50. urteurrenean, Gobela ikastoleak jasoko dau V. Argia Ereiten saria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 1a, 00:00

Gobela ikastoleak euskerearen gizarte erabilerea babestu, sustatu edo zabaltzeko Getxoko Udalak sustatutako V. Argia Ereiten Saria jasoko dau aurten. Ikastoleak 2015ean bere 50. urteurrena beteko dau eta sariak urte honeetan guztietan euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana goraipatu nahi dau. Urtero legez, Luis Artola artisauak egindako egurrezko eskulturea izango da saria eta hori emoteko ekitaldia datorren martitzenean, abenduaren 2an, 20:00etatik aurrera, izango da Fadura Kiroldegiko batzar aretoan. 

Gobela ikastoleak 1965ean ekin eutsan bere ibilbideari guraso batzuek edade desbardineko 11 neska eta mutilen taldea osotu eta beren heziketea euskeraz izateko lan egiten hasi ziranean, hain zuzen be pedagogia ikuspegitik irakaskuntza barritzailearen bitartez eta aldi berean, euskal kulturea bultzatzeko be, momentu horretan heziketa (materialen falteagaitik), gizarte eta politika mailetan zailtasun handiak izan arren. Areetan ez egoan euskeraz berba egiteko ohiturarik eta zailtasun handiak egozan. Gurasoak ibili ziran irakasleen bila eta etxez etxe umeen bila be. Niri irakasle izateko esan eustienean Magisteritza amaitzen nengoan. Gaztea nintzan, eta urduritasun handia sentidu neban, erantzukizun handia zalako, baina baietz esan neban berehala, gogoratu dau Maria Nieves Andraka, 1969an ikastolan lanean sartu zan eta gaur egun erretirauta dagoan andereñoak.

Etxez etxe ibili eta Erromoko eleizako sotora joan ondoren, 1968an, Gobela kalean txalet bat alokatu eben eta gainera urte horretan legeztatua izatea lortu eben, Gobela ikastolea izenagaz. Presino handia izaten genduan, baina beste alde batetik, gurasoen eta herriaren laguntzino handia izan genduan. Beste herri batzuetan antzeko egoeran egozan beste ikastola batzuekazko alkartasun eta kolaborazino handia egoan, adierazo dau Mari Nieves Andrakak.

1971n, Hezkuntza Erreformeagaz batera EGB indarrean sartu zan. Horren ondorioz, Gobela ikastolea San Nikolas ikastolako eskumenpeko bihurtu zan, 1980ra arte. Gero eta ume gehiago egozan. Horregaitik urte horretan Artaza auzoko eraikin batera joan ziran eta EGB osoa emoten hasi ziran. 1993an, publifikazino prozesuaren ondorioz, etxe horretan banaketatik atera zan Betiko ikastolea geratu zan eta Gobela ikastola publikoa, bi urtez Artaza eskoleagaz instalazinoak konpartidu ondoren, egungo kokalekuan ezarri zan, hau da, Neguriko Goierri kaleko 4 zenbakian.

Gaur egun 2 eta 12 urte bitarteko 208 ume dagoz zentroan, 17 irakasleren gidaritzapean eta jantokiko 12 begiralegaz. Toki ezak oztopatzen dau ikasle gehiago matrikulau ahal izatea, eta egun dagozan gehienak edo ingurukoak edo urteetan zehar bertan ikasi daben ikasleen seme-alabak dira.

Gobela ikastolako ikasleen gurasoen inplikazinoa izan da beti zentroaren ezaugarrietako bat, bai hasierako urte gogorretan zehar zein orain, Carmen Garciak, egungo zuzendariak nabarmendu dauenez. Ni beste zentro batzuetan be izan naiz, baina egia da hona heldu nintzanean gurasoen inplikazinoa eta partaidetzea handia dala konturatu nintzala eta horixe komentetan dogu berton lanean gabilzanok. Esangura horretan, esan behar da Txatxalin gurasoen alkartea arduratuko dala datozen hilebeteotan 50. urteurrena ospatzeko jarduerak antolatzeaz. Informazino gehiago Facebooken topauko dozue Gobela Ikastola 50. urteurrena helbidean.

Osorik irakurri