Getxoko Komiki Azokeak Omenaldia egingo deutse Jordi Berneti eta Xabiroi aldizkariari

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 21a, 00:00

Areetako Geltokia plazako karpan, Zemendiaren 21etik 23ra izango dan Getxoko 13. Komiki Azokeak omenaldia egingo deutso egile espainiar ospetsuenetako bati, Jordi Berneti, hain zuzen be, Torpedo sailaren ilustratzailea. Era berean, Ikastolen Alkarteak bultzatutako Xabiroi aldizkaria be omenduko dau, euskerazko istorioa zabaltzeagaitik. Bernetek berak eta aldizkarizko zenbait artistak azokako hainbat jardueratan parte hartuko dabe eta, horreez gan, The League of Extraordinary Gentlemen sagaren egile-kide dan Kevin O'Neill ilustratzaile britainiarra be egongo da.


Jordi Bernet

Jordi Bernetek (Bartzelona, 1944) bizitza osoa emon dau komikiaren munduan. Jordiren aita Doña Urraca personaia ospetsuaren sortzailea zan eta Bruguera argitaletxeko egile nagusiakaz hartu-emon estuak izan zituan. 60ko hamarkadan Pulgarcito aldizkarian hasi zan lanean eta horren ondoren Bardon Art ingeles-espainiar agentzian hasi zan. 1967an, Frantzia-Belgikako merkatura pasau zan, Spirou aldizkarian eta 80ko hamarkadearen hasieran barriro bueltau zan Espainiara, Metropol, Cimoc eta Comix Internacional aldizkarietan lan egiteko. 1982. urtean, Alex Toth ordezkatu eban Torpedo 1936 sailean. Enrique Sánchez Abulík gidoiak jarrita, alkarlan oparoa hasi eben eta mundu mailako aintzatespena berehala heldu jaken. Sasoi horretan honako lan honeek be nabarmendu behar dira: Kraken, Custer eta Light & Bold, besteak beste.

90ko hamarkadan, Carlos Trillogaz eta Eduardo Maicasegaz sortu eban Clara de noche, El Jueves aldizkariko sail ospetsuenetako bat. Aldi berean, Bonelli argitaletxe italiarrarentzat Tex western atal ospetsuan ebilen. Horrezaz gan, Jonah Hex sailean be ibili da eta aldizkako lanak egin ditu DC argitaletxe amerikarrarentzat. Aitatzekoa da The Spirit sailarentzat egin eban omenezko istorioa, horren sortzailea zan Will Eisner handia hil ondoren. Bere ibilbide profesionalean hainbat sari ospetsu jaso ditu Bernetek, esaterako Angoulêmeko komiki-jaialdiko Atzerriko Album Onenari emondakoa (Torpedo 4 albumari), Bartzelonako Komiki Azokako Sari Nagusia (1991) eta Yellow Kid saria (1995) Nazinoarteko Artista Onenaren sailean.


Xabiroi

Aldizkaria 2005. urtean sortu zan Ikastolen Alkarteak bultzatuta publiko gazteari euskerazko istorioak hurreratzeko. Hasieratik hizkuntzearen erabilera arruntaren aldeko apustua egin dabe, egungo esamoldeak erabilita eta zaharrak berpiztuta, proposamen barriak plazaratzeko asmotan. Urtean hiru zenbaki eta bilduma bat kaleratzen ditue eta euskal komikiaren erakusle garrantzitsuenetako bat da aldizkaria, euskal sortzaileen lanen erakusleiho bilakatu da eta. Besteak beste, Antton Olariaga, Iñaki G. Holgado, Asisko Urmeneta, Juan Luis Landa eta Patxi Huarte ZaldiEroaren obrak argitaratu ditue. Ganera, idazle ezagunak be erakarri ditue argitalpenera gidoiak egiteko, esaterako Harkaitz Cano, Eider Rodríguez, Iban Zaldua, Toti Martínez de Lezea, Arantxa Iturbe eta Patxi Zubizarreta.

 
Kevin O'Neill

Kevin O'Neillek (Erresuma Batua, 1953) gazteentzako umore komikietan egin eban debuta baina laster nekatu zan gai horretaz eta 2000 AD aldizkarientzat hasi zan lanean. 80ko hamarkadatik AEBetako merkatuan dabil eta polemikearen ardatz izan zan Comics Code Authority kontrol-erakundeak harek eginiko istorio bat kritikau ebalako. Lan hori, Blackest Night lan ospetsurako oinarria izan zan. 1999an, Alan Mooregaz alkarlanean The League of Extraordinary Gentlemen bizitza luzeko saga sortu eban eta horri esker nazinoarteko ospea lortu dau.

Horreez gan, konbidatuen zerrendan dagoz, besteak beste, Emma Rios, David Rubin, Sonia Pulido, Guillermo Zubiaga, Mamen Moreu, Bernardo Bergara eta Raquel Alzate.

Komiki-erakusketak be izango dira ikusgai, hainbat egilerenak. Holan, azokako karpan Mafalda: 50 urte erakusketea egongo da; Quino argentinarrak sortu eban eta mende erdian hainbat belaunaldiri barre eragin deutsen personaia hunkigarriari buruzkoa izango da. Barrutiko beste erakusketa bat Emma Riosen ganekoa izango da; Rios estaduko etorkizun handiko ilustratzailea da, azokearen aurtengo kartelaren egilea.

Euskal komikiaz be gozauko dogu erakusketetan, Guillermo Zubiagaren Joanes edo baleazale euskalduna / Joanes or the Basque Whaler lanaren eskutik; trilogia hori euskal baleazale baten abenturei buruzkoa da, eta lehen euskal-amerikar komikia dala dinoe.

Azkenik, Blanca, Rosita, Barcelona erakusketea be izango da, Miguel Gallardoren komikiari buruzkoa. Komikia Bartzelonako Udalaren Zurrumurruen Kontrako Estrategiarako egin eban Gallardok, komikia heziketa-tresnatzat erabiliz kulturaniztasun-balioak sustatze aldera.

Gainera, azkenaldian legez, beste leku batzuetan be egongo dira komiki-erakusketak. Batetik, Bizkaiko Zubian Alvaroscopio izango da, Alvaro Ortega sortzailearen uniberso bereziari buruzko atzera begirako erakusketea, pop estetikan oinarritua. Bestetik, Areetako Glass kafetegian eta Erromoko Jai Alai tabernan Jaligrafia eta Fango erakusketez gozau ahal izango dogu. Eta, azkenik, Gobelako kiroldegiko erakusketa-gune barriaren estreinaldian, Bidezko produktuak kontsumitzeko 10 arrazoi erakusketea egongo da, erakusketa kolektibo bat da, estaduko hainbat ilustratzaileren lanak batzen dituana.

Horrezaz gan, argitaletxe eta egileek euren nobedadeak aurkeztuko ditue, azokako leku berezi batean. Areto nagusian, gainera, berbaldiak eta mahai-inguruak izango dira egunero, eta komikiaren munduagaz zerikusia daben film labur eta dokumentalak eskainiko ditue. Azkenik, azokearen harian, Zine-Klub zikloan Neuroworld filma emongo dabe, Borja Crespo zuzendari bizkaitarraren lehen film luzea.

Azokearen ordutegia honako hau izango da: Goizez, 11:00etatik 14:30era. Arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara (domekan, 20:00etara arte).

Getxoko 13. Komiki Azokako egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Osorik irakurri