Idazle donostiarrak umezaroko sasoiaren kontakizuna jaso dau Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela) liburuan, 1947an hasi eta 1960ra arte. Urte horreen kronikea egin dau, azken batean, baina fikzinozko kronikea.
Urretabizkaiak argi azaltzen dau zein dan bere asmoa: Nire umezaroan kokatutako tresnaz, argazkiak hartu deutsodazt lehenaldiari eta argazki horreekaz kontau nahi dot zelan izan zan hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoan belaunaldia, zelakoa zan bizitzea, sasoi haretan, urte hareetan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zan familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan. Atal nagusi bi ditu liburuak: Notario batek egiaztatuko lukeena eta Argazkiak. Lehenengoan, ingurua eta presonaiak aurkezten ditu egileak, eta bigarrenean, sasoi haretako hainbat kontu azaltzen ditu, esaterako, gorputza, baserria, Franco eta Eleizeari buruzkoak.
2005ean, 3 Mariak nobelea idazten ebilela ama hil zan Urretabizkaiari, eta haren ganeko ohar batzuk idaztea otu jakon. Nobelea amaitu ostean, idatzitakoak berrirakurri, eta bizipenak kontetako gogoa igarri eutson bere buruari. Holan abiau zan proiektu barria.