Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazinoaren Patronatua atzo batu zan, 1994ko abenduaren 21ean Solomon R. Guggenheim Foundation sinatutako kudeaketa hitzarmena barriztuteko asmoz. Hurrengo hogei urteetatako hitzarmena sinatu dabe, eta horren arabera, Bilbo New Yorkez autonomoago izango da hemendik aurrera. Abenduaren 9an berretsiko dabe akordioa, New Yorken.
Batzarrean ondokoak izan ziran: Patronatuaren Presidente Iñigo Urkullu lehendakaria; Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazinoaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Josune Ariztondo Kultura Foru Diputadua; eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen zuzendariak, Richard Armstrong eta Juan Ignacio Vidarte. Horrezaz gan, Fundazinoaren gobernu-organo gorenaren parte diran erakunde eta enpresen ordezkariak be bertan izan ziran.
Jose Luis Bilbaok museoa Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko motor ekonomikoa izan dala adierazo eban, gaur egun be bada eta datozen hamarkadetan be izango da. Guggenheim Bilbao Museoak urtero 300 miloe euro inguruko itzulkin ekonomikoa eragiten dauala nabarmendu eban Bilbaok, eta igaz ia miloe bat bisitari erakarri zituan, horrek ekonomian eta gizartean zeharka sorrarazoten dauen guztiagaz.
Atzo sinatutakoaren arabera, Bilboko museoak autonomia maila handiagoa izango dau eta komisario propio bat. Horreek dira aldaketarik garrantzitsuenak. Ganera, Euskal Herriko ikasleentzako beka programa bat eta bertoko artistentzako egotaldiak egitea adostu dabe. Erakundeek 1.920.000 euro emongo dabe horretarako. Beste alde batetik, Urdaibaiko Guggenheimaren proiektua be jaso da hizarmenean, zeharka bada be.
Hurrengo erakusketak
2015eko arte-programazinoaren proposamenean orientazino estrategiko barria dago: horren arabera, hirugarren pisuko aretoetan, garagarriletik aurrera eta modu erdi-iraunkorrean, Guggenheim Bilbao Bildumako lan esanguratsuenak ikusgai egongo dira. Lanon testuingurua eta Bilduman daben garrantzia azpimarratuko da Guggenheim Bilbao Bildumaren maisulanak izeneko erakusketa horretan.
2015ean be 105 aretoan ziklo barria hasiko da: gaur egungo artista adierazgarrien erakusketa monografikoak ipiniko dira ikusgai bertan. Urriaren erdialdetik aurrera, Alex Katz: This is Now erakusketa egongo da. Aldi baterako hiru erakusketa handi izango dira, ganera: zezeilean, Niki de Saint Phalle atzera begirakoa; bagiletik aurrera, Jeff Koons: atzera begirakoa; eta udagoienean, Making Africa: A Continent of Contemporary Design erakusketea.