Lauaxeta Ohorezko Saria sasoi gogorretan sinisten ebena lortzeko lan egin eban taldeari emon jako

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 2a, 12:00

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bezperan, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak 2014ko Lauxeta Sariak banatu ditu Bibon, Foru Jauregian. Aurtengo sarituak lehenengo irratsaioa Bizkaian euskeraz egin eben profesionalak izan dira, Juan Mari Iraolagoitia, Inmaculada Gallastegi, Adolfo Arejita, Angel Mari Unzueta, Jesus Eguzkitza, Pedro Mari Goikoetxea, Jesus Etxezarraga, Maria Pilar Muniozguren eta Sabin Barruetabeña.


Bizkaiko Foru Aldundiak emoten dauen Lauaxeta Saria Bizkaian euskerearen sustapen, zabalkunde eta normalizazinoaren aldeko ahaleginetan nabarmendu diran personei edo taldeei eskerrak emoteko modu bat da, bai eta egin daben lana jentaurrean autortzeko modu bat be.

Lauaxeta sari gehiago be badagoz, poesiari jagokona Joxan Artzerentzat izan da, Heriotzaren ataria dugu bizitza beharragaitik. 35 urtetik beherako olerki arloko sariduna Tractatus lanaren egile Jule Goikoetxeak jaso dau. Ikus-entzunezkoen Lauaxeta Saria Iban Gonzalez Pagaldayrentzat izan da, Goazen gudari danok dokumentalagatik.

Jose Luis Bilbaok Esteban Urkiaga olerkaria gogoratu dau ekitaldian. Lauaxetak guk oso geure bihurtu dogun legadua itxi euskun: nahi dana lortzeko, gure bizitzearen atal bat horretarako erabiltea merezi dauena lortzeko burrukan egite, ahalegina egitea, esan dau .

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak saridun guztiei eskerrak emon deutsiez euskerearen sustapenaren aldeko euren ahalegina eta lanagaitik. Ohorezko Lauaxeta 2014 Sariaren irabazleei  buruz esan dau aintzatespen hau sasoi gogorretan sinisten ebena lortzeko lan egin eben talde bati emon jako. Euskerearen sustapenean eta bultzapenenean egin eben lan. Bizkaian euskeraz egiten zan irratiaren aitzindariak izan ziran bederatzi pertsonako talde bat. 73. urtean barriak, jazoerak, eztabaidak, denpora-pasetako saioak… ekarten euskun taldea, eta euskeraz egiten ebana.

Amaieran, Bilbaok esker ona adierazo deutsie egunero, efemeride edo ospakizun bereziak izan barik, euskerea sustatzen, bultzatzen eta zabaltzen lan egiten daben personei.

Osorik irakurri