Mendialdean, Iruritan (Baztanen) eta bestea Iruñean; eta bi belaunaldi hartu dira, 1970eko hamarraldian haziak eta horreen seme-alabak, 2000tik aurrera sortuak. Ikermolde etnografikoari jagokozan ohiko teknikak (alkarrizketa sakonak nahiz behaketa zuzen eta parte-hartzaileak) ez eze, azterbide biografikoa eta genealogikoa be erabili dira, orain arte Nafarroako euskerearen historia aztertzeko erabili ez diranak: hizkuntzea ardatz daben narrazino biografikoak edo —egileak holan izentauta— glotobiografiak (eta horreen adierazpen grafikoa diran glotobiogramak) eta barriemoile baten edo gehiagoren narrazinoak buztarturik jaso diran sendien hizkuntza-historiak edo —egileak holan izentauta— familien glotohistoriak (grafikoki glotohistoriogramak). Holan bada, ikerlan honek Nafarroako bi gizataldetan euskerearen belaunez belauneko jarraipena kaskaildurik edo ia etenik egonda berbaerearen segideari eusteko eta umeak euskaldun hazteko familien bizipenak izan ditu oinarri.

Landa ikerketek erakutsi dabenez, Nafarroako euskerearen hurreko historia ez da lineala edo etenbakoa; hizkuntzearen galtze eta berreskuratzea gertatu da, berbaerearen belaunez belauneko segidak hausturak nahiz estekadurak izan ditu, eta jarraipenagaz batera etena be agiri da. Arrakala horreek hizkuntzearen espazioan eta denporan igarri daitekez, bai biziguneen artean, bai belaunaldien artean eta hiztunen bizi-ibilbideetan.

Nafarroako euskerearen belaunez belauneko jarraipenak hiztunen hizkuntza-sozializazino prozesua izan dau euskarri. Hizkuntza sozializazinoak hiztunen bizialdi osoa hartzen dau, ez umezaroa bakarrik; prozesu orohartzaile edo holistikoa da, familiara mugatzen ez dana; dinamikoa, eragingarri askotakoa eta baldintza soziohistorikoei lotua, ez mekanikoa; alkarreragilea, ez noranzko bakarrekoa; malgua eta denporan aldakorra, ez beti-batekoa. Nafarroako euskerearen hurreko historian hizkuntzearen jarraipena hiztunen atxikimenduek eta hautu-erabagiek ahalbidetu dabe. Izan be, euskereak ez dirau Nafarroan guraso euskaldunek beti ume euskaldunak hazi dituelako, hainbat nafarrek euskerearen aldeko atxikimendu eta hautuak egin dituelako baino. Hiztun batzuk umetatik heldu jaken euskereari lotu jakoz, baina beste anitz euskarara gogoz hurreratu dira, hizkuntzea ikasi, harrtu-emonetan sartu eta beretu dabe. Hiztun horreek gero aitamatu diralarik, seme-alaben hizkuntza sozializazinoa beretakotutako berbaeran egin nahi izan dabe, eta holan hasi da hainbat familiatan euskerea (berr)etxekotzen.

Hiztunak euskerearen jarraipenaren eraldatzaileak izan daitekez eta umeak, hizkuntzearen segidan jasotzaile hutsak baino gehiago, eragile aktiboak eta hizkuntzearen historiaren eratzaileak dira. Beraz, egun Nafarroan euskaldun izatea hautua da. Euskerea beretakotzea ez dator bakarrik sorlekutik, jatorritik edo gurasoakandik. Aukera hori hiztunek eurek egiten dabe berbaereagaz eratzen dituen atxikiduren bidez. Euskereak iraun daian belaunaldi bakotxak berbaerea beretakotu behar dau eta horretarako gizarte aukera egokiak baitezpadako ditu.

Liburuaren berbaurrean, Jean-Baptiste Coyos Euskaltzaindiko Jagon sailburuak nabarmendu dauen lez, azterlan honek Euskal herrian jorratzen dan soziolinguistika ikerkuntzeari ekarpen baliotsua egin deutso. Izan be, ikertzaileek hizkuntzek iraun deien belaunez belauneko jarraipenari lekurik behinena autortu badeutsie be, soziolinguistikeak ez du horren ganeko azterketa eredurik garatu. Orain arteko ohiko aztermoldeek izan dituen muga teoriko-metodologikoez eta ikergaiak dakartzan erronka epistemologikoaz jaubetuta, ikerketa honetan language socialization edo hizkuntza sozializazino kontzeptuaren inguruan garatutako ikerbidea, euskerearen gizaldiz gizaldiko segidearen azterketan oraindaino jorratu ez dana, erabili da. Beraz, ikerlan honek barrikuntza teoriko-metodologiko nabarmena dakar, funtsean euskerearen jarraipena nahiz egungo umeak euskaldun hazteko egoerak arakatzeko paradigma barria.

Bestalde, orain arte ikerketa batek ez dau Nafarroako euskerearen belaunez belauneko jarraipena aztergai berezitzat hartu. Ikerlan honek Nafarroan kokatu dau landa lana eta lehen aldiz Mendialdeko herri nekazari euskaldunetan ez eze urigune erdaldunduetan be bizi diran familien hizkuntza sozializazino moldeak aztertu ditu.

Buruenik, literatura soziolinguistikoan gizaldirik gizaldiko segida kaskaildurik edo etenik egonda ha berrestekatu eta berbaerearen erabilerea belaunaldi barrietan sendotu daben hizkuntzen ereduak bakanak dira. Ikerketa hutsune hori beteten laguntzea be izan da ikerlan honen helburua. Izan be, ikerketa honek euskerearen irautearen oinarrian dagozan jazoerak ditu aztergai eta erantzun behar dituan galderei Nafarroako gizartearen bilakabidearen berezitasunetik erantzuten deutse. Halan da be, ikerketearen ondorioak arazo zabalago bati lotu dakikeoz eta euskerea lako munduko hainbat hizkuntza gitxituren belaunez belauneko jarraipenaren gakoak hobeto ezagutzeko baliogarri izan daitekez.

Osorik irakurri