Ataramiñeren 2014ko uztea kalean dago

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 28a, 00:00

Aurten, hiru lan argitaratu ditu Ataramiñe alkarteak, Ataramiñe14 talde-liburua, Nelson Mandelaren Urte ilunak lana, Ekaitz Sirventek euskeratua, eta Ibon Muñoaren Ainarak herrira itzuliko dira olerki liburua. Beste urte batzuetako uztekaz batera, alkartearen saltokian izango dira, Durangoko Azokan. Laster, ganera, Ataramiñek harpidetza kanpainea hasiko dau.

Errondabide kultur alkartean egin dabe lanon aurkezpena, han izan dira Ataramiñeko Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez, eta Ekaitz Sirventi itzulpenean lagundu deutson Jon Benito idazlea.

Ataramiñe14. Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak liburu kolektiboa dala nabarmendu dau Sarasketak, izan be hogei egileren lanak batzen ditu, poemak, bertsoak, marrazkiak eta irudiak. Tartean, Jesus Mari Zalakain tolosarraren berbaurrea. Gogoratu nahi dot -esan dau Sarasketak- 'Egin' egunkariko administrazino batzordeko kide izateagaitik dagoala preso. Arkaitz Bellon, otsailean Puerto I kartzelan hildako preso elorriarra, hainbat testutan oso presente dagoala be azpimarratu dau.

Gogoeta politikoak, kartzelako burrukea, erotismoa, fantasia... gai ugari ditue testuek. Amaierakoa berezia da, 1983ko maiatzean Carabancheleko kartzelan matxinatutako euskal presoen kronikea azaltzen dau, Carabanchelgo motina bertsotan. Joseba Txomin Eizagirre eta Joseba Sarrionandia dira egileak. Argia aldizkariak argitaratu zituan orduan. Azalean, Joseba Arregi Erostarberen marrazkia agiri da.

1995ean argitaratu, baina 1974an idatzitako Nelson Mandelaren Long Walk to Freedom liburuko atal baten itzulpena da Urte ilunak, hain zuzen be, Robben island: The Dark Years-ena. Sasoi baten bahitu politikoa izan zan Nelson Mandela, Ekaitz Sirvent lez, momentu honetan bera be 'mandela' bat da. Beste 'mandela' batzuk be badagoz, Euskal Herrikoak, Korsikakoak..., azaldu dau Benitok. Kartzelan zelan biziraun, eta han zagozala norbere ideei zelan eutsi, horren ganeko gogoetea egiten dau Mandelak liburuan. Ekaitz be antzerako egoeran dago. Kartzelako kronikea da, baina Hegoafrikako bere sasoiko kronika politikoa be bada.

Itzulpena egiteko, eta zuzentzeko, izandako trabak gogoratu ditu Benitok. Itzultzaile batentzat hiztegirik eskura ez izatea pentsaezina da, baina kartzelan holan da, esan dau. Azken-azken zuzenketak ezin izan zituen egin, 56 egunean isolatuta egon zan-eta preso zarauztarra, eta udan kartzelaz aldatu eben, ganera.

Bagilean aurkeztu eben eibarren, jaioterrian, Ibon Muñoaren Ainarak herrira itzuliko dira poema eta bertso liburua. 2011tik 2013ra bitartean Puerto I kartzelan idatzitako testuak dira, kronologiaren arabera ordenauta. Orain urte bi argitaratutako Ametsen txokoan bizi naiz beharraren  jarraipena da.

Harpidetza sistemea martxan ipinteko asmoz dabil Ataramiñe. Durangoko Azokan, alkartearen saltokian bertan izena emoteko aukerea izango da, eta ostean, webgunean, www.literaturakoadernoak.org helbidean. Alde batetik proiektua ekonomikoki bideratzeko, eta batetik banaketea errazteko erabagi dogu harpidetzea egitea, heltzen ez garan lekuetara heltzeko, argiu dau Sarasketak.

Ataramiñe alkartea euskal preso, igeslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzeaz arduratzen da. 2002. urtean sortu zan, eta ordutik urtero liburu edo bildumak argitaratzen ditu.

Osorik irakurri