Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak programazino zabala atondu dau Kultur Gabonak ekimenaren barruan. Danetara, ikus-entzule guztiei zuzendutako 135 ikuskizun eta jarduera baino gehiago izango dira, uriko barruti guztietan. Horreen artean antzerkia, kontzertuak, zirku ikuskizunak, zinemea, arte eta argazki erakusketak, ipuin kontalariak, magia eta bestelakoak dagoz. Aste honetan bertan hasiko dira.
Ikuskizun eta jarduera guztietarako sarrerea librea eta dobakoa izango dauen programearen barruan, dagoeneko finkatuta dagozan ekimenak be jasoko dira, gitarrearen inguruan, gitarreak mundu osoan dituan adierazpide eta bariedade guztien eta, oro har, harizko musika tresnen inguruan, sortzen diran musikei buruzko Mila Musika Haria musika zikloa, besteak beste. Kontzertuak zemendiaren 28tik abenduaren 12ra izango dira, Abandoko udaltegian (Barrainkua), arratsaldeko 19:30ean.
Era berean, Bizkaiko Abesbatzen Alkarteagaz alkarlanean antolatutako Gabonetako Abesbatza Kontzertu klasikoak be eskaintza zabal horretan sartzen dira. Abenduaren 11tik 27ra, musika zaleek San Inazio, Deustua, Castaños, Otxarkoaga, Abusu, Zazpi Kaleak, Abando, Errekalde, Santutxu eta Basurtu auzoetan gozau ahal izango dabe kontzertu horreekaz. Azpimarratu behar da, gainera, horreen osogarri lez, abenduaren 9tik 12ra, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako udaltegian, Nagusientzako Abesbatzen X. Astea ospatuko dala, hamabi abesbatzen partaidetzeagaz. Horrezaz gan, Abusu eta Masustegi lako beste auzo batzuetan be beste abesbatza kontzertu batzuk egongo dira.
Beste alde batetik, Otxarkoaga auzoak, Justo eta Pastor Santuen Belenen Alkarteak antolatutako Belenen eta Dioramen erakusketea be jasoko dau. Erakusketa hori 2014ko abenduaren 15etik urtarrilaren 5era bitartean ikusi ahal izango da, auzoko udaltegiko Erakusketa Aretoan.
Eta erakusketakaz jarraituz, pinturea eta argazkigintzea, Expodistriton, udaltegietako erakusketa zikloan, egongo dira. Egunotan Castañosen, San Frantziskon, Zazpi Kaleetan, Abandon eta Errekalden egongo dira jarduerak. Bertan ikus daitekezan erakusketak Cartografía de los recuerdos, ¡Ni una más!, La vida en color edo De San Anton a Arriluze dira, besteak beste.
Ikus-entzule guztientzat
Arte eszenikoak dira Kultur Gabonak ekimeneko programazinoan presentzia garrantzitsua dauen beste diziplinetako bat. Holan, Otxarkoagako Udaltegiak, Nagusientzako XIII. Antzerki Astea ospatuko dau abenduaren 15etik 19ra. Emonaldiak arratsaldeko 19:30ean izango dira.
Bilboko Zirkuituak be aurrera jarraitzen dau, eta sortzaile barrien lanak ekarriko ditu Castañosera, Otxarkoagara, San Frantziskora eta Basurtura.
Ikus-entzule gazteenek be euren lekua izango dabe, eta hainbat auzotan izango dituen magia edo ipuin kontalari ikuskizunez gan, Errekalde auzoak Pirinioetako Zirkua zikloa jasoko dau abenduaren 17tik 30era. Bost emonaldi izango dira Errekaldeko udaltegian eta plazan, eta lanak gaztelaniaz eta euskeraz eskainiko dira.
Ganera, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Parrapean-Komiki Egunak programa barria jarri dau martxan. Programa hori zemendiaren 27tik 29ra eskainiko da Begoñako udaltegian, eta bertan, euskeraz eta gitxiagotutako beste hizkuntza batzuetan egindako komikiari buruzko tailerrak, berbaldiak, erakusketak eta bestelakoak izango dira.
Kontuak kontu, zinemea, poesia, berbaldiak, tailerrak, kontzertuak, kalejirak, bertsolariak, erromeriak… ikus-entzule guztiei zuzendutako 135 jarduera izango doguz Bilboko auzoetako udaltegietan, eleizetan, eraikin berezietan eta liburutegietan, baita kaleetan be.