Hego Koreako Chun-Kyu Parken 'Mould' filmak irabazi dau Zinebi jaialdiko sari nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 21a, 00:00

Euskal Zinemearen Sari Nagusia, Aitor Gutierrezek eskuratu dau, Anomalo lanari esker. Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiak, Zinebik, goizean emon dau ezagutzera aurtengo edizinoko palmaresa. Arratsaldean, Arriaga Antzokian, sariak emoteko ekitaldia izango da eta, bide batez, Alex Angulo aktore hil barriari omenaldia egingo deutsie antolatzaileek.

Zinemearen munduko ezagutza sakona daukien bost adituk osotu dabe Zinebiren 56. ekitaldiko epaimahaia. Jon Sistiaga euskal kazetaria, Ingrid Mwangi artista keniarra, Alberto Garcia Ferrer Iberoamerikako telebista kulturalen idazkaria, Olga Parn zinegile bielorrusiarra eta Carlos Balague zinemagile eta kritikari katalana izan dira epaile. Azkeneko hirurak Bilbon izan dira gaur, palmaresaren barri emoten.

Hego Koreako Chun-kyu Park zuzendariaren lanak harritu egin ditu epaimahaikideak eta goraipatu egin dabe haren Mould filma. Istorioak kontetako modu berezia daukie Hego Koreako zinemagileek, baina oraingo honetan, film labur baten sintetizauta ikusi ahal izan dogu narrazino molde hori, azaldu dau Carlos Balague epaileak. Zinebin aurten maila handiko lanak aurkeztu dirala nabarmendu dabe epaimahaikoek, baina Mould izan da azpimarragarriena eta horri emon deutsie sari nagusia. Zinematografikoki ondo eregitako pelikulea da, pieza guztiak bat datoz, azaldu dau Olga Parnek.

Carlos Balaguek adierazo dauenez, baina, aurtengo sorpresarik atseginena euskal zinemagileen filmakaz hartu dabe. Oso eklektikoa izan da aurtengo parte-hartzea, pelikula bakotxak kontzeptu eta gai diferenteak landu ditu. Halandabe, Zinebin parte hartu daben euskal zinemagileen maila handia nabarmendu arren, aho batez erabagi dabe irabazlea. Aitor Gutierrezek, Anomalo lanagaz irabazi dau Euskal Zinemearen Sari Nagusia. Komedia burutsua da, denpora laburrean biraketa asko daukaz, azaldu dau Balaguek.

Zinebi jaialdiaren 56. edizinoko palmaresean, ondorengo filmak be badagoz: Javier Manciperen Os meninos do rio (Zinema Espainiarraren Sari Nagusia), Alami eta Bakanova danimarkarren Void (Fikzinozko Urrezko Mikeldia) Petros Silvestros britainiarraren Mike (Fikzinozko Zidarrezko Mikeldia), Toma eta Cayo espainiarren Mi vida es cine (Fikzinozko aitamen berezia), Tomek Ducki poloniarraren Laznia (Animazinozko Urrezko Mikeldia), Jossie Malis espainiarraren Bendito Machine V-Pull the trigger (Animazinozko Zidarrezko Mikeldia), Morgan Knibbe herberehetarraren Shipwreck (Dokumentalen Urrezko Mikeldia), Felipe Bustos Sierraren Nae pasaran (Dokumentaleko Zidarrezko Mikeldia) eta Adam Breier kubatarraren Marea (Film Latinoamerikarrik Onena).

Sari banaketa ekitaldia gaur, barikua, iluntzeko 20:00retan, egingo dabe, Bilboko Arriaga antzokian, Unax Ugalde eta Goya Toledo aktoreek aurkeztuta. Sari guztiak banatzeaz ganera, Alex Angulori omenaldia egingo jako eta hil ondorengo Ohorezko Mikeldi Saria emongo deutsie. Anguloren emazteak eta alabeak hartuko dabe sari hori. Euskal zinemagintzea ezin da ulertu Alex Anguloren filmak ezagutu barik, adierazo dau Carlos Balague epaimahaikideak, komediako aktorea izan zan, baina larregizko keinuetara jo barik, neurria topetan jakin izan eban, aktore bikaina izan zan. Bestetik, bihar, arratsaldeko seiretan, aurtengo Zinebi jaialdiko film saritu guztiak proiektauko ditue, Arriagan bertan.

Osorik irakurri