Erlearen argizaria eta eztena, Argizaiola sarian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abe. 7a, 00:00

Eguzki femeninoak, ilargia maskulinoak, ezagunak dira, ez da ezinezkoa... Gitxietsiak dira beti, emazteei lotzen diran balioak, diranak dirala, emazteei lotzen jakozalako hain zuzen, Oier Guillanek errezitautako berbak dira, Szenatokian, Noemi Viana animalia mobimentuz jantzan egoan bitartean, bart gaueko Gauean Argi ekitaldian.
 
Metrokoadroka antzerki taldeak atondu dau galea, Argizaiola saria emoteko, aurtengo sarituaren beraren berbak abiapuntu hartuta. Eguzki femeninoak eta ilargi maskulinoak. Anuntxi Arana antropologoak aztertutako kontzeptuak. Bereziki euskal mitologian egindako lana saritu nahi izan deutso Gerediaga Alkarteak, antropologo ekintzailea eta barritzailea, Nerea Mujika presidenteak azpimarratu dauenez. Gure kulturea, iragana eta jentartea biluztu ditu. Eskerrik asko, Anuntxi, ilunean argi egiteagaitik.
 
Argizaiola saria jasotean, Anuntxi Arana pozik eta ohore handiz sentidu da. Oso esanahi berezia dauka hemen Anbotoko Mariren itzalpean mitologia aitatzeak. Bere lanean lagundu dituenak gogoratu ditu, etxekoakandik hasita eta etxean lez sentiarazo dituen guztietaraino, baina guzti-guztien izenak emotea ezinezko jakola autortuta.
 

Erleak eta euskerea
 
Kritikoa eta zorrotza izan da hortik aurrerako diskursoa. Argizaiola ez da bakarrik ederra, pentsatzekoa be bada, gauza guztiak bezela. Mitoak be erabilten diralako pentsetako. Argizaiola emakumeek erabilten zituen tradizinoan, hilei argia ekarteko; eta horretan ikusten dogu sexuen araberako lan-banaketea; ez baitezpada onartzeko, baina beharbada kritiketako, eta errebeindiketako eginkizunetan be bardintasuna nahi dogula.
 
Argizaria erleek egiten dabe, eta erleen garrantzia handia ekarri dau gogora, bai gure planetearen ekologiarako, eta baita kultur tradizinoetan be, kasik etxekotzat hartzeraino. Baina, ez bakarrik euskal kulturan, mundu zabaleko kulturetan baino. Anbotoko andereak barkatuko deust blasfemia, baina mitologian be ez gara hain-hain originalak. Zer dogu guk originala euskaldunok? Hizkuntzea. Euskerea. Eta erleak eztena be badaukan modu berean, euskereari sarri emoten jakon tratua gaitzetsi dau.
 
Batzuek gorroto dabe, eta egin diran gauza apurrak hankaz gorajarten saiatu dira; lortu be bai, batzuetan. Tribunaletara eroan ditue, beti galarazoteko. Badira beste batzuk euskerea maite dabenak, baina, noizean behin baliabideak murrizten deutseez medio batzuei, ez dabelako nahikoa hedapena edo oso erradikalak diralako. Eta azkenak baina ez mendrenak, erradikal batzuek pentsetan dabe nazino proiektuaren alde jente gehiago erakarteko-edo euskerea baztertzailea izan daitekeela, eta emon behar jakola leku erlatibo bat. Eta holan, arnasa estutzen jako euskereari, batzuek gogor, beste batzuek gozo-gozo, baina nik esango neuke soso-soso.
 

Barria asmau behar
 
Gelnst eta Zprist antzerki pertonaiak (Ainhoa Alberdi eta Amaia Corral) adi-adi eduki ditu taula gainean, eta beraiek hartu dabe berbea ostean, absurdotik baina gizarteari kritika egiteko. Eta gure aita, eguzki maskulinoa izan beharrean, ilargi maskulinoa izan balitz, orduan zelakoak izango ginateke gu, Zprist?".
 
Kultur eredurik ez da existidu gaurdaino, emakumea menpekotzat hartu ez dauenik, gizonezkoa gainetik euki ez dauenik, eta lau aktoreek mantra lez errepetidu dabe, galea amaitzeko: barria asmau beharko dogu.

Osorik irakurri