Hemeretzigarren edizinoa 2015ean egingo dabe, martiaren 19tik 29ra, Urepeletik Bilbora. Oraingo honetan, Durangoko Azokea omenduko dau Korrikak: Herri honek auzolanean eta alkarlanean gauza asko egin ditu. Duda barik, horreetako bat da Durangoko Azokea. Azokeak ia 50 urteko ibilbidea dauka, 2015ean, 19. Korrika egingo dan urtean beteko dau mende erdia.
Nerea Mujika Gerediagako burua pozarren agertu da omenaldiagaz: Korrikaren partetik omenduak izateak esanahi berezia dauka guretzat. Bardinen arteko adiskidetasuna dalako, biak eregi dira auzolanean eta borondatezko lan handiagaz. Bi proiektuok bideari ekin geuntsanean, ez genkian aurrera zenbat kilometro egingo genduzan, ezta atzetik zenbat jente alkartuko jakun be. Baina martxan dagoan herria da gurea, eta atzera begiratzen badogu, ibilian pasautako aldatza, lautadea, bidezidor estu eta etorbide zabalak ikusiko doguz. Helmuga jakinik bako bidea da gurea, baina lekukoa eroateko prest dagoan euskalakaririk eta kulturakaririk ez jaku faltako.
Arratsaldez, barriz, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian Korrika 19ren erropa-desfilea eta aurtengo kantua eta bideoklipa aurkeztu zituen: Denok Korrikara; kantua ez da aurreko edizinoetan entzun doguna lakoa, izan be, Oskorri musika-taldearen musikea eta Gabriel Aresti poeta bilbotarraren berbak dituan Sautrela kantuan dago oinarrituta.
Ez da ohikoa, taldea bera be ez dalako ohikoa: berariaz Korrika 19ko kantua egiteko alkartu dan taldea da aurtengoa. Taldean dagoz, beste hainbaten artean, AEK-ko eta Korrikako kideak, danak be musika munduan ezagunak diranak.