Parrapean Komiki Egunak antolatu ditu Bilboko Udalak, euskerazko komikigintzan egiten dan lana erakusteko. Zemendiaren 27tik 29ra, erakusketak, azokea, tailerrak eta berbaldiak egongo dira Begoñako barrutiko udaltegian eta Santutxu auzoko hainbat gunetan. Ganera, Joseph Caminori Parrapean Saria emongo deutsie, aintzindari lana egiteagaitik. Beste irudigile batzuek be parte hartuko dabe jardunaldietan. Galizia eta Okzitania izango dira herrialde konbidaduak.
Lehenengo aldiz antolatu dau Bilboko Udalak Parrapean ekimena, hutsune bat beteteko asmoz. Euskeraz egiten dan komikigintzeari balioa emon nahi izan deutsagu eta herritarren artean ezagutarazo, azaldu dau Justo Ezenarro Udaleko kultur arduradunak. Oraintsu, Getxoko Komiki Azokea egin da, baina han mundu osoko produkzinoa batzen da. Getxokoaren eta Durangoko Azokearen artean programau dogu geurea, bien arteko zubilana egiteko asmoz, azaldu dau Justo Ezenarrok. Getxon, Iruñean, Baionan eta abar komiki azoka handiak egiten dira, baina euskera hutsezkorik ez dago eta, horregaitik, gu ahaleginduko gara euskeraz egindako produkzinoaren ahalik eta ordezkaritzarik zabalena ekarten, ganeratu dau Adur Larrea irudigile eta antolatzaileak.
Zapatuan, hilak 29, Parrapean komiki egunetako sari banaketea izango da, Begoñako udaltegian, Txurdinaga auzoan. Alde batetik, Joseph Caminori emongo deutsie saria, 60ko hamarkadan Pan-pin komikia bultzatu ebalako. Euskerazko produkzinorako sasoi latza zan ha eta, halandabe, Caminok aintzindari lana egin eban. Euskal komikigintzearen aintzindariei balioa emon nahi deutsegu eta horregaitik sortu dogu Parrapean saria, zehaztu dau Ezenarrok. Bestetik, 14 eta 17 urte bitarteko komiki lehiaketea be eratu dabe eta zapatuan bertan emongo dabe irabazlearen barri. Zazpi lan aurkeztu dira, gehienak Bilboaldekoak, baina bada Arrasatetik bialdutako komiki bat be. Ez dira asko aurkeztu, baina kalidade onekoak dira, esan dau Adur Larreak. Irabazlearen lana, Berton auzo-aldizkarian argitaratuko da.
Aurtengo herrialde konbidaduak Okzitania eta Galizia dira, beste hizkuntza gitxituetan egiten dan beharra erakutsi nahi dabelako. Holan, Manuel Craneo Galiziako irudigilearen parte-hartzeagaz, berbaldia egongo da eguenean, 19:30ean, Begoñako udaltegian, Ion Iñaki Artetxek gidatua. Hizkuntza gitxituetako komikigintzea aztertuko dabe. Era berean, barikuan (18:30), Jean-Claude Pertuze Okzitaniako komikigilearen berbaldia egongo da.
Bertoko irudigileek be parte hartuko dabe. Esate baterako, Aitor Txarterinak kamishibai ikastaroa emongo dau 10 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat barikuan eta zapatuan eta, 15 urtetik gorakoentzat, Graphic recording tailerra gidatuko dau Pernan Goñik zapatuan. Helduentzat, fanzineen ganeko jakingarriak emongo ditue Santutxuko Lanbroa tabernan, barikuan. Dani Fano, Asisko Urmeneta, Igor Leturia, Zaldi Eroa eta abar be konbidau ditue.
Bestetik, Parrapean martxan dagoan artean, erakusketea egongo da Begoñako udaltegian. 20 paneletan, euskal komikigintzearen historia batuko dabe, 1894tik 1904ra. Igazko Zinebi jaialdiko eta Nontzefilmak lehiaketako animazinozko filmak be proiektauko ditue eta barikuan eta zapatuan euskal komikien azokea egongo da. Fanzineak, komikiak, argitaletxeak eta euskeraz produziduten daben eragileak izango dira azokan, danetarik egongo da ikusgai eta salgai, adierazo dau Adur Larreak. Unai Iturriagak eta Alex San Vicentek sortutako HB komiki barriaren aurkezpena be izango da. Durangoko Azokan erakutsi baino lehen helduko da Bilbora, Justo Ezenarrok nabarmendu dauenez, primizia izango da. Amaitzeko, zapatu iluntzean, Santutxuko La Nube tabernan, Zazkel taldearen kontzertua antolatu dabe. Musikea joten dagoan artean, irudigile batzuek kontzertuagaz lotutako marrazkiak egingo ditue han bertan.