Euskaltzaindiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmenari esker, lekeitiarraren obra oparoa ordenagailutik konsultau eta aztertu ahal izango da laster. Jakin Taldeak urte bi daroaz dagoeneko zeregin horretan eta, Joan Mari Torrealdaik azaldu dauenez, lana erritmo onean doa. Beraz, 2015ean eskuragarri izango da ikerlari eta zale guztientzat.
Resurreccion Maria Azkuek (Lekeitio 1864, Bilbo 1951) era askotako idazlanak itxi zituan. Joan Mari Torrealdaik emondako datuaren arauera, 713 artikulu idatzi zituan, 85 liburu, 29 liburu zatitan parte hartu eban, 11 itzulpen daukaz eta 57 pieza musikal inprimidu zituan. Izan be, idazle, kazetari, ikerlari, musika-konpositore, folkloreko gaien biltzaile, irakasle eta euskaltzainburu izan zan, besteak beste. Horreek datuek emoten dabe Jakin Taldea egiten dabilen beharraren neurria. Azkueren lanaren neurria sekulakoa da, adierazo dau Torrealdaik. Halandabe, aurrikusitako epean egiten dabiltza digitalizazinoa, lan neketsua dan arren. Argitaratutako lanak batzen dabilz, Azkueren artxibo zabala albo batera itxita.
Azkueren idazlanak digitalizauta egotea funtsezkoa da Torrealdairen ustez, haren lan asko eskuragatx dagoz, batzuk deskatalogauta edo adituen eskuetatik urrun. Andres Urrutia euskaltzainburuaren arabera, Azkue oinarrizkoa da, personaia garrantzitsua da euskal kulturan, belaunaldi gazteek ezagutu egin behar dabe haren ondarea. Gaur eguneko ikerlarien ohiturak ezagututa, ezinbestekoa da digitalizazinorako pausua egitea, jentaurrean ipinteko modurik egokiena da. Torrealdai bat dator horregaz: Gaur egun, holako autoreen lanetarako irismena ordenagailuari lotuta dago.
Jakin Taldea egiten dabilen lanak ordu asko eta arreta handia eskatzen ditu. Torrealdaik nabarmendu dau, Azkueren lana euskerearen normalizazinoaren aurrekoa dala eta, beraz, grafiarako molde batzuk bereziak dira, berbarako azentudun kontsonanteak. Era berean, euskalki askotako testuak idatzi zituan, baita erderazko testuak be. Hori guztia sistematizau eta sailkatzea neketsua da. Digitalizautako testuak irakurgai ipinten diranean, ikerlariek gaika, tituluaren arabera eta beste erispide askoren bidezko bilaketak egin ahal izango ditue. Asmoa da, euskaltzaleon memoria historikoa batzea, azpimarratu dau Torrealdaik. Lau lan enblematiko daukaz Azkuek: Diccionario vasco-español-francés hiztegia, Cancionero popular vasco kantutegia, Morfología vasca hizkuntzalaritza lana eta Euskalerriaren yakintza folklore bilduma zabala. Azkueren ganerako produkzinoa be, testu luze zein laburrak, digitalizau egingo dabe egitasmo honetan.
Azkueren obreak beste dimensino bat hartuko dau, dino Torrealdaik, pausu kualitatiboa izango da. Lanaren hiru lauren inguru eginda, datorren urterako digitalizazinoa amaituta egoteko helburua bete egingo da seguruenez. Urteko zein hiletan aurkeztuko daben ezin izan dabe aurreratu, baina. Edozelan be, Andres Urrutiak goraipatu egin dau Jakin Taldearen lana, euskerearen ikerkuntzeari ekarriko deutsan onureagaitik. Teknologia barrietan batzen gabilz gure betiko altxorra.